Kontsumobide

Kontsumobidek tabernak eta jatetxeak ikuskatuko ditu, kartan prezioa BEZarekin adierazten duten eta erreklamazio-orriak badituzten egiaztatzeko

Argitalpen-data: 

Kanpaina martxoaren 12tik 23ra bitarte egingo da hiru lurralde historikoetako establezimenduetan

Kontsumobidek ikuskapen-kanpaina bat jarri du abian, Euskadiko tabernek, kafetegiek eta jatetxeek araudia betetzen duten eta, ildo horretan, beren kartan eta prezioen zerrendan produktuen guztizko prezioa (BEZa barne) adierazten duten eta bezeroentzako erreklamazio-orriak badituzten egiaztatzeko. Kanpaina martxoaren 12tik 23ra bitarte egingo da, eta ostalaritza-sektorearen egoera haztatzeko eta, hala badagokio, irregulartasunei muga jartzeko aukera emango du.

Kontsumobidek ikuskapen-zerbitzuak dituzten kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoekin (KIUB) lankidetzan egingo ditu kontrolak. Helburua, nolanahi ere, hiru lurralde historikoetako establezimenduak ikuskatzea da.

Ikuskatzaileek, nolanahi ere, ostalaritza-negozioek indarrean dagoen legeriaren hainbat agindu betetzen dituztela egiaztatu beharko dute. Zehazki, salmentan dituzten produktuen guztizko prezioa (BEZa barne) agertzen duten egiaztatu beharko dute, zerga guztiak islatzen ez dituzten zerrendek araudia urratzen baitute, baita "BEZaren % 10 barnean hartu gabe", "BEZa barnean hartu gabe" edo antzeko abisuak txertatzen dituztenean ere. Era berean, ez da zuzena zenbatekoa eurotan adierazi ordez "merkatuko prezioaren arabera" adieraztea, horrek eragotzi egiten baitu benetako kostua aldez aurretik jakitea. Horrez gain, establezimenduek eskatzen dituzten kontsumitzaileentzako erreklamazio-orriak badituzten egiaztatu ahal izango da kanpainaren bidez. Hiru puntu horietako edozein bete ezean, zehapen-espedientea irekiko da.

Kontsumobidek, halaber, bisitaldi horiek baliatu nahi ditu tabernek, kafetegiek eta jatetxeek beren karteletan, zerrendetan edo bezeroek ikusteko moduko euskarri mota orotan janari eta edari guztien prezioei buruzko informazioa ematen duten aztertzeko. Gainera, terraza duten lokaletan edariak lokal barruan baino garestiagoak diren eta, garestiagoak badira, bezeroei horren berri ematen zaien egiaztatuko du.

Ikuskapen-kanpainaren helburua irregulartasunak zuzentzea bada ere, Kontsumobideren ustez, komenigarria da, halaber, kontsumitzaileak jarrera proaktiboa hartzen saiatzea. Hori dela eta, oso garrantzitsua da kontsumitzaileei informazioa eta prestakuntza eskaintzea, zer eskubide dituzten jakin dezaten eta eskubide horiek baliatzeko beharrezkoak diren tresnak izan ditzaten. Lokal batek prezioak ezein euskarritan erakusten ez baditu, Kontsumobidek dei egiten die herritarrei prezioak eska ditzaten, produktuen guztizko kostua zenbat den aldez aurretik jakiteko duten eskubidea baliatzeko eta, azken batean, espero gabeko zenbatekoak dituzten fakturak saihesteko.