Kontsumobide

Lurreko garraioa

Lurreko garraioa bidaiatzeko modurik erabilienen artean aurkitzen da. Garrantzitsua da erabiltzaileek euren eskubideak eta betebeharrak ezagutu ditzaten.

Eskubide garrantzitsuenetariko bat Bidaiarien Derrigorrezko Asegurua (BDA) da. Horren bitartez bidaiari guztiak babestuta daude. Aseguru honen helburua garraio kolektibo batean jasandako kalte fisikoengatik bidaiariari ordaintzea da. Lurreko garraioetan aseguruan sartzen ditu BADek autobus, tren, metroa eta tranbian jasandako kalteak.

Bidaia autobusez egingo baduzu, kontuan izan: 

  • Bidaia-txartela. Enpresak bidaia-txartela eman behar dizu eta ibilbidearen amaiera arte gorde beharko duzu. Txartelean ondorengo datuak agertu beharko dira:
    • Bidaiaren jatorria eta helmuga.
    • Txartelaren igorpenaren data.
    • Prezioa BEZ barne. Aldirietako bidaia-txarteletan nahikoa da 'Indarreko tarifen arabera' bezalako esaldia agertzea.
    • Zerbitzuaren egikaritze data.
  • Ekipajea. Autobuseko maletategiko eta eskuko bagajea barne, 30 kiloraino dohainik eraman dezakezu. Ekipajea ez da erregistratzen eta, beraz, ez dago fakturatze beharrik. Ekipajea kaltetzen edo galtzen bada, enpresak ordaindu beharko dizu aldez aurretik finkaturiko diru kopuru batekin ekipajearen kilo bakoitzetik (gehienez 14,50 € kilogramo bakoitzeko). Animaliarik eraman nahi baldin baduzu, autobus konpainia bakoitzaren baldintzak kontsultatzea komeni da.
  • Atzerapenak eta ezeztapenak. Autobus konpainiak bidaia ezarritako epe-mugan betetzeko betebeharra dauka. Horrela ez bada, halabeharrezko kasuetan izan ezik, kontratu-hauste bat bezala hartuko da. Zerbitzuaren atzerapen edo ezeztapenaren aurrean, kalte-ordainak eskatzeko eskubidea daukazu.
    • Atzerapena halabeharrezkoa denean garraio-enpresak soilik bidaia-txartelaren diru kopurua itzultzera behartuta dago.
    • Zerbitzuaren atzerapena edo ezeztapena, berriz, beste arrazoi ezberdinengatik gertatzen denean kalte-ordainak eska daitezke. Alabaina, kaltea eta horren ondorio ekonomikoak frogatu beharko dituzu.
  • Eskola-garraioa. Eskola-autobusak edo adingabekoen garraioa egiten duten enpresek dagokien kontzesioa edo baimena izan beharko dute. Haurrak, txoferraz gain, heldu batekin bidaiatuko dira eta ume bakoitza plaza batean jesarriko da.

Trena hartuko baduzu, gogoan izan:

Bidaia-txartela. Aldirietako zerbitzuetan adierazitako informazioa enpresaren izena eta garraioaren preziora mugatu daiteke. Bestela, ondorengo informazioa agertu behar da:

  • Garraioa egiten duen trenbide-enpresaren izena.
  • Bidaiaren jatorria eta helmuga eta beraien irteera zein helduera orduak.
  • Bagoia eta jesarlekuaren zenbakia.
  • Garraioaren prezioa, tasak barne.
  • Aseguruei buruzko informazioa.

Ekipajea. Enpresaren erantzukizuna 14,50 € kilogramokoa izango da, 600 euroko mugara arte (kopuru hau urtero aldatzen da KPIren arabera).

Atzerapenak eta ezeztapenak. Kalte ordainak ezberdinak dira igarotako denboraren arabera.

  • Ordu bat baino gehiagokoa baldin bada, ordaindutakoaren %50 jasotzeko eskubidea daukazu.
  • Ordu bat eta erdi baino gehiagokoa bada, ordaindutako kopuru osoa erreklamatzeko eskubidea daukazu

Gainera, atzerapenaren erruz beste tren batekiko lotura edo konbinazioa galtzen baduzu, enpresak ordaindutakoa itzultzera derrigortuta dago. Ostatua edo mantenua behar baduzu, trenarekin lotura egiteko aukera gauzatzen den arte, garraio-enpresak gastuak ordaintzen ditu.

Bidaiaren etenaldia. Ibilbidean zehar etenaldia gertatzen denean, enpresak beste tren batean edo antzeko ezaugarriak dituen garraiobide batean lekua emango dizu ahalik eta lasterren.

Ezeztapenaz abisatzen badizute:

  • Bidaiaren hasieraren aurreko 48 orduetan, bi aukera dauzkazu: bidaia egiteko beste tren bat edo antzeko ezaugarriak dituen garraiobideren bat aukeratzea edo zerbitzuagatik ordaindutako diru kopurua berreskuratzea.
  • Bidaiaren hasieraren aurreko 4 orduetan, ordaindutakoaren bikoitza jasotzeko eskubidea izango duzu.

Taxi bat erabiltzen baduzu, kontuan izan:

  • Ibilgailuak. Legean ezarritako ezaugarriak izan behar dituzte. Udalek, udal-ordenamenduaren bitartez, ibilgailuek behar dituzten baldintza minimoak ezarri ditzakete, taxiek bidaiariei zerbitzu egokia eman diezaieten.
  • Ekipajea. Ekipaje kopuru zehatz bat eraman dezakezu ibilgailuaren edukieraren eta bidaiari kopuruaren arabera. Hori dela eta, ekipajearen pisua ezin da 50 kilo baino gehiagokoa izan lau eserlekuko ibilgailuetan eta 60 kilo baino gehiagokoa edukiera handiagoko ibilgailuetan. Kontuan hartu behar da ere ekipajearen bolumena maletategian sartu behar dela edota ibilgailuaren gainaldean. Eserleku guztiak beteta ez daudenean eraman daitekeen ekipaje kopurua 30 kilotan handitzen da hutsik dagoen eserleku bakoitzeko.

Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak:

Ondoko arauak bete beharko dituzu:

  • Ibilgailua geldirik dagoenean sartzea.
  • Gidariaren arreta ezin da galarazi horretarako arrazoirik ez badago.
  • Ezin da ibilgailuaren eta bertan bidaiatzen diren pertsonen segurtasun fisikoa arriskuan jarri.
  • Ezin da erre ibilgailuan.

Eta honako eskubide hauek dauzkazu:

  • Tarifa ezberdinak (hirikoak, hiriartekoak edo bereziak) eta taxiaren lizentzia zenbakia ezagutzea.
  • Ondorengo datuak jasotzen dituen ordainagiria edo faktura jasotzea: prezioa, jatorria eta ibilbidearen helmuga eta lizentziaren datuak.
  • Egokitzat jotzen duen ibilbidea aukeratzea.
  • Pertsonen, ibilgailuen eta zirkulazioaren segurtasuna bermatuta dauden zonaldeetan ibilgailutik sartzea edo irtetea.
  • Zerbitzuagatik ordaindutakoaren kanbioak zuzenki jasotzea.
  • Erreklamazioak egiteko eskubidea.
  • Leihatilak zabaltzea edo ixtea, aire girotua pizteko edo amatatzeko eskatzea eta irratia edo bestelako soinugailuren bolumena jaisteko eskatzea.
  • Itsuaurreko txakurrak dohainik eramatea.

Taxilarien betebeharrak:

  • Zerbitzua emateko baimenak eta lizentziak edukitzea.
  • Aurreikusten duen ibilbiderik laburrena egitea, baldin eta bidaiariak egin nahi duen ibilbide zehatza eskatu ez badio.
  • Beharrezko garbitasun eta mantentze-lanak betetzea.
  • Ibilgailuaren sarbiderako segurtasun eta erosotasun baldintza guztiak betetzea.

EAEko metro zerbitzua bakarrik Bizkaian dago, Bilboko metropoli-barrutian. Bizkaiko Garraio Partzuergoa Eratzeko Legean ezartzen denez, horren eskumena da Bilboko metroaren bidez garraio zerbitzu publikoa kudeatzea.

Erabiltzaileen eskubideak

Metro Bilbao S.A.ren arauketan garraiobide honen erabiltzaileek dauzkaten eskubideak jasotzen dira:

  • Onetsitako Tarifen Koadroetan prezioa eta baldintzak zehaztuta ageri diren bidai txartelen artean aukeratzea.
  • Bidai txartel egokiarekin, daramatzaten eskuko gauza eta fardelekin eramatea, betiere gauza horiek gainerako bidaiariei trabarik egiten ez badiete.
  • Zerbitzua eteten bada, edozein gunetarako balio duen txartela doan eskuratzea, betiere bidaia kopuru mugatuko txartela baldin bazeramaten.
  • Metro Bilbaoko langileek begirunez hartzea eta eskatzen dieten laguntza eta informazioak ematea.
  • Geltoki eta Bezeroen Arretarako Bulego guztietan Metro Bilbaoko erreklamazioen liburua edo orriak zein Eusko Jaurlaritzako liburua edo orri ofizialak eskatzeko eta dagokion eran betetzea.
  • Akzesorioak (bizikletak, surf taulak, haurtxo aulkiak eta gurdiak...) doan eramatea, betiere Metro Bilbaoko langileek, trena oso beteta dagoelako zein gainerako bezeroentzat endredoa izan daitekeelako eragozten ez badie.

Metro Bilbaoren bezeroen betebeharrak

  • Tren barruan zein sarrerako eta irteerako balio-emaileen arteko eremuan dagoen jende guztiak bidai txartel egokia izan behar du. Bezeroak, abiatu baino lehen, sarrerako kontroletik pasatu behar izan du txartela, bestela ez baitu baliorik izango. Eserlekurik hartzen ez duten 5 urtetik beherako haurrak doan egingo dute bidaia, txartelik gabe. Bidai txartel egokirik gabe doazen erabiltzaileek gainkargua ordainduko dute erabili duten edo erabiltzera doazen zerbitzuarengatik.
  • Metro Bilbaoren instalazioak zuzentasunez erabili behar dira, ekintza bandalikorik egin barik, eta beste inori trabarik egin barik, alegia. Bezeroak ardura eta errespetua zor die Metro Bilbaoko langileei eta gainerako bezeroei. Horren haritik, gogoan izan debekatuta dagoela patinen edo antzekoen gainean ibiltzea, eta aurikularrik gabeko musika edo irrati aparatuak aurikularrik gabe erabiltzea.
  • Bezeroek ez dute argazkirik edo bideo irudirik hartuko dagokien baimenik gabe, eurentzat eta ezelako erabilpen publikotarako erabiltzeko direnean ezik. Eurentzat direnean, Metro Bilbaoko geltokietako langileen berbazko onespena beharko dute.

Metro Bilbaoren betebeharrak

  • Trenak eta jendearentzat irekita dauden instalazioak ?kanpoko sarbideak, atalondoak, eskailerak, kaiak eta bestelakoak- baldintza egokietan edukiko dira, modu garbi, eroso, argitsu, osasungarri, ordenatu eta seguruan erabiltzeko.
  • Metro Bilbaoko langileek begirunez hartuko dituzte bezeroak beti, eta eskatzen zaien informazioa ematen eta laguntzen prestu arituko dira.
  • Mugitzeko arazoak edo zailtasunak dituzten pertsonek erabateko lehentasuna izango dute Metro Bilbaoko igogailu guztiak erabiltzeko orduan.

Azken aldaketako data: