Kontsumobide

Tresna elektrikoen konponketak: Laguntza Teknikoko Zerbitzua (LTZ)

Aparaturen bat edo etxetresna elektriko bat matxuratzen bazaizu eta konpontzea erabaki baduzu, Laguntza Teknikorako Zerbitzu batera (LTZ) jo behar duzu. Zerbitzu batekin harremanetan jarri aurretik, produktua oraindik garantiaren barruan dagoen egiaztatu behar duzu. Hala baldin bada:

  • Erosi zenuen dendan adierazitako –edo, kasua hala bada, fabrikatzaileak esandako– LTZra joan behar duzu. Bestela garantia gal dezakezu.
  • Ez duzu ezer ordaindu behar: ez eskulanik, ez lekualdatzerik, eta ez ordezko piezarik.
  • Ez daukate ez faktura eta ez ordeztu dituzten piezak entregatzeko obligaziorik.
  • Aparatua uzten badiozu, gordailu-ordezkagiri bat eman behar dizu.

Garantia amaituta badago, nahi duzunari deitzeko askatasuna duzu. Zerbitzu hauek publikoaren esku jarri behar dute eskainitako prezioei eta garantiei buruzko informazioa. Arazoak ekiditeko, honako gomendio hauek jarrai ditzakezu:

  • Eskatu aurrekontua.
  • Faktura beti eskatu behar da: edozein erreklamazio egiteko beharko duzu.
  • Jakin ezazu ziur zer motatako tailerra den: marka baten LTZ ofiziala den ala ez.

Bi motatako zerbitzuak daude:

  • Laguntza Teknikoko Zerbitzua (LTZ). Etxeko erabilerako aparatuen konponketan, instalazioan eta/edo mantentze-lan edo kontserbazioan aritzen diren establezimendu edo pertsona guztiak sartzen dira hemen, baldin eta araudian ezarritako betebeharrak konplitzen badituzte. Konponketak beren lokaletan edo kontsumitzaileen etxeetan egin ditzakete.
  • Markaren Laguntza Teknikoko Zerbitzu (LTZ) ofiziala. Marka jakin baten fabrikatzailearen edo Espainiako legezko ordezkariaren idatzizko baimena duten Laguntza Teknikoko Zerbitzuak dira. Ordezkatzen duten marka eta gamako tresna guztiak konpontzeko obligazioa dute, kontuan hartu gabe aparatua zer establezimendu edo tokitan erosi zen.

Galarazita dago baimendu gabeko LTZek marken erreferentziak erakustea, hala tailerraren kanpoko aldean nola barrukoan, izan ere, konpainia horiekin dituzten loturei buruzko errakuntza edo nahasmendua sor baitezakete erabiltzaileengan.

Konponketaren aurrekontu bat eskatzeko eskubidea duzu, eta 5 egun balioduneko gehieneko epea dute aurrekontua egiteko. Aparatua tailerrean utzi baldin baduzu matxura balioztatu dezaten, dokumentu horrek gordailu-ordezkagiritzat balioko dizu. Hura egiteari uko egiten badiozu, idatziz egin beharko duzu, zure sinadurarekin.

Aurrekontuak, gutxienez, 30 eguneko balioa du, eman dizuten egunetik zenbatzen hasita, eta honako hauek jaso beharko ditu:

  • LTZren datuak: izena, helbidea eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ).
  • Zure datuak: izena eta helbidea.
  • Aparatuaren informazioa: marka, modeloa eta serie-zenbakia.
  • Konponketaren zergatia.
  • Matxuraren diagnostikoa.
  • Konponketaren ordainketak: zerbitzua emateagatik, ordezko piezengatik eta beste kontzeptu batzuengatik. Informa zaitez prezioei buruz. Ongi ikusteko moduan erakutsi behar dituzte.
    • Ordezko piezen prezioek bat etorri behar dute publikoarentzako salmenta-prezioekin.
    • Eskulanaren prezioek bat etorri beharko dute eskaintzen duten lan-denboraren prezioen balioarekin eta konponketa egiteko aurreikusitako benetako okupazio-denborekin.
  • Aurreikusitako entrega-data edo konponketa-data, baldin eta erabiltzailearen etxean egiten bada.
  • Aurrekontuaren baliozkotasun-denbora (indarraldia).
  • Data eta LTZko arduradunaren sinadura.
  • Datarako eta erabiltzailearen onarpen-sinadurarako gordetako espazioa edo hutsunea.

Aurrekontu bat eskatu eta gero onartzen ez baduzu:

  • Hura egiteagatik ordaindu beharko duzu, nahiz eta LTZk, gehienez ere, honako hau eskatu ahalko dizun:
    • Etxeko tresna txikien eta beste multzoetan sartzen ez direnen kasuan: 15 minutu, eskulanaren prezioan.
    • Linea zurikoen kasuan, hau da, hotzarekin, garbiketarekin, egosketarekin eta konfortarekin lotura duten etxetresna elektrikoetan: 30 minutu, eskulanaren prezioan.
    • Linea marroikoen kasuan, hau da, kontsumoko aparatuak, hala nola, telebista, irratia edo bideoak eta elektronikarako: 60 minutu, eskulanaren prezioan.
  • Aparatua zuk entregatu zenuen baldintza berberetan itzuli behar dizu.

Konponketa egitean edo aurrekontua prestatzean ezkutuko matxurak edo akatsak azalduz gero, LTZk lehenbailehen jakinarazi behar dizu:

  • Aurrekontua eginda baldin bazegoen, beste aurrekontu gehigarri bat prestatu beharko du, oniritzia eman diezaiozun.
  • Idatziz uko egin baldin bazenion aurrekontu bat egiteari, ezkutuko matxuraren edo akatsaren kostua jakinarazi beharko dizu, betiere zenbateko gehigarriak honako hauek gainditzen ez baditu:
    • Aparatu berdina merkatuan berria erostearen balioaren % 10, baldin eta 10.000 pezetatik pasatzen ez bada.
    • Balioaren % 8, baldin eta balio berria 10.000 eta 50.000 pezetaren artean badago.
    • Balioaren % 6, baldin eta 50.000 pezeta baino gehiago bada.
    • Muga horiek gainditzen baditu, aurrekontu bat egitea eskaini beharko dizu berriro.

Laguntza teknikoko zerbitzuak behartuta daude ordezko piezen zerbitzua ematera, gutxienez, bost urtezbi urtez, pieza estetikoen kasuan– modeloa fabrikatzeari utzi zitzaionetik zenbatuta. Eskaera egin zen datatik, entregatu beharko dituzte:

  • Hilabete gaindituko ez duen epean, tresnak inportaziokoak badira.
  • Hamabost egunen barruan, gehienez, aparatuak naziokoak badira.

Konponketa egiten duenean LTZk:

  • Ordezko pieza berriak erabili beharko ditu, nolaz eta ez diezun baimena eman idatziz, erabilitako piezak, edo berreskuratuak edo jatorrizkoak ez direnak erabiltzeko. Kasu horietan, baldintza perfektuetan egon beharko dute eta berriak baino merkeagoak izan.
  • Eskaini egin behar dizkizu eta entregatu, eskatzen badituzu, ordeztutako piezak, betiere konponketa aparatuaren garantiak estaltzen ez badu.
  • Zure eskura jartzeko obligazioa du erabilitako piezen jatorria, izaera eta prezioa egiaztatuko duen justifikazio dokumentala.
  • Ezin du beharrezkoa ez den piezarik ordeztu, baldin eta horrek prezioa handitzea edo tresnaren balizko degradazioa badakar.

Aparatua LTZri entregatzen badiozu aurrekontua egiteko edota konpontzeko, enpresak gordailu-ordezkagiri bat eman beharko dizu. Aurrekonturik badago, hori bera izango da ordezkagiria. Ordezkarian, hain zuzen, honako hauek jasoko dira, gutxienez:

  • Hurrenkera-zenbakia.
  • LTZren datuak: izena, helbidea eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ).
  • Zure datuak: izena eta helbidea.
  • Aparatuaren informazioa: marka, eredua eta serie-zenbakia.
  • Xeheki zehaztuta egongo dira aparatuak bistan dituen kalteak, ustezko matxurak, behatu diren akatsak eta/edo kasua hala bada, egin beharreko zerbitzuak.
  • Aparatua jaso zeneko data.
  • Eskatutako aurrekontua edo konpondutako tresnaentregatzeko aurreikusitako epea.
  • Zure sinadura eta LTZko pertsona baimenduarena.

Beharrezkoa da ordezkagiria erakustea, bai aurrekontua jasotzeko eta bai aparatua bera eraman ahal izateko. Ordezkagiria galdu bazaizu, modu egokian identifikatu beharko duzu zeure burua.

Behin konponketa eginik dela, aparatua eramatera ez bazoaz biltegiratze-gastuak ordaindu beharko dituzu. Gastu horiek tresna jaso dezakezula jakinarazten dizuten datatik hilabete igaro denean sortzen dira, betiere biltegiratze-gastuak kobratu egingo direla publikoaren bistan dagoen taula batean argi eta garbi adierazita badago.

Aldez aurretik aurrekontua egin baldin bazizuten, fakturaren zenbatekoa eta aurrekontuko kontzeptuak berberak izan beharko dute.

LTZk ematen dizun fakturan zehaztuta egon beharko dira eta zenbatekoetan banakatuta:

  • Egindako eragiketak.
  • Erabilitako ordezko piezak.
  • Eskulanaren denbora. Matxura erraz konpondu ahal izan bada eta langilea zure etxera lekualdatu baldin bada, LTZk gutxieneko denbora hau fakturatu diezazuke:
    • 15 minutu, etxean erabiltzen den tresna txiki bat baldin bada.
    • 30 minutu, linea zuriko tresnetan, hau da, hotzarekin, garbiketarekin, egosketarekin eta konfortarekin lotura duten etxetresna elektrikoetan.
    • 60 minutu, linea marroiko tresnetan, hau da, kontsumoko aparatuak, hala nola telebista, irratia edo bideoak, eta elektronika alorreko tresnak.
  • Lekualdatze-gastuak, garraioa eta beste. Gastu hauek behin bakarrik eska ditzake, lekualdatze bat baino gehiago behar direnean ere. Gainera, ezin dizkizu kobratu etxean ez bazaude.

Halaber, datu hauek jasoko ditu:

  • Hurrenkera-zenbakia.
  • LTZren datuak: izena, helbidea eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ).
  • Zure datuak: izena eta helbidea.
  • Aparatuaren informazioa: marka eta modeloa.
  • Data eta LTZko arduradunaren sinadura.

Konponketaren bermeak gutxienez hiru hilabeteko indarraldia izango du, tresna entregatu den datatik zenbatuta, betiere beste pertsona edo zerbitzu batzuek manipulatu edo konpondu ez badute. Garantiak:

  • Egindako konponketa eta sor daitezkeen gastu guztiak estaltzen ditu: garraioa eta/edo profesionalak etxeraino lekualdatzea –betiere, aurreko fakturan ordaindutako lekualdatzeekin bat baldin badatoz–, ordezko piezak, beharrezkoa gertatzen den material guztia eta zergak.
  • Garantia indarrean dagoen aldian konpondutako matxura osorik edo partzialki berritzen bada edota konponketa horren ondorioz beste akatsen bat sortzen bada, LTZri jakinarazi behar diozu. Kasu horretan, dohainik konpontzeko eskubidea duzu.
  • Denbora horretan matxura berri bat gertatzen bada eta adostasunik ez badago garantiak estaltzen duen edo ez, honako hauen artean aukera dezakezu matxura konpontzeko:
    • LTZ beraren zerbitzuak erabiltzea.
    • Beste LTZ batera joatea. Kasu horretan garantia eman zuen LTZri jakinarazi behar diozu, behar adinako aurrerapenarekin, zerbitzu horrek konponketan parte hartu ahal izan dezan. Behin konponduta dagoenean, oraindik ados ez bazaudete, zenbatekoa ordaindu beharko duzu eta, gero, erreklamazioa aurkezteko aukera duzu.

Azken aldaketako data: