Kontsumobide

Kontsumoko Euskal Institutuak eta Arrantza Sailburuordetzak baterako ikuskaritza-kanpaina bat egingo dute arrain freskoaren etiketatzea eta trazabilitatea ziurtatzeko

Argitalpen-data: 

Ekainaren 11tik 30era ziurtatuko dute langileek Euskadiko establezimenduek araudia betetzen ote duten

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak —Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikia— eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak— Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailaren menpekoa— baterako ikuskaritza egingo dute Euskadiko arrandegietan, supermerkatuetan eta hipermerkatuetan, arrain freskoaren etiketatzeari eta trazabilitateari buruz eskatzen den araudia betetzen ote duten ziurtatzeko. Ekainaren 11tik 30era garatuko da kanpaina, eta guztira 85 establezimendutan egingo da ikuskaritza, hiru lurralde historikoetan.

Kontsumobideko langileek egiaztatuko dute eskatzen den nahitaezko informazioa eskaintzen ote dieten saltokiek kontsumitzaileei, salgaien etiketatzean, karteletan edo haien ondoan ageri diren taulatxoetan. Europako araudiak adierazten duenez, saltokiek erakutsi egin behar dituzte espeziearen izen komertziala eta izen zientifikoa; itsasoan edo ur gezetan harrapatu den edo haztegikoa den; zein uretan harrapatu den edo zein herrialdetan amaitu den bere hazkuntza-aldia; erabilitako arrantza-tresnak; eta produktua aldez aurretik deskonjelatua bada. Gainera, azken prezioa adierazi behar dute.

Arrantza Sailburuordetzak, bere aldetik, arrantzako produktuekin batera erakutsi behar den dokumentazioan bildutako datuak aztertuko ditu, harrapatu, garraiatu eta banatu direnetik kontsumitzaileen eskueran jarri diren arte. Informazio horrek aukera ematen du aleen trazabilitatea ezagutzeko, eta horrek ahalbidetu egiten du jarraipen bat egitea haien sorburutik hasita eta komertzializazio-prozesu desberdinetan zehar.

Informaziozkoa

Informatzea da funtsean kanpainaren helburua: ziurtatzea saltokiek betetzen ote dituzten beren betebeharrak arrantzako produktuen komertzializazioan zehar. Horregatik, hasiera batean, erreklamazio-orririk ez duten nahiz kontsumitzaileei formulario horiek eskueran dituztela jakinarazteko kartelik ez duten saltokiei jarriko diete isuna ikuskatzaileek. Beste irregulartasunen bat ikusten badute, etiketatzearekin edo trazabilitatearen datuekin zerikusia duena, horren berri emango diote saltokiari, hutsegitea zuzen dezan.

Kanpainak aurreikusita du bigarren fase bat, araudiaren punturen bat betetzen ez zuten saltokiek informazioa zuzendu ote duten ikuskatzeko. Hala, Ikuskaritzak ikusten badu irregulartasunek jarraitu egiten dutela, isun bat jarri ahal izango du orduan.