Kontsumobide

Aseguruak

Erreklamazioa non aurkeztuErreklamazioa non aurkeztu Aseguru eta Pentsio Funtsen
Zuzendaritza Nagusiaren
Erreklamazio Zerbitzua (leiho berri batean irekitzen da)

Aseguru-kontratuen bidez, kontsumitzaileak prima bat ordaintzen du eta, horren truke, erakunde aseguratzaileak konpromiso hau hartzen du: kontratuak bere gain hartutako ezbehar bat gertatzen bada, eragindako kalteak ordaintzea edo kapital bat, errenta bat edo beste prestazio bat ematea, hitzartutakoaren arabera.

Espainian, Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusia da aseguru-produktuen erakunde gainbegiratzailea, eta hari dagokio aseguru-jarduera pribatuaren, aseguru pribatuen bitartekotza-jardueraren eta pentsio-plan eta -funtsekin loturiko jardueraren kontrola. Honako hauek eginiko jarduna gainbegiratzen du:

  • Erakunde aseguratzaileek: sozietate anonimoak, mutualitateak edo gizarte-aurreikuspeneko mutualitateak izan.
  • Aseguru-bitartekariek.
  • Pentsio-funtsen erakunde kudeatzaileek.

ECC/2502/2012 Aginduak arautzen du Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiari kontsultak, kexak eta erreklamazioak aurkezteko prozedura.

Klausulak izan daitezke:

Klausula zedarriztagarriak: aseguratutako arriskua zehazten dute. Asegurua zertarako den, eta kontratuak zein berme estaltzen dituen eta zein ez deskribatzen du, ezbeharra izanez gero, aseguratzaileak nahitaez estali behar dituenei dagokienez: kalte-ordainaren ordainketa, konponketa edo hitzartutako prestazioak.

Klausula mugatzaileak: behin ezbeharra izan ondoren, asegurudunak kalte-ordaina jasotzeko duen eskubidea mugatzen edo aldatzen duten. Kontratuan nabarmendu egin behar dira eta espresuki onartu egin behar direla, idatziz, bai baldintza partikular eta orokorrak jasotzen diren polizan bertan, bai beste agiri batean, Aseguru-Kontratuaren Legearen arabera. 

Beste aldetik, Auzitegi Gorenaren 2010eko uztailaren 1eko epaiak dioenez, erabat deusezak dira aseguru-kontratuetako honelako klausulak:

  • Gertakizuna suertatutakoan, kalteen ordainketa eskatzeko aseguruaren poliza orijinala bera aseguratzaileari eskura ematea eskatzen duena: jatorrizko polizarik gabe, aseguratua babesgabe geratuko litzateke aseguratzailearen aurrean.
  • Aseguru-kontratuaren funtsezko ezaugarriei buruzko informazioa ezkutatzen dutenak (arriskuaren mugaketa eta prestazioak), bizitza- zein auto-aseguruetan.
  • Lehenbiziko urteetan bizitza-aseguruaren erreskateagatik zigor-sistema neurrigabea ezartzen dutenak, eta, ondorioz, asegurudunari errenta ukatzea edota bere hasierako kapitalaren zati batean galerak sortzea.
  • Zuzenbide-defentsako aseguruetan, bezeroaren prokuradore eta abokatuaren gastuen ordainketaz aseguratzailea aske uztea, epaiketa bezeroak irabazi eta epaiketa-kostuak kontrako aldeari ordainarazten badio epaiak. Hala ez balitz, kontsumitzaileak aurreratu beharko luke gastuen ordainketa, eta aseguru-etxeak ez luke ezer ordainduko.
  • Aseguruak bere gain hartutako arriskua gertatuz gero, aseguru-etxeak kontratua bertan behera uzteko eskubidea gordetzen duenean.

Prima kontratuaren funtsezko elementu bat da, Aseguru-kontratuaren urriaren 8ko 50/1980 Legearen arabera. Horrenbestez, priman edozer aldaketa egiteak esan nahi du kontratua ere aldatzea, eta, beraz, balio izan dezan, bi kontratatzaileek halaxe nahi izan behar dute.

Aseguru-kontratua eta kontratu-aldaketak idatziz gauzatu behar dira. Aseguruaren prezioa aldatzeko, kontratuko funtsezko elementu bat dela kontuan izanik, bi aldeek ados agertu behar dute, eta akordio hori polizan bertan edo beste agiri osagarri batean idatziz jasotzea egindako aldaketaren frogagiria izango da.

Prima garestitu, honako bi kasu hauetan garestitu daiteke:

  1. Prima aldatzea kontratuan dago aurreikusita, eta zehaztuta dator, gainera, zenbat garestituko den, edo, gutxienez, kalkulatzeko zer bitarteko automatiko erabiliko den.  Kasu horretan, kontratua bera ari da gauzatzen, eta, horrenbestez, ez du hartzailearen beste onarpenik behar, horretarako baimena eman baitzuen hasieran, asegurua izenpetu zuenean.
  2. Primak aldatzea kontratutan aurreikusi ez bada, aldaketa onartu egin behar du aseguru-hartzaileak.  Estaldura-aldi berrirako garestitu nahi bada prima, erakunde aseguratzaileak kontratua bukatu baino bi hilabete lehenago adierazi behar dio prima zenbat garestituko den aseguru-hartzaileari. Asegurudunak prima garestitzea onartzen ez badu, erakundeak uko egin diezaioke hurrengo estaldura-aldirako kontratua luzatzeari.  Bi hilabeteko epea errespetatzen ez bada, ezingo da prima-igoerarik aplikatu hartzailearen baimenik izan gabe, eta horrenbestez, erakundeak aurreko aldiko prima errespetatu beharko du.  Indarrean den aldia amaitzen ez den bitartean, konpainiak ezingo du kontratua desegin, hartzaileak kontratutan aurreikusi gabeko prima-garestitzeari uko egin diolako.

Aseguratutako helburua desagertzen bada edo aseguru-kontratu bat estaldura-aldia bukatu aurretik uzten bada bertan behera, asegurudunak printzipioz ez dauka eskubiderik kontsumitu ez duen primaren partea itzultzeko. Behintzat, kontratuan beste zerbait xedatzen ez bada.

Aseguru-kontratuak esan nahi du aseguratutako pertsonaren arriskua aseguratzaileari pasatzen zaiola; horrenbestez, kontratuaren iraupena hasten denean sortzen da prima, eta hitzartutako epean dagoen ezbehar-arriskua estaltzen du.

Erabateko ezbeharra izaten bada edo aseguruaren helburua desagertzen bada, hartzaileak ordaindu gabeko prima zatikatuak izango ditu zorretan, baina aldiaren hasieran ordaindu baditu, ez du eskubiderik izango parte jakin bat berreskuratzeko.

Zenbait erakunde aseguratzailek euren polizetan klausula bat sartzen dute adierazteko, estaldura aldian egonik, eta aseguratutako helburua desagertu edo transmititzen bada, aukera izango dela denbora batean kontsumitu gabeko primari eutsi, eta hala, asegurudunak beste zerbait aseguratzeko egingo duen aseguruaren primari aplikatzeko. Kontratu-klausula hori egoteak ez du esan nahi erakunde aseguratzaileak asegurudunaren eskubideez abusatu behar duenik, ez eta mugatu behar dituenik ere.

Aseguru bat kontratatzeak maileguak lortzea errazten du eta, askotan, finantza-produktuen baldintzak hobetzen ditu. Hala ere, ez da derrigorrezkoa.

Hipoteka bat gauzatzerakoan soilik da derrigorrezkoa aseguru bat kontratatzea; hala jasotzen da Hipoteken Merkatua Erregulatzen duen martxoaren 25eko 2/1981 Legean.

 

Erreklamazio bat egin nahi baduzu:

  • Lehenik erreklamazio bat aurkeztu behar duzu erakundearen aurrean.
  • Erakundeak bi hilabeteko epean erantzun ez badizu edo erantzunarekin ados ez bazaude, erreklamazio bat aurkez dezakezu Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusian. ECC/2502/2012 Aginduak arautzen du Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren Erreklamazio-Zerbitzuari kontsultak, kexak eta erreklamazioak aurkezteko prozedura.
  • Aseguratzaileen publizitate osoa zorrotz aztertu, ez bakarrik zati erakargarrienak.
  • Baldintzak idatzita biltzen dituen agiria eskatu, erabakia hartu eta kontratua sinatu aurretik.
  • Ez sinatu ezer, ulertzen ez baduzu.
  • Finantza-erakundean bertan azalpenak eskatu  edo kanpo-aholkularitza bilatu, dena delako eskaintzaren zenbait termino ulertzen ez baduzu.
  • Kontratuen kopiak gorde beti.
  • Kontratuen klausula guztiak ondo ezagutu.
  • Abusuzko klausulak salatu.

Azken aldaketako data: