Kontsumobide

Ehunak, oinetakoak eta osagarriak

Ehunak, oinetakoak eta osagarriak fabrikatu, inportatu eta merkaturatzen dituzten enpresak derrigortuta daude etiketatzeari dagozkion indarreko arauak betetzera. 

Etiketek nahitaez nolako informazioa eman behar duten ehun-produktuaren araberakoa da, baina, hala ere, beti egon behar du argi identifikatua, eta hauek jaso behar ditu:

  • Fabrikatzailearen izena edo enpresa-izen ofiziala, eta helbidea.
  • Enpresa inportatzailearen identifikazio fiskalerako zenbakia, EBkoak ez diren herrialdeetatik inportatutako ehun-produktuen kasuan.
  • Produktuaren konposizioa.

Jantzigintzako produktuetan eta puntuzko produktuetan -galtzetin eta galtzerdietan izan ezik- etiketaren materialak erresistentea izan behar du, eta, ahal dela, ehunezkoa; gainera, jantziari josita edo itsatsita egon behar du.

Ehunen osagaiak etiketan jartzea

Ehunetako etiketak: Zuntzen ikurrakEhunetako etiketak: zuntzen ikurrak
  • Zuntz bakarreko ehunak: Ehunezko jantzi baten konposizioan zuntz bakarreko ehuna dagoenean, % 100 garbi ageri beharko du, eta, ondoren, zer zuntz-mota den. Adibidez, % 100 artile garbi birjina.
  • Zuntz bat baino gehiago dituzten ehunak, zuntzetako batek totalaren % 85 hartzen badu gutxienez. Hiru izendapen-aukera daude:
    • Zuntzaren izena eta pisuan duen ehunekoa. Adibidez: % 90 kotoia.
    • Zuntzaren izena eta izendapen hau: % 85 gutxienez.
    • Produktuaren osagai guztien ehunekoak zerrendatuta, handitik txikira. Adibidez: % 85 kotoia, % 15 lycra.
  • Zuntz bat baino gehiago dituzten ehunak, zuntz batek ere ez badu osatzen % 85. Ehuneko handiena duten zuntz biak aipatuko dira, eta, segidan, gainerako guztiak, ehuneko handienetik txikienera ordenatuta. Zuntz guztiek baldin badute konposizioaren % 10 baino gutxiago, izendapen hau jarri ahal izango da: beste zuntz batzuk eta, ondoren, denen arteko ehunekoa.
Ehunetako etiketak: Informazio erabilgarriaren ikurrakEhunetako etiketak: Informazio erabilgarriaren ikurrak

Kasu askotan, etiketetan zenbait datu agertzen dira, derrigorrezkoak izan ez arren, produktuari buruzko eta haren kontserbazioari buruzko informazio erabilgarria eskaintzen dutenak.




 

Oinetakoetako etiketak: ikurrakOinetakoetako etiketak: ikurrak

Oinetakoetako etiketetan:

  • Oinetakoaren zati guztien fabrikazioan erabilitako materialen informazioa jaso behar da: oinbularrarena, forruarena, barne-zolarena eta zolarena.
  • Agerian egon behar du eta oinetako-pare bakoitzeko oinetako batean gutxienez egon behar du.
  • Oinetako-zati bakoitzaren konposizioaren % 80 gutxienez duen materiala aipatu behar da etiketan. Ez badago gutxienez % 80ra iristen den materialik, nagusi diren bi materialei buruzko informazioa jaso behar da.
  • Informazioa letren bidez, piktogramen bidez edo marrazkien bidez adieraz daiteke.




 

Larruzko osagarriek eta bidaietarako produktuek beren zehaztapenak dituzte etiketari dagokionez.

Larruzko osagarrien eta bidaietarako produktuen artean, gai hauek ditugu:

  • Bidaietarako gaiak eta poltsak, kiroletakoak barne.
  • Tankera honetako gaiak, erabat edo zati batean larruz edo larruaren ordezko materialez eginda badaude:
    • Gerrikoak eta uhalak.
    • Diru-zorroak, billete-zorroak, tabako-zorroak, petakak eta halako erabileretarako gaiak.
    • Dokumentuetarako paper-zorroak eta eskolarako maletak.
    • Kutxak, estutxeak eta azalak.
    • Larruzko oroigarri, opari eta apaingarriak.
    • Beste larruki batzuk: larruz edo larruaren ordezko materialez egindako giltzatakoak, apaingarriak,albumak edo antzekoak.
    • Idazmahairako gaiak edo paper-gauzetarakoak.
    • Uhalak eta hipikako produktuak.

Etiketan agertu beharreko informazioa

  • Fabrikatzailearen izena edo enpresa-izen ofiziala.
  • Fabrikatzailearen erregistro industrialaren zenbakia edo, hala badagokio, artisautza-erregistroaren zenbakia, Espainian egindako produktuen kasuan.
  • Enpresa inportatzailearen izena edo enpresa-izen ofiziala eta helbidea jaso behar dira, eta haren identifikazio fiskalerako zenbakia, Europako Batasunekoak ez diren herrialdeetatik datozen produktuen kasuan.
  • Produktuaren osagaiak. Produktuak zati bereizgarririk badu, zati nagusi horien aipamena: kanpoko zatia, barruko zatia edo forrua, eta armazoia edo elementu erresistentea. Materialak aipatzeko, honako izendapen hauek erabili behar dira: larrua, ehuna, sintetikoa, zura, kortxoa, kartoia eta metala.
  • Kanpoko zatian:
    • Oinarriaren konposizioa eta osagarriena zehaztu behar da: heldulekuena, ertzena...
    • Materiala larrua denean, dagokion animalia-espeziearen izena aipatu behar da.
  • Zati metalikoen kasuan:
    • Estaldurak duen metal-mota zehaztu behar da.
    • Metal preziatuak erabiliz gero, lodiera eta legea aipatu behar dira.
  • Gaia fakturetan identifikatzeko balioko duen erreferentzia bat; produktuaren barruan edo kanpoan markatutakoarekin bat etorri behar du.

Etiketa ipintzea

Etiketak hari erresistente batez egon behar du gaiari josita edo hari itsatsita. Prozedura horrek produktua honda badezake, informazioak produktuaren barruan joan behar du. Edonola ere, informazioak beti egon behar du agerian, kontsumitzaileak erosteko unean ikusteko moduan.

Produktua oso txikia bada eta ezin bazaio etiketarik jarri, dagokion faktura erakutsi beharko dizute produktuari buruzko informazioa eskatzen baduzu, han egon behar baitu konposizioak aipatuta.

Etiketan nahitaez aipatu beharreko informazio guztia idazteko, karaktere garbiak, ikusteko modukoak, ezabaezinak eta irakurgarriak erabili behar dira. 

 

Informa zaitez erosi baino lehen, arazorik ez izateko. Gogora ezazu etiketa dela informazio jasotzeko elementu garrantzitsuena. Komeni da gomendio orokor hauek kontuan izatea:

  • Erosi etiketatuta datozen produktuak, etiketa segurtasun-garantia bat baita.
  • Etiketa aurkitzen ez baduzu, ondo itsatsita ez egoteagatik edo norbaitek kendu izateagatik, komeni da beste produktu berdin batzuek baduten ikustea, eta etiketa duen bat erostea.
  • Etiketa bat ondo irakurri ezin baduzu edo zer dioen ulertzen ez baduzu, galdetu establezimenduan.
  • Gogoratu etiketak parametro objektiboak eskaintzen dituela. Gama bereko bi produktu konparatu nahi baduzu, erosteko erabakia jakinaren gainean egonda hartzeko aukera ematen du etiketak.
  • Gorde etiketa produktuaren bizi-ziklo osoan, baliteke eta erosi ondoren behar izatea. Gorde, halaber, ordainagiriak eta produktuarekin erlazionatutako beste edozein agiri, hala nola publizitate-liburuxkak.

 

 

- 1007/2011 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2011ko irailaren 27koa, ehun-zuntzen izenei eta ehungintzako produktuen etiketatze eta horien zuntz-osaera markatzeari buruzkoa. [es]

- 928/1987 Errege Dekretua, 1987ko ekainaren 5ekoa, ehun-produktuen konposizioa etiketetan jartzeari buruzkoa. [es]

1718/1995 Errege Dekretua, 1995eko urriaren 27koa, oinetakoen osagai nagusietan erabilitako materialak etiketetan aipatzeari buruzkoa. [es]

- 769/1984 Errege Dekretua, 1984ko otsailaren 8koa, larrugintzako manufakturen fabrikazioan, zirkulazioan eta salerosketan larruaren eta larrugintzarako ondutako larruaren izendapenak arautzeari buruzkoa. [es]

- 1990eko otsailaren 15eko Agindua, larruzko gaien, bidaietarako gaien eta hipikako gaien etiketetan jarri beharreko informazioa arautzeari buruzkoa. [es]

 

Liburuxkak

Babestu zure begiak eguzkitako bataurreko egokiekin (2016)

Liburuxka deskargatu (pdf, 838 kB)

Bideoak

Erlazionatutako estekak

Kontsumobideren bloga

Azken aldaketako data: