Kontsumobide

Halloween-eko mozorroen ikuskaritza-kanpainaren hasiera iragarri du Kontsumobideko zuzendari Nora Abetek

Argitalpen-data: 

Kontsumoko Euskal Institutuak kontrolak burutuko ditu hainbat alderdi aztertzeko, besteak beste, 12 hilabetetik gorakoentzat eta 14 urtetik beherakoentzat diren salgaien etiketak eta segurtasuna

Kontsumobideko zuzendari Nora Abetek adierazi duenez, Kontsumoko Institutuak ikuskaritza-kanpaina bati hasiera emango dio, Euskadiko saltokietan salmentan jarritako mozorroenak, hain zuzen ere, indarrean dagoen araudiak ezarritako segurtasun- eta etiketa-baldintzak betetzen ote dituzten ziurtatzeko. 

Urrian garatuko da ekimena. “Batetik, mozorroen etiketak eta nahitaezko markak eta oharrak aztertuko dituzte langileek. Eta laginak hartuko dira baita ere; lagin horiek laborategi batera bidaliko dira, ziurtatzeko segurtasun-baldintzak betetzen dituztelaazaldu du Abetek.

Araudiaren arabera, mozorro horiek jostailutzat hartzen dira. Etiketak informazio hau eraman behar du, gutxienez gaztelaniaz, eta ondo ikusteko eta irakurtzeko moduan:

  • CE
  • Fabrikatzailearen edo arduradunaren identifikazioa: izena, sozietate-izena edo marka eta helbidea.
  • Produktuaren identifikazioa: Lote-zenbakia, seriea, modeloa, edo produktua identifikatzeko aukera emango duen beste elementuren bat.
  • Produktuaren konposizioa.
  • Produktuaren erabilerarako neurria edo adin-tartea.
  • Ohar espezifikoak, behar izanez gero.

Segurtasunari lotutako baldintzak ere bete behar dira, besteren artean, mozorroek ezin dute: pieza txikiak eduki, kendu eta ahora eraman daitezkeenak; ez eta punta edo ertz zorrotzak ere; ez eta substantzia edo material arriskutsuak barnean izan ere. Bestalde, jantzi horiek ezin dituzte eraman sokak edo lokarriak, muturrak libre dituztenak burualdean edo lepoaldean.

Gomendioak

  • Ondo informatu edozein mozorro erosi aurretik, gerora gerta daitezkeen arazoak saihesteko.
  • Ondo begiratu etiketa, informazioaren elementu garrantzitsuenetakoa baita. Eskaini parametro objektiboak eta eman aukera produktuak konparatzeko.
  • Ziurtatu mozorroak Europako CE marka daramala.
  • Gorde etiketa produktuaren bizi-ziklo osoan zehar: baliteke geroago behar izatea, erosi ondoren.
  • Gorde fakturak edo ticketak, beharrezkoak baitira erreklamazio bat aurkezteko.
  • Erosi kontsumoko arbitrajeari atxikita dagoen saltoki batean, konponbide azkarra eta eraginkorra eskaintzen baitu gatazkarik sortuz gero.

Informazio gehiago: www.kontsumobide.eus