Kontsumobide

Elikadura: etiketak

Elikagaien kontsumoaren arloan, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak etiketatzearen eremuan bakarrik du eskumena. Etiketa jartzea nahitaezkoa da transformatu gabe azken kontsumitzailearentzat ematekoak diren elikagaietan. Etiketa jarri behar zaie, era berean, jatetxe, ospitale, jantoki eta antzekoetarako elikagaiei.

Etiketa ontzian egon behar da, eta ez dio nahasbiderik eragin behar kontsumitzaileari. Etiketan ezin da jarri produktuak propietate berezi edo paregaberen bat duela, baldin eta mota horretako produktu guztiek baldin badute. Produktuaren ezaugarrien datuak, jatorria, osagaiak, nola lortu den eta iraungitze-data argi eta irakurtzeko moduan ageriko dira. 

Elikagaien segurtasunari buruzko informazioa nahi baduzu, kontsulta dezakezu Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren webgunea eta elikadura osasungarriaren aldeko ekimenak ezagutu nahi badituzu, sar zaitezke Eusko Jaurlaritzako Osasuna Sailaren webgunean.

Hona hemen elikagaien etiketan jaso behar diren elementurik garrantzitsuenetako batzuk:

  • Produktuaren salmenta-izen ofiziala.
  • Osagaiak eta produktuan duten pisua, handienetik txikienera.
  • Gutxienez noiz arte irauten duten edo iraungipen-data, produktu oso galkorren kasuan.
  • Pisua edo eduki garbia ontziratutako produkturik gehienetan.
  • Produktua kontserbatzeko eta tratatzeko baldintza bereziak.
  • Produktuaren jatorri-herrialdea, Europar Batasunetik kanpokoa denean.
  • Produktua merkaturatzen duen enpresaren identifikazioa.
  • Produktuaren lotearen identifikazioa.
  • Produktu batzuetan, esate baterako, ontziratutako frutaren kasuan, ontziratze-enpresaren erregistro sanitarioko zenbakia.

Argibide horiek guztiak erraz ulertzeko, ikusteko eta irakurtzeko modukoak izango dira. Ezin dira ez estali ez ezkutatu.

Ontzi baten alde nagusia 10 cm2 baino txikiagoa bada, eduki garbia, produktuaren izena eta datak baino ez dira nahitaezkoak izango.

Nutrizio-informazioa (pizza)

Etiketan balio energetikoari buruz (kaloriak) eta mantenugaiei buruz (proteinak, karbono-hidratoak, koipeak, zuntza, sodioa, bitaminak eta gatz mineralak) agertzen den informazioa da.

Nutrizio-informazioa derrigorrezkoa da 2016ko abendutik.

Nutrizio-informazioaNutrizio-informarzioaren etiketaren adibideak

Ontziratu gabeko fruta eta barazki freskoak, barne merkatuan kontsumitzaileari saltzekoak, jatorrizko ontzietan edo ontzi horietatik kanpo aurkez daitezke. Ondo ikusteko moduko kartel batean, honako hau agertu behar da:

  • Produktuaren izena.
  • Barietatea.
  • Kategoria komertziala. Berariaz debekatuta dago arauetan ezarrita ez dauden adjektibo kalifikatzaileak erabiltzea.
  • Tamaina.
  • Jendearentzako salmenta-prezioa.
Arrautzen paketean agertu beharreko informazioa

Arrautzen paketean honako informazio hau adieraziko da gutxienez:

  • Ahal dela zein egun baino lehen kontsumitzekoak diren (ee-hh formatua).
  • Kontserbatzeko aholkua (hotzean).
  • Zenbat arrautza dauden.
  • Mota, pisuaren arabera (gramoka). Arrautza freskoek honako sailkapen hau dute pisuaren arabera:
    • XL: Super handiak, 73 gramokoak edo handiagoak.
    • L: Handiak, 63 eta 73 gramo arteko pisua dutenak.
    • M: Ertainak, 53 eta 63 gramo arteko pisua dutenak.
    • S: Txikiak: 53 gramoko pisua dutenak.
  • Kategoria. A da zuzenean gizakiek kontsumitzeko kategoria.
  • Izena. Freskoak ahal dela, erruten direnetik 28 eguneko epean saltzen dira eta estra freskoak erruten direnetik gehienez 9 eguneko epean saltzen dira.
  • Oiloak nola hazten diren.
  • Paketatze enpresaren edo paketatzeko agindu duen enpresaren helbidea.
  • Sailkatze zentroaren kodea. Espainiako zentroen kasuan kodea 1114tik hasten da, eta Osasun eta Kontsumo Ministerioak ematen du.

Gainera, informazio osagarria ere ager daiteke, esate baterako, balio nutrizional eta energetikoaren gaineko informazioa, oiloen elikadura, noiz errun diren...

Arrautzan bertan markatutako kodeen informazioa

Arrautzan bertan markatutako kodeak informazio hau ematen dizu:

  • Arrautzatarako oiloak nola hazten diren:
    • 0: produkzio ekologikoa.
    • 1: larrekoak.
    • 2: lurrekoak.
    • 3: kaioletakoak.
  • Jatorri-herrialdea. ES: Espainia, FR: Frantzia...
  • Ekoizlea. Probintziaren, udalerriaren eta ustiategiaren digituak.

Animalia-espeziearen, adinaren eta kategoriaren arabera sailkatzen da okela. Okelaren ebaketak animaliaren gorputzaren barruan daukan posizioaren araberakoa da kategoria.

Behi-aziendaren okelaren etiketan agertu behar den informazioa desberdina izango da ontziratuta badago edo ontziratuta ez badago.

Ontziratutako okelaren etiketaOntziratu gabeko okelaren etiketa

Behi-okela ontziratua:

  • Piezaren izen komertziala.
  • Animaliaren lotea edo identifikazioa.
  • Zatitzeko gelaren identifikazioa.
  • Hiltegiaren identifikazioa.
  • Albaitariaren ikuskapen-zigilua.
  • Jaiotze-herrialdea.
  • Zein herrialdetan hazi den.
  • Enpresaren identifikazioa.
  • Ahal dela zein egun baino lehen kontsumitu behar den.
  • Eduki garbia.
  • Prezioa kilogramoka eta prezioa guztira.

Ontziratu gabeko behi-okela:

  • Piezaren izen komertziala.
  • Animaliaren identifikazioa.
  • Zatitzeko gelaren identifikazioa.
  • Hiltegiaren identifikazioa.
  • Jatorri-herrialdea.
  • Zein herrialdetan hazi den.
  • Prezioa kilogramoka.

Okela txikituak berariazko etiketa behar du eta, bertan, gainera, honako datu hauek agertu behar dira:

  • Animaliaren edo animalien identifikazio-zenbakia.
  • Animalia zein herrialdetan hil den.
  • Produktua zein herrialdetan prestatu den.
  • Jatorri-herrialdea, baldin eta prestatze-herrialdearekin bat ez badator.

Identifikatu egin behar dira arrantzako eta akuikulturako produktu guztiak, freskoak, hotzean gordeak edo egosiak, produktu freskoetatik edo hotzean gordekoetatik abiatuta lortutakoak, jatorria edozein dela ere. Produktuak etiketa izan beharko du merkaturatze prozesu guztian, hau da, produktuak etiketa izan beharko du merkatuan lehenengoz jartzen denetik edo lehenengoz saltzeko jartzen denetik azken kontsumitzaileraino iritsi arte, baita garraiatzen eta banatzen denean ere.

Etiketak, kartelak edo oholtxoak honako datu hauek jaso beharko ditu ondo irakurtzeko moduan:

  • Espeziearen izen komertziala eta izen zientifikoa. Kontsumitzaileari saltzean, aukerakoa da izen zientifikoa jartzea.
  • Produkzio-metodoa: arrantzatua, ur gezan arrantzatua edo hazia.
  • Zein eremutan harrapatu den:
    • Itsasoan: Ipar-mendebaldeko, ipar-ekialdeko, erdi-mendebaldeko, erdi-ekialdeko, hego-mendebaldeko edo hego-ekialdeko Atlantikoa; Itsaso Baltikoa, Mediterraneoa, Itsaso Beltza, Indiako Ozeanoa, Ozeano Pazifikoa edo Ozeano Antartikoa.
    • Ur gezatan: jatorriko Europar Batasuneko estatu-kidea edo Europar Batasunaz kanpoko herrialdea adieraziko da.
    • Hazkuntzako produktuak: hazkuntzako Europar Batasuneko estatu-kidea edo Europar Batasunaz kanpoko herrialdea adieraziko da (produktuaren azken fasea zein herrialdetan egin den).
  • Tamaina. Piezaren tamaina neurriaren eta pisuaren arabera. 1etik 5erako eskala dago, espezieen arabera. Espezie baten merkaturatzeko gutxieneko tamainatzat edo gutxieneko neurritzat hartzen da pieza batek merkaturatu ahal izateko izan behar duen gutxieneko pisua. Arrantza-espezie jakin batzuetan baino ez da aplikatzen.
  • Freskotasuna eta freskotasun hori zein egunetan zehazten den. Arrantza-espezie batzuetan baino ez da aplikatzen. Etiketan nahitaez azaldu behar diren freskotasuneko lehen kategoria eta data lehenengo salmentan dagozkionak izango dira. Freskotasun-baldintzak aldatzen badira, etiketan jarri behar da. Freskotasuna hiru kategoriatan banatzen da: E (estra), A edo B.
  • Produktua aurkezteko modua, prestatzeko modua edo egoste-tratamendua, alegia:
    • Tripg: tripak kenduta.
    • Bk: buruarekin.
    • Bg: burua kenduta.
    • Xr: xerratan.
    • Eg: egosita.
    • Bestelakoetan, prestaketaren izen osoa agertu beharko da.
  • Bidaltzailea, baimen ofizialaren zenbakia eta egoitza, jatorria Europar Batasunean duten produktuen kasuan. Beste herrialde batekoak badira, bidaltzailearen izena edo helbidea eta bidalketa- eta sailkatze-data. Espeditorea lehenbiziko salmenta egiten duena da.
  • Prezioa kilogramoka.
  • Ontziratutako produktuak izanez gero, honako hauek ere agertu beharko dira: espeziearen izen zientifikoa, pisu garbia, ontziratze-data, iraungitze-data eta guztirako prezioa.

Lehenbiziko salmentarako bildu gabe edo ontziratu gabe aurkezten diren arrain-espezieen kasuan, etiketatzetzat joko da, indarrean dagoen legediari jarraituz, espezie horrekin batera joan behar duen agirian jaso beharreko datu guztien aipamena. Etiketa horrek ontzian edo bilgarrian joan beharko du, eta produktuarekin batera joan beharko du merkaturatze-fase guztietan, lehenbiziko salmenta edo merkaturatzetik hasi eta azken kontsumitzailearengana iritsi arte, garraioa eta banaketa ere tartean direla.

Azken kontsumitzaileari saltzeko orduan hari informazioa emateko da etiketa; hala bada, guztiz agerian ez dagoenean, produktua saltokian erakusgai dagoen lekuan oholtxo bat edo txartel bat ezarriko da. Honako espezifikazio hauek eduki behar ditu gutxienez: jatorrizko herrialdea, tamaina, freskotasun-kategoria, merkataritzako izena, nola lortu den, aurkezteko modua eta tratamendua.

Txikizkako merkatariek ontziratutako produktuek, ontziratze-egunean bertan halaxe ontziraturik aurkezten badira berehala saltzeko, baldintza horiek guztiak bete behar dituzte, etiketaren gutxieneko tamainari dagokiona izan ezik, ontzi bakoitza nolakoa, haren arabera izan behar baitu, egokia.

Salmentarako izenaz gain, informazio hau agertu behar da argi eta ezin ezabatzeko moduan:

  • Oliba-olio birjina estra: Kategoria goreneko oliba-olioa, zuzen-zuzenean olibetatik aterea, prozedura mekanikoen bidez bakar-bakarrik.
  • Oliba-olio birjina: Zuzen-zuzenean olibetatik aterea, prozedura mekanikoen bidez bakar-bakarrik.
  • Oliba-olioa: Olio honek fintzeko tratamendua eman zaien oliba-olioak eta zuzen-zuzenean olibetatik ateratako olioak besterik ez du.
  • Oliba-patsaren olioa: Olio honek oliba-olioa atera ondorengo produktua tratatzetik datozen olioak eta zuzen-zuzenean olibetatik ateratako oliotik datozenak besterik ez du edo olio honek oliba-patsa tratatzetik datozen olioak eta zuzen-zuzenean olibetatik ateratako olioetatik datozen olioak besterik ez du.

Jatorria kasu hauetan bakarrik izenda daiteke izen geografikoarekin: olioa oliba-olio birjina denean edo olioa oliba-olio birjin estra denean.

  • Izendapena eskualde-mailakoa izan daiteke jatorri-deitura duten produktuetan edo adierazpen geografiko babestua duten produktuetan.
  • Izendapenak estatu kide bat, Europar Erkidegoa bera edo Europar Erkidegoaz kanpoko herrialde bat adieraziko du gainerako kasuetan.

Beste etiketa batzuk aurki ditzakezu:

Eusko label
  • Eusko Label: Euskal Autonomia Erkidegoan produzitzen diren eta kalitate eta nortasun handiko ezaugarriak dituzten elikadura-produktuak bereizi eta babesteko sortu zen 1989an Eusko Label, elikagai-kalitatearen Euskal Autonomia Erkidegoko bereizgarria. Etiketa horren barruan sartzen dira, besteak beste, behi-okela, arrautzak, tomateak, baserriko oilaskoak, eztia edo babarrunak. Erregelamendu tekniko espezifiko baten pean daude, eta hautaketa oso zorrotza egiten da bereizgarria eman aurretik. Zigilu hau daraman elikagai bati buruz honako hauek baieztatu ahal dira: kontrolatu egin direla haren jatorria edo barietatea eta produkzio-katea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan egindakoa dela; betetzen dituela segurtasun-baldintzak eta osasun-bermearen baldintzak; elikagarritasunari eta sentimenei dagokienez kalitate gorena duela; ingurumenari zor zaion errespetuarekin produzitu dela, eta, animaliak tarteko direnean, haien ongizatea aintzat hartuz produzitu dela.
  • Etiketa ekologikoa: Produktu batzuek zenbakidun etiketa daramate, eta logotipo berezi bat, produktua ekologikoa dela adierazteko. Horrek esan nahi du produktua produzitu den enpresa kontrol eta ikuskapen zenbaiten pean dagoela, eta kontrol horiek agintaritza batek egiten dituela. Euskadin, 1989. urtean “Nekazaritza Ekologikoa” Izendapen Orokorraren Erregelamendua onartu zenean, nekazaritza ekologikoa lehen aldiz legalki arautu zen. Erregelamendu hau, Europako Kontseiluaren 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 (EEE) Erregelamendua (nekazaritza-ekoizpen ekologikoari eta nekazaritza- eta elikadura-produktuetan ekoizpen mota hori adierazteko moduari buruzkoa) indarrean jarri zen arte ezarri zen. ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluan inskribaturik egon behar da hurrengo logotipoak erabili ahal izateko eta elikagaientzako bakarrik erabili ahal izango dira.
  • Jatorri-deitura babestua: Jatorri-deitura ematen zaio produktu bati ezagupen espezifiko, aitortu eta egiaztatu batzuen bidez gune geografiko jakin batean produzitu, transformatu eta prestatu denean.
  • Adierazpen geografiko babestua: Etiketa hau eramaten dute produktuek produkzioaren, transformazioaren edo prestaketaren aldietako batean bederen inguru geografikoarekiko lotura dutenean.
  • Usadiozko berezitasun bermatua: Produktuaren jatorria aipatu ordez, haren usadiozko osaera edo produkzioaren gaineko informazioa ematen du.
  • Produkzio integratua. Etiketa hau kasu hauetan erabiltzen da: produktua produzitzeko laborantza-sistemetan landareak lortzeko produkzio-baliabide eta -mekanismo naturalak ahalik eta neurririk handienean baliatzen direnean.
  • Produktu transgenikoak: Gaur egun, produktuak genetikoki eraldatutako organismoak (GEOak) dituela adieraziko duen etiketa espezifikoa baizik ez da behar, baldin eta dena delako elikagaian manipulazio genetikoz eraldatutako DNA hauteman badaiteke  edo DNA eraldatu horren proteinak hauteman badaitezke.
  • Produktu alergenikoak: Elikagaien etiketetan, nahitaez adierazi behar da ea alergenorik baduten (glutena, arraina, krustazeoak, arrautzak, soja, esnea eta esnekiak -laktosa barne-, apioa, ziapea, oskoldun fruituak, sesamo-pikorrak eta sulfitoak).
  • Haurrentzako elikagaiak: Bularreko haurrentzako eta adin txikiko haurrentzako elikagaiak etiketatzean, elikagaiak etiketatzeko betiko arauak bete behar dira; gainera, beste ohar hauek ere egin behar dira:
    • Zein adinetatik aurrera kontsumitu ahal den produktua, kontuan hartuz haren osaera, testura eta beste ezaugarri batzuk. Edozein produktu kontsumitzeko adina lau hilabete izango da, gutxienez.
    • Glutenik baduen edo ez adierazi behar da, kontsumorako adina sei hilabete baino gutxiago denean.
    • Produktutik lor daitekeen balio energetikoa, kJ-tan eta kcal-etan adierazia; horrez gain, produktuak, merkaturatuta dagoen moduan, 100 g  edo 100 ml bakoitzeko zenbat proteina, karbono-hidrato eta lipido dituen, zenbakiz adierazita, eta, hala dagokionean, kontsumorako proposatutako produktu-kantitate bakoitzeko.
    • Era berean, produktuak dituen mineral eta bitamina bakoitzaren batez besteko kantitateak ere agertu behar dira.
    • Beharrezkoa izanez gero, produktua kontsumitu aurretik behar bezala prestatzeko jarraibideak ere bai, horiei jarraitzea zenbateraino den garrantzitsua azalduz.
  • Saltoki batek edo bertan lan egiten duten langileek ez badituzte higiene-baldintzak betetzen, edo saltokian elikagaiak ez badituzte behar bezala kontserbatzen, ez da hor elikagairik erosi behar sekula.  Esate baterako, elikagai izoztuak eta hotzean gordetzekoak bero-iturrietatik aldenduta egon behar dira; elikagaiak lurzorutik gorako leku batean kokatuta egon behar dira, eta abar.
  • Ezinbestekoa da iraungitze-datari erreparatzea, edo hobe data jakin bat baino lehen kontsumitzea adierazten duen datari; batez ere prezioan eskaintza daramaten produktuetan.
  • Ez da sinistu behar publizitateak esaten duen guztia.
  • Gure osasuna zaintzeko eta gure organismoak mantenugai egokiak hartuko dituela bermatzeko modurik onena da dieta askotarikoa eta orekatua egitea eta sasoi onari eustea.
  • Adingabeei elikadura-ohitura onak erakutsi eta opilak eta janari lasterrak (pizzak, hanburgesak, saltxitxak ogi bitartean...) egun berezietarako utzi.

Elikagaien gaineko araudia oso zabala da, eta etengabe ari da eguneratzen. Elikagaien kontsumoaren arloan, Kontsumobide erakundeak etiketatzearen eremuan bakarrik du eskumena:

  • 1334/1999 Errege Dekretua, uztailaren 31koa, elikagaien etiketatze, aurkezpen eta publizitatearen gaineko arau orokorra onartzen duena (eta errege dekretu horren harrezkeroko aldaketak) [es].
  • 1169/2011 (EE) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2011ko urriaren 25ekoa; erregelamendu hau kontsumitzailearentzako informazioaren gainekoa da, baina, horrez gain, aldatu egiten ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1924/2006 (EE) Erregelamendua eta 1925/2006 (EE) Erregelamendua, eta, bestalde, indargabetu egiten ditu Europako Batzordearen 87/250/EEE Zuzentaraua, Kontseiluaren 90/496/EEE Zuzentaraua, Europako Batzordearen 1999/10/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000/13/EE Zuzentaraua, Europako Batzordearen 2002/67/EE eta 2008/5/EE Zuzentarauak eta Europako Batzordearen 608/2004 (EE) Erregelamendua [es].

Azken aldaketako data: