Kontsumobide

Tindategi-zerbitzuak

1453/1987 Errege Dekretuak ehun produktuen, ile-larruen, larruen eta sintetikoen garbiketa, kontserbazioa eta tindaketa arautzen ditu. Arau horretan, tindategien inguruan kontsumitzaileek eduki ditzaketen desadostasunen edo erreklamazioen gaineko ohiko arazoak konpontzeko gakoak aurki daitezke.

Garrantzitsua da tindategiek kontsumitzaileei eskaintzen dizkieten zerbitzuak ezagutzea:

  • Garbiketa

    Produktuak urez eta xaboiz garbitzea. Establezimenduko langileek edo, autozerbitzu moduan, kontsumitzaileak berak egin dezakete garbiketa:
    • Autozerbitzua: Garbiketa, edo garbiketa eta lehortzea.
    • Establezimenduko langileek egindako zerbitzuak lehen aipatutakoez gain tolestea bakarrik edo lisatu eta tolestea hartzen du.
  • Lehorrean garbitzea

    Produktuak ur gabe garbitzea eta produktu kimikoak baliatuta. Bi modu daude:
    • Sinplifikatua: Lehorrean garbitzea eta lisatze mekanikoa.
    • Osoa: Lehorrean garbitzea, zikin bereziak kentzea, lisatze mekanikoa eta azken ukitua eta azkenean eskuz garbitzea.
  • Tindatzea

    Jantzien kolorea aldatzea.

  • Kontserbazioa

    Jantziari denbora jakin batez narriatzea saihesteko egoera onean eustea.

 

 

Jantziak entregatzean, enpresak egiaztagiri bat emateko beharra dauka beti eta bertan datu garrantzitsu batzuk agertu behar dira, esaterako: enpresaren datuak, egin beharreko zerbitzua, jantzia aldez aurretik baloratzea, enpresaren sinadura edo zigilua, gure oharrak edo enpresarenak jantziaren inguruan, etab. Frogagirian agertu beharreko datuei buruzko informazio gehiagorako, ikusi 1453/1087 Errege Dekretuaren 6. artikulua.

Enpresak frogagiriaren kopia eman behar digu eta zerbitzua aldez aurretik zati batez edo osorik ordaintzeko eskatu ahal izango da, baldin eta berariazko baimena eman badugu bakarrik. Aldez aurretik ordaintzea onartzen bada, zerbitzua presazkoa da eta hiru eguneko epean gehienez (sei egun, jantziak tindatzeko bada) egin behar da.

Establezimenduko langileei eman behar zaie frogagiria produktua jasotzean, eta itzuliko digute zerbitzua ordaindu dela adierazita. Frogagiria justifikazio agiria izango da erreklamaziorik aurkeztuz gero.

Ezingo digute kobratu frogagirian agertzen dena baino gehiago. Frogagiria galtzen bada, jantzia jaso ahal izango dugu, baldin eta gure burua identifikatzen badugu eta sinatzen badugu establezimenduak duen frogagiriaren kopia. Establezimenduan utzitako artikuluak errekargurik gabe jaso daitezke hiru hilabeteko epean. Epe hori igarota, establezimenduak gehigarria kobratu ahal izango du jantziak gordetzeagatik edo zaintzeagatik.

 

 

Jarraian, osorik agertzen da ehun produktuen, ile-larruen, larruen eta sintetikoen garbiketa, kontserbazio eta tindaketa zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonentzako gomendio gutuna. Jendaurrean jarri behar da establezimenduetan eta 1453/1987 Errege Dekretuan jasota.

  1. Jantzia lehorrean garbitzeko establezimenduan entregatzean, komenigarria da ondokoa arretaz egiaztatzea, arazoak saihesteko:
    1. Zure ustez, jantziaren egoeraren (berria, gutxi erabilia, erabilia eta abar) balorazioa
    2. Akatsak edo urraketak botoietan, kortxeteetan eta jantziak eduki ditzakeen bestelako elementuetan.
    3. Ez utzi ezer sakeletan, esaterako paperak.
  2. Lana agintzean, frogagiria edo egiaztagiria emateko eskatu behar da eta ziurtatu oharrak eskatutako zerbitzuari eta jantziaren ezaugarriei dagozkiela, lehengo lerroaldean agertzen denarekin bat etorrita.
  3. Egiaztatu zerbitzuagatik agirian agertzen den prezioa eta establezimenduan egon behar den koadroan agertzen den prezioa bat datozela.
  4. Ados jarri establezimenduko arduradunarekin jantziaren balorazioa ezartzeko, zertarako eta galtzen edo narriatzen bada, balorazio hori frogagirian agertzeko.
  5. Zuk eta establezimenduko arduradunak emandako balioaren inguruko desadostasunik badago, eragozpenak saihesteko, onena beste establezimendu batera joatea da.
  6. Zerbitzua amaituta, jantzia itzultzen dizutenean, komenigarria da zehatz-mehatz egiaztatzea zikin guztiak desagertu diren eta frogagirian jaso ez den kalterik eragin den.
  7. Uste baduzu ez dela ondo garbitu, berriz garbitzeko eskatu ahal izango duzu ordaindu gabe.
  8. Jantziak kalteren bat jasan badu garbiketan, kaltearen araberako kalte-ordaina eskatu ahal izango du, establezimenduko arduradunarekin ados jarrita.
  9. Ados jartzen ez bazarete, establezimenduan egon behar diren erreklamazio orriak erabil ditzakezu.
  10. Erreklamazioa ebazteko, tartekaritzari edo arbitraje sistemari eutsi, Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegoaren (KIUB), eskudun autonomia erkidegoaren kontsumo zerbitzuaren edo kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen bidez".

 

 

Tindategiak dira zerbitzua ematen den bitartean eragin daitezkeen kalteen arduradunak. Ondokoak hartu behar dira kontuan:

  • Zerbitzua egin baino lehen, frogagirian azaldutako ustezko kalteen edo narriaduren erantzukizunetatik libre gera daitezke.
  • Enpresak erantzukizuna badu jantzien kalteetan edo galeran, tindategiak frogagirian agertutako zenbatekoa (jantziaren balorazioa), hau da, kalte-ordaina ordaindu beharko du Baloraziorik egin ez bada, kalte-ordaina legeak ezarritako bitartekoen bidez eskatu behar da.
  • Jantzia galdu da, noiz eta bezeroak eskatzen badu eta enpresak itzultzen ez duenean hogeita hamar eguneko epean, itzultzeko ezarritako datatik zenbatzen hasita.
  • Emandako zerbitzua ez badator bat eskatutakoarekin (frogagirian jasotako oharrak kontuan izaki), berriz egiteko eskatu ahal izango dugu errekargurik gabe eta zerbitzuaren akatsak direla-eta aurkez daitezkeen erreklamazioak kontuan harturik.
  • Garbitze autozerbitzuetan, erantzukizuna makinaren funtzionamendu onagatikoa eta establezimenduak emandako garbiketa produktuen kalitateagatikoa bakarrik izango da.

 

Gomendioak

  • Behar bezala gorde frogagiria. Jantzia jasotzeko ezinbestekoa izango da eta frogagiri hori erreklamaziorako justifikazio agiria da.
  • Aldez aurretiko ordainketa, zatikakoa edo osorik, egitea, ados bazaude bakarrik.
  • Tindategira eramandako jantzien mantentze, garbitze eta lisatze jarraibideak ezagutu. Erraza da jantziari itsatsitako etiketen jarraibideei kasu eginez gero.
  • Zerbitzua ez bada zure gustukoa, saiatu zaitez ados jartzen tinategikoekin. Ados ezin bada jarri, tindategiak zure eskura jarri behar duen erreklamazio orria bete behar duzu.
  • Kontsumoko Arbitraje Sisteman parte hartzen duten tindategietara joatea arazoak konpontzeko berme eraginkorra da.

 

 

Azken aldaketako data: