Kontsumobide

Publizitatea

Publizitatea da "jarduera komertzial, industrial, profesional edo arte jarduera batean edozein pertsona fisikok edo juridikok egindako komunikazioa, publikoa zein pribatua, modu zuzenean edo ez-zuzenean ondasun mugikorren edo mugiezinen, zerbitzuen, eskubideen eta betebeharren kontratazioa bultzatzeko", Publizitate Orokorrari buruzko azaroaren 11aren 34/1988 Legearen arabera.

Horren bitartez, enpresek euren produktuei buruzko informazioa ematen dute eta, aldi berean, kontsumitzaileak produktu jakin bat eros dezan konbentzitu nahi dute. Pertsuasio eta informazioaren arteko harremana orekatua izan daiteke edo bata bestearengan nagusitu daiteke. Alabaina, iragarkiak ezin du kontsumitzailea nahastu edo engainatu bere erosketa erabakia aldatzeko. Horrelako praktika eta beste batzuk publizitate ez-zilegiaren parte dira.

Kontsumitzaileen eskubideak zenbait iragarki bidegaberen forma eta edukietan finkatzen dira. Horrela, publizitate ez-zilegiaren kontzeptuak ondorengo kategoriak biltzen ditu:

  • Pertsonen duintasunaren kontra doan publizitatea edo Konstituzioan jasotako balore eta eskubideak urratzen dituena, bereziki haurrei, gazteei eta emakumeei buruzkoak.
  • Publizitate subliminala. Estimuluak sortzeko tekniken bitartez, pertsonengan eragin dezakeena da, euren subkontzientean produktu edo zerbitzu jakin baten kontsumitzeko beharra sortuz. Halere, jarduera horiek egiaztatzea oso zaila da eta ez dago ustezko ez-zilegitasun honi men egin dion epai juridikorik.
  • Adingabeak erostera bultzatzen duen publizitatea, euren esperientzia eza edo sineskortasuna esplotatuz. Gainera, adingabekoei zuzendutako publizitateak argi utzi beharko ditu produktuaren ezaugarriak, segurtasuna eta haurrak izan behar dituen gaitasun eta trebetasunak; kalterik hartu gabe edo beste edonori kalterik eragin gabe erabil ditzaten.
  • Publizitate desleiala, publizitate engainagarria eta publizitate erasotzailea. Azken horiek lehiakortasun desleialeko jardueren izaera daukate eta Lehiakortasun Desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legean agertzen dira. Publizitate mota horiek, kontsumitzaileengan okerra eragiten dutenean, arau-hauste administratibotzat hartuko dira eta horregatik zigortua izan daitezke.

Publizitate desleiala, engainagarria eta erasotzailea lehiakortasun desleialeko jardueren izaera daukate.

  • Publizitate desleialak lehiakideen izen txarra eman, iraindu edo mesprezatzea bilatzen du. Enpresa baten edo produktu baten ospeaz edo izen onaz aprobetxatzea, edo kontsumitzailea nahastea ere desleiala da.
  • Publizitate engainagarriak okerrera eraman ditzake kontsumitzaileak eta euren jarduera ekonomikoan eragin. Produktuaren ezaugarriak egiazkoak izan behar dira eta ezin dute pertsonen erosteko erabakia aldatuko duen inolako nahasmenik sortu. Adibidez, produktua edo zerbitzuaren oinarrizko datuak ez aipatzea, baldin eta datuen ezkutatze horrek errakuntza sortzen badu, engainagarria da. Hona hemen beste adibide batzuk:
    • Eskaintza komertzial bat prezio jakin batean jarri eta, gero, produktua erakusteari uko egitea, eskaerarik ez onartzea edo arrazoizko epealdi batean ez ematea publizitate engainagarria da.
    • Sari bat eskaintzea eta ostean ez ematea. Sari jakin hori ez ematekotan, kalitate baliokideko beste bat eman beharko da.
    • Produktu bat dohainekoa, opari edo antzeko zerbait bezala deskribatzea, kontsumitzaileak azkenean ordaindu behar badu.
    • Ezkutuko publizitatea: komunikabideetan informazio bezala promozio bat agertzea, publizitate edukia dela argiro adierazten ez denean.
    • Komertzializazioaren dokumentazioan faktura edo antzeko ordainketa-agiriren bat barneratzea, produktu edo zerbitzu hori jada kontratatu delakoaren ustea eragiteko, aldez aurretik eskatu ez denean.
    • Enpresa edo profesionalaren jarduera estali edo, faltsuki, kontsumitzaile bezala aurkeztea.
  • Publizitate erasotzaileak pertsonen aukeratzeko askatasuna aldatzea du helburu: jazarpen, derrigortze edo bidegabeko eraginaren bitartez. Publizitate erasotzailearen adibideak:
    • Derrigortzea. Kontsumitzaileari, produktua edo zerbitzua kontratatzen duen arte, saltokitik joan ezin dela sinetsarazi.
    • Jazarpena. Pertsona baten etxera joatea, honek bere etxera joan ez dadin edo berriz ez etortzeko eskaera egin duenean.
    • Telefono, fax, e-mail edo bestelako urruneko komunikazioren bidez kontsumitzaileak nahi ez dituen proposamenak behin eta berriz egitea. Haatik, ez da jarduera erasotzailetzat hartuko, komunikazioa kontratuzko betebehar batengatik justifikaturik dagoenean. Komunikazio horietan, proposamen komertzial gehiagorik nahi ez dela adierazteko aukera eman beharra dago. Telefonoz gauzatzen direnean, deiak telefono zenbaki identifikagarri batetik egin beharko dira.

Edozein motako kontsultarako, kontsumitzailearen informaziorako edozein bulegora gerturatu zaitezke.

Zure eskubideak publizitate ez-zilegi batengatik urratuak izan direla uste baduzu, Komunikazio Komertzialaren Autoarauketarako Elkartera - Autocontrol jo dezakezu. Kontsumitzaileek erreklamazio bat aurkeztu ahal dute doan.

Kontsumo arduratsuaren irizpideak jarraitu:

  • Heltzen den publizitateari buruzko gogoeta egin eta hura aztertu.
  • Publizitatean azaltzen diren produktuen atzean dagoenari buruzko informazioa lortu. Adibidez, ekoizteko moduari buruz, produktu horiek egiten dituztenen giza eskubideak errespetatu ote diren.
  • Egin erosketak benetako premien arabera.

Publizitate gehiago jaso nahi ez baduzu, eman zure izena Robinson Zerrendan.

Azken aldaketako data: