Kontsumobide

Merkealdia, promozioak, saldoak eta likidazioak

Merkealdia, promozioak, saldoak eta likidazioak, denak ere gehiago saltzen saiatzeko moduak dira. Gehiago saltzeko beste bi modalitate ere badaude: salmentarekin batera zer edo zer oparitzea eta zuzeneko salmenta-eskaintzak.

Likidazioak izan ezik, gehiago saltzeko modalitate horiek denak establezimendu berean aldi berean erabil daitezke, baldin eta behar bezala banatuta edo bereizita badaude eta informazio-baldintzak betetzen badira.

Salmenta-modu horietako bakoitzak bere arauak dituenez, garrantzitsua da behar bezala bereiztea. 

Merkealdiko salmentetan, produktuek bete behar dituzte honako betekizun hauek:

  • Normalean saltzen diren establezimenduan bertan eskaini behar dira.
  • Aurretik baino merkeago saldu behar dira.
  • Lehenago salgai izan behar dute eta, gutxienez, hilabete batez, saltokiko ohiko eskaintzan.
  • Merkealdiak hasi aurreko hilabetean produktuak ezin izan dira egon promozio baten barne. 

Dendariek askatasunez erabaki dezakete:

  • Noiz egin merkealdiak. Interes komertzial handieneko garaiak zein diren erabakiko dute, bakoitzaren irizpidearen arabera.
  • Merkealdi bakoitzaren iraupena.

Saltokiek ezin dituzte saldu merkealdietan:

  • Hondatuta dauden produktuak edo ohikoa baino prezio merkeagoan saltzeko espresuki erosi diren artikuluak.
  • Ohiko prezioan lehenago salgai egon ez diren produktuak.

Produktu bakoitzean agertu behar du argi eta garbi merkatu aurreko prezioa eta merkealdikoa.

Merkatutako produktu guztiek urtean zehar saltzen direnen kalitate-eta etiketa-arau berberak bete behar dituzte.

Itzultze-politikei buruz esan behar da establezimenduek ez dutela produktu bat itzultzea onartu beharrik. Salbuespena: hondatuta egotea edo kontratu-baldintzak ez betetzea. Dena den, saltoki askok ematen dute produktua aldatzeko aukera, zenbait egoeratan. Hala bada, gauza bera egin beharko dute merkealdi-garaian ere, hau da, itzultzeak onartu, baldin eta establezimenduan kontrakoa iragartzen ez bada, ikusteko moduan.

 

Promozioan dauden salmenten helburu nagusia da produktu edo zerbitzu jakin batzuk salgai daudela aditzera ematea edo horiek sal daitezen sustatzea.  Promozioek abantailak edo sustagarriak eskain ditzekete: beherapenak, opariak, sariak...

Promozio guztietan, nahikoa informazio eskain beharra dago. Informazio hau behintzat eman beharra dago:

  1. Zer produktu edo zerbitzu dauden promozioan
  2. Promozio baldintzak zein diren
  3. Noiz arte egongo den indarrean.

Promozioan dauden produktuek ezin dute beren balioa gutxitu dezakeen ezer izan.  Horretaz gain, merkataritza-establezimenduak aurrez ikusteko moduko eskaria asetzeko adina izakin eduki behar ditu, eta promozioak iraungo du eskainitako produktuaren izakinak eskura dauden bitartean, ez gehiago.

Saldoak akatsen bat duten produktuak edo zaharkituta geratu direnak saltzeko egiten dira.

Produktu horiek ezin dira ohiko baldintzetan saldu, eta, horrenbestez, dezente merkeago eros ditzakegu. Saltzaileak salmenta-mota honi ekiteko zer arrazoi eta inguruabar dituen azaldu behar du.

Saldoak ez badie eragiten merkaturatuta dituen produktu guztiei, saldo gisa eskainitako salgaiek gainerakoetatik aparte egon behar dute.

Saldoetan, erreklamazioa egin daiteke, soilik, produktua erosi genuenean erakutsi ez ziguten beste akats edo hutsen bat aurkitzen baldin badugu.

Likidazioa hainbat arrazoirengatik egin daiteke:

  • Merkataritza-jarduera bertan behera utzi behar dugulako, erabat, zati batean, behin betiko edo aldi baterako.
  • Negozioz aldatu nahi dugulako, lokala itxi edo aldatu egin behar dugulako.
  • Ezinbesteko beste zerbait egin behar dugula-eta, zaila bada merkataritzan normal jardutea.

Likidazioetako publizitatean, beti adierazi beharko da zergatik diren, noiz hasten diren eta zenbat iraungo duten. Eta, asmoa baldin bada jardueraren zati bat uztea, likidazioan zer dagoen ere adierazi behar da.

Likidazioak, gehienez ere, urtebetez iraungo du.

Establezimendu berean, hurrengo hiru urteetan ezingo da antzeko produktuen beste likidaziorik egin, non eta ez den jarduera osorik bertan behera utzi nahi, edo ezinbesteko beste arrazoiren batengatik. 

  • Zer behar dugun pentsatu eta ez erosi barra-barra. Zenbat diru gastatu nahi den kalkulatzea ere komeni da.
  • Eskatu eta gorde beti erosketa-txartela. Publizitate edo liburuxkak gordetzea ere komeni da, erreklamazioren bat egin behar bada beharko ditugulako.
  • Salmenta-modalitate berezi guzti horietarako, komeni da jakitea ordainketa-modu eta itzultzeko politikei buruzko argibiderik badagoen. Zalantzarik izanez gero, hobea da galdetzea gero nahigaberen bat hartzea baino.
  • Kontsumoko arbitraje-sistemaren kide diren merkataritza-establezimenduak garantia dira kontsumitzailearentzat, gatazkarik izanez gero, elkarren arteko desadostasunak berehala eta doan konpondu ahal izango dituztelako. liburuxkak.

Azken aldaketako data: