Kontsumobide

Gas-hornidura

Energiaren merkatua liberalizatu ondoren, kontsumitzaileek askatasuna dute gas naturalaren zerbitzuak gehien komeni zaien enpresa merkaturatzailearekin kontratatzeko. Komenigarria da zuhurtasunez jokatzea eta arinegi ez kontratatzea. Bi enpresa mota daude:

  • Hornitzailea: gas naturala zentraletatik kontsumo-puntuetara banatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen den enpresa.
  • Merkaturatzailea: kontratuak kudeatzeaz eta horniketa fakturatzeaz arduratzen den enpresa.

Gas naturalaren hornitzaileek ezin izango dute eskaintzen dituzten produktuei buruzko eskatu gabeko publizitatea egin, ez eta kontratuak lortzeko etxez-etxeko bisitarik egin, salbu eta hartzaileak bere kabuz eskatu badu zerbitzu horren informazioa jasotzea baliabide horren bitartez. Ondorioz, elektrizitate hornidura “etxez-etxeko” modalitatean kontratatzea debekatuta dago etxeko kontsumitzailearen segmentuarentzat.

Bi gas-mota ditu aukeran kontsumitzaileak: butano gasa edo gas naturala.

  • Butano gasaren zerbitzua idatziz eskatu eta kontratatu behar da konpainia hornitzaile batekin. Butano-bonbonak, aldian-aldian, eta erreguladore bat eta asegurua emateaz arduratuko da enpresa. Hornidura enpresa hornitzailearekin sinatutako kontratuan adostutakoaren arabera egiten da.
    • Tarifak: Gobernuak butano gasaren tarifak arautzen ditu eta BOEn argitaratzen ditu. Bonbona, garraioa eta hornidurarekin lotutako gastu guztiak barne hartzen dituzte.
    • Berriskupenak: Bestalde, bonbonak bost urtean behin errebisatu behar dira, eta horren prezioa, beti ere, kontsumitzaileak ordaindu behar du. Berrikuspena egin eta gero, noiz egin den egiaztatzeko eta hurrengoa noiz egin behar den gogoratzeko itsasgarri bat itsatsi behar zaio bonbonari. Horrez gain, berrikuspenaren ziurtagiri bat emango diote kontsumitzaileari. Bonbonaren tutu malgua aldatu egin behar da iraungitzean; erreguladorea, berriz, egoera txarrean dagoenean aldatu behar da.
  • Gas naturalaren merkatua 2003an liberalizatu zen eta kontsumitzaileak nahi duen konpainia hornitzailea aukera dezake geroztik.

Lotura-eskubidea da ordaindu behar duzuna:

  • Enpresa hornitzailearen sarera instalazio-hargailua akoplatzeagatik ordaindu behar duguna da.
  • Ez ordaintzeak eragindako mozketa baten ondoren hornidura berreskuratzeagatik.

237/2010 Dekretuak aldatutako 135/2008 Dekretuak lotura kuotak arautzen ditu. Hornidura berreskuratu behar izanez gero, lotura-kuotaren bikoitza izango da.

Urtean 50.000 kWh edo gutxiago kontsumitzen baduzu, bi aukera daukazu gasaren horniduran:

  • Prezio arautuan edo Azken Baliabideko Tarifa (ABT). Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak ezartzen duen tarifa eta hiru hilez behin eguneratzen da. ABTa azken baliabideko merkaturatzaile batekin kontratatu behar da. Enpresa hauek dira azken baliabideko merkaturatzaileak:
    • Endesa Energía XXI, S.L.U.
    • Gas Natural S.U.R. SDG, S.A.
    • HC Naturgas Comercializadora de Último Recurso, S.A.U.
    • Iberdrola Comercialización de Último Recurso, S.A.U.
    • Madrileña Suministro de Gas S.U.R. 2010, S.L.
  • Prezio librea. Merkatu libreko merkaturatzailea aukeratu eta gero, beti eska dezakezu berriro Azken Baliabideko Tarifara itzultzeko.

Urteko kontsumoa 50.000 kWh baino handiagoa bada, nahitaez enpresa merkaturatzaile batek eman behar dizu hornidura prezio librean.

Gas naturalaren hornidura-kontratuak beti formalizatu behar dira idatziz, kontsumitzailearen sinadurarekin. Telefonoz egiten badira, kontratuaren kopia eskatzea garrantzitsua da.

Kontratua establezimendu komertzialetik at egiten denean, adibidez, etxez etxeko salmentaren kasuan, kontsumitzaileak kontratua sinatzea ezinbestekoa da zerbitzuaren kontratua formalizatzeko. Iruzurrak saihesteko, komeni da datu pertsonalak dituen agiririk edo fakturarik ez ematea ustezko agente komertzialei.

Kontratuak jaso behar du informazio hau:

  1. Hornitzailearen izena eta helbidea.
  2. Zer zerbitzu emango dituen, zer kalitate proposatu duen eta hasierako konexioa noiz egingo duen.
  3. Mantentze-lanak egiteko zer zerbitzu eskaintzen duen.
  4. Aplikagarri diren tarifei eta mantentze-lanen gastuei buruzko informazio eguneratua nola eskuratu.
  5. Kontratuak zer iraupen duen, kontratua berritzeko eta zerbitzuak eta kontratua desegiteko zer baldintza bete behar diren, eta, onartuta dagoenean, kontratua kosturik gabe atzera botatzeko zer baldintza bete behar diren.
  6. Kontratatutako kalitate-maila betetzen ez bada, aplikatu behar diren ordain eta diru-itzultzeak egiteko zer akordio dauden.
  7. Gatazkak konpontzeko prozedura bat nola abian jarri.
  8. Kontsumitzaileen eskubideei buruzko informazioa, erreklamazioak nola izapidetu behar diren jakitekoa barne, bai fakturetan bertan argi adieraziz, bai gas naturaleko konpainien Interneteko guneen bidez.

Edonola ere, aurretik adierazitako informazio guztia kontratua egin edo sinatu aurretik eman behar zaio kontsumitzaileari.

Merkatu libreko gas-konpainiek informazio hau eman behar dute beren eskaintzetan:

  • Lehen gaiaren kostua. Aldakorra da, nazioarteko merkatuen eta enpresa merkaturatzailearen erosketa-politikaren arabera.
  • Garraio- eta banaketa-kostua, Administrazioak arautua.
  • Garraio, biltegiratze, birgasifikatze eta banatze-bidesarien kostuak, Administrazioak arautuak.
  • Merkaturatze-kostuak.
  • Kontagailuaren alokairua eta irakurtze-zerbitzua, Administrazioak arautuak.
  • BEZa.

Kontuan hartu behar da merkaturatzaile libreekin egindako kontratuak pribatuak direla, eta zerbitzua beti idatziz kontratatzen dela. Behar ohi den dokumentazioa hau da:

  • NAN.
  • Bizigarritasun-zedula, salerosketaren eskritura publikoa edo alokairu-kontratua.
  • Banakako instalazioaren ziurtagiria, instalatzaile ofizial baimendu batek egina.
  • Banketxearen datuak, ordainagiria helbideratu nahi bada.

Gizarte bono termikoa izenekoa kontsumitzaile kalteberen pobrezia energetikoa arintzeko zuzendutako laguntza da, berokuntzari, ur bero sanitarioari edo sukaldeko hornidurari bideratutako energiari dagokionez.

Ekitaldi bakoitzean, Gizarte bono termikoaren onuradun izango dira aurreko urteko abenduaren 31n gizarte bono elektrikoa jasotzen zuten kontsumitzaileak, 2018tik aurrera hasiko dela kontuan izanik.

Diru-laguntza urteko ordainketa bakar batean egingo da. Onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa kalteberatasun-maila kontuan hartuz erabakiko da, gizarte bono elektrikoa arautzen duen araudiak zehazten duen eran, baita erroldan ageri den etxebizitza kokatzen den eremu klimatikoa kontuan hartuz.

Erreklamazio bat jarri nahi baduzu:

  • Erabiltzaileen arretarako zerbitzura jotzea komeni da. Merkaturatzaile bakoitzak harremanetan jartzeko datu hauek eman behar dizkizu: posta-helbidea, telefono-arretarako zerbitzua (dohainik), fax-zenbakia eta posta elektronikoko helbidea.
  • Erantzuna egokia iruditu ez bazaizu, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan erreklamazio bat aurkez dezakezu. 
  • Jokatu zuhurtasunez eta ez kontratatu zerbitzua arinegi.
  • Bilatu eta alderatu merkaturatzaileen eskaintzak.
  • Adi kontratatzen den kontsumoari. Benetan behar dena baino kontsumo handiagoa kontratatzea garestiagoa izan daiteke. Galdetu baldintzak zein diren.
  • Ez utzi liluratzen lehenengo urteko beherapen handiekin.
  • Ez jarri arreta soilik eskainitako prezioan, eta informatu bezeroentzako arretaren kalitateaz, fakturazio-aldiaz, ordaintzeko eraz...
  • Exijitu beti kontratuaren kopia, eta irakurri arretaz eduki guztia.
  • Telefonoz edo Internetez kontratatuz gero, garrantzitsua da kontratuaren kopia eskatzea, baita baliogabetzeko dokumentua ere, 'damutuz' gero 14 eguneko epean kontratua bertan behera uzteko modua izateko.
  • Ez eman bankuko daturik eta ez sinatu ezer, enpresa-aldaketa egin nahi duzula erabat ziur bazaude salbu.
  • Telefono bidezko asistentzia-zerbitzuaren zenbakia jakitea (eguneko 24 orduetan egoten da erabilgarri). Banatzaileak jartzen du bere instalazioetara konektaturik dauden erabiltzaileen esku, instalazio horietan izan daitezkeen segurtasun-gorabeheren berri emateko. Zenbaki hori argi azaldu behar da fakturetan, eta beti eman behar du merkaturatzaileak.

Azken aldaketako data: