KontsumoBIDE. Kontsumoko Euskal Institutua

euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Bilatu

Pobrezia energetikoa: pertsona kalteberentzako neurriak

Energiarako sarbidea eta hornidura ematen duten zerbitzuez baliatzea ezinbestekoa da bizitza duin bat izateko, hots, oinarrizko beharrak aseta izateko. Baina tarifak etengabe igotzen ari dira, eta horren ondorioz, gero eta kontsumitzaile gehiago dira pobrezia energetikoa nozitzeko arriskuan daudenak.

Kontzeptu horren bidez, batez ere, honako hauek bizi duten egoera definitzen da: diru-sarrera urriak izanik, daukaten diruaren zati handi bat elektrizitate eta gasaren fakturak ordaintzeko erabili behar dutenak edo bazterketa nozitzeko arriskuan daudenak, euren egoera ekonomikoa, soziala edo lanekoa dela-eta. Beste egoera batzuetara ere zabaltzen da: etxebizitzak efizientzia energetikoaren aldetik baldintza objektibo kaskarrak izatea edo baliabide energetikoen prezioa handia izatea.

Eremu energetikoan kalteberak diren pertsonentzat, badira neurri batzuk, euren egoera arintzeko ezarri direnak, oraindik ez baita onartu euren eskubideak bermatuko dituen araudi espezifikorik.

Eremu energetikoan kalteberak diren pertsonek erreferentziako enpresa merkaturatzaileekin kontratatu behar dute euren hornidura elektrikoa, Azken Errekurtsoko Tarifa modalitatean, aukera izan dezaten bonu sozial delakoa baliatzeko, zeinak fakturan %25eko beherapena aplikatzen baitu.

  • Erreferentziako enpresa merkaturatzaileak ministerio eskumendunak baimendutakoak dira, eta behartuta daude elektrizitatea banatzera Administrazioak araututako baldintzetan. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak aukera ematen du bere webgunean erreferentziako enpresa merkaturatzaileak kontsultatzeko.
  • Lau fakturazio-modalitate daude. Pertsona kalteberak eskatu behar du Azken Errekurtsoko Tarifa aplikatzeko, zeinetan sartuta baitago bonu soziala. Horrek % 25eko deskontua dakar, Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa modalitatearen fakturazioan.

Ezinbestekoa da pertsona fisikoa izatea eta hornidura ohiko etxebizitzarako izatea. Hauek eska dezakete:

  • 3 kw baino potentzia txikiagoa kontratatuta izanik, azken Errekurtsoko Tarifa modalitatearen barruan daudenek. Kasu horretan, enpresak zuzenean aplikatuko du deskontua.
  • 60 urtetik gorakoek, baldin eta egiaztatzen badute Gizarte Segurantzako pentsiodunak direla, erretiroa, ezintasun iraunkorra edo alarguntza dela-eta, eta pentsio mota horretarako indarrean dauden gutxieneko zenbatekoak jasotzen badituzte, bai euren kargura ezkontide bat dutela, bai halakorik izan ez eta pertsona bakarreko unitate ekonomiko batean bizi direla. Pentsiodunentzako bonu sozialaren eskabide-eredua (pdf, 166 Kb) bete behar dute.
  • 60 urtetik gorakoek, baldin eta lehengo Zahartzaro eta Baliaezintasuneko Nahitaezko Aseguruaren pentsioen eta kotizaziorik gabeko pentsioen onuradun badira. Pentsiodunentzako bonu sozialaren eskabide-eredua (pdf, 166 Kb) bete behar dute.
  • Familia ugariek. Familia ugarientzako bonu sozialaren eskabide-eredua (pdf, 165 Kb) aurkeztu behar dute.
  • Egiaztatzen dutenek familia unitatean lan egiteko adinean dauden kide guztiak langabezian daudela. Langabeentzako bonu sozialaren eskabide-eredua (pdf, 166 Kb) bete behar dute.

 

Eskabideak eta dokumentuak:

  • Banatzailearen bulegoetan aurkeztu ahal izango dira, eta hortik azken errekurtsoko enpresa merkaturatzailera bidaliko dira.
  • Azken errekurtsoko enpresa merkaturatzaileak fakturan edo bere webgunean adierazten duen faxera edo helbide elektronikora bidali ahal izango dira.
  • Eskutitzez bidali ahal izango dira azken errekurtsoko enpresa merkaturatzaileak fakturan edo bere webgunean adierazten duen posta-helbidera.

Dena behar bezala badago, deskontua aplikatuko da hurrengo fakturan, betiere, enpresak faktura egin baino gutxienez 15 egun lehenago jasotzen badu dokumentazioa. Bestela, hurrengo fakturan egingo da deskontua.

Ez badituzu betetzen bonu soziala baliatzeko baldintzak, zure fakturak txikiagotzen saia zaitezke, energia-eskaintzen konparatzailearen bidez, zeina Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren webgunean argitaratuta baitago.

Tresna horren bidez, zerrenda bat eskura dezakezu, urtebetean zure udalerrian operatzen duten enpresei ordainduko zeniekeenaren berri emango dizuna, betiere, zure kontsumo-ohituren eta kontratu motaren arabera. Horretarako, honako hauek adierazi behar dituzu: hornidura-mota, kontratatutako potentzia, urteko kontsumoa eta posta-kodea.

 

Energiaren arloan kalteberak direnak beren udalerriko gizarte-zerbitzuetara jo dezakete, bizi duten egoeraren arabera zer laguntza mota jaso dezaketen jakiteko. Eusko Jaurlaritzak baliabide ekonomikoak eskaintzen ditu, hainbat laguntza-lerroren bitartez:

  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE): prestazio ekonomiko bat da, aldizkakoa, nahikoa diru-sarrera ez dutenei ematen zaiena, gastuak ordain ditzaten: bai oinarrizko beharrekin lotutako gastuak, bai gizarteratze eta/edo laneratze prozesu baten ondoriozkoak.
  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL): prestazio ekonomiko bat da, aldizkakoa ez dena, baliabide gutxi dituztenei eskaintzen zaiena, ohiko zein aparteko gastu espezifikoei aurre egiteko, eta, hartara, gizarte-bazterkeriako egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko. Diru-laguntzaren izaera du, hau da, aurrekontu baten arabera ematen den laguntza bat da, eta, horretaz gain, helburu jakin baterako ematen da, hau da, laguntza zertarako eskatu den, horretarako erabili behar da. GLLen tramitazioa udalei dagokie.
    GLLen araudian, 2017ko urtarrilera arte, laguntza-lerro bat zegoen ohiko etxebizitza- edo bizitoki-gastuen partidaren barruan, honako hauen guztien fakturak oro har ordaintzen laguntzeko: energia, ura, estolderia, zaborra eta hiri- zein landa-eremuko ondasun higiezinen gaineko zergak. Baina gizarte larrialdietarako laguntzei buruzko Dekretua aldatu zuen urtarrilaren 17ko 16/2017 Dekretuan, berariaz ezarri da gastu hauetarako laguntza-lerro bat: “Energia-gastuak, elektrizitate-, gas- edo etxerako beste erregai-horniketa batzuek eraginak”.
  • Hitzarmena, Gurutze Gorriarekin: Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak pobrezia energetikoari aurre egiteko hitzarmen bat izenpetuta dauka Gurutze Gorriarekin, GLLak edo DSBEa jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten familiei zuzenduta dagoena. Entitate horren bidez, laguntzak jaso ditzakete argiaren, uraren eta gasaren fakturak.

Prestazio horietaz gain, elkarte eta ONG zenbaitek programa batzuk kudeatzen dituzte pobrezia energetikoaren eragina murrizteko.

Azken aldaketako data: 2017/03/01
Euskadi, auzolana