Kontsumobide

Nora Abete, Kontsumobideko zuzendaria: "Lortu dugu 1.100 enpresa baino gehiago hilabeteko kontsumoko arbitrajeari atxikitzea"

Argitalpen-data: 

Euskadiko 15.900 negoziok baino gehiagok konpromisoa hartu dute dagoeneko kontsumitzaileekin dituzten arazoak judizioz kanpoko eta doako prozedura honen bidez konpontzeko

Euskadiko 1.100 enpresa, profesional eta saltoki baino gehiago atxiki zaizkio kontsumoko arbitrajeari, hilabetean baino ez, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Kontsumobidek abiarazitako azken kanpainari esker. Kontsumoko Euskal Institutuak, martxoaren 19aren eta 23aren artean, bilketa-plana abiarazi zuen, gatazkak konpontzeko metodo honen onezien berri emateko eta ahalik eta negozio-kopuru handiena ekimen honekin bat egitera gonbidatzeko.

"Gure helburua da gatazkak konpontzeko bide hori ahalik eta gehien sustatzea; izan ere, kontsumitzaileentzako eta enpresentzako berentzako onurak dakartza", esan du Nora Abete Kontsumobideko zuzendariak. "Prozedura egokia da; izan ere, bi aldeek denbora eta dirua aurrezten dute, gatazka bat konpontzeko orduan. Denbora, 90 egunean konpondu behar delako, arbitrajea hastea adosten denetik; eta dirua, erabat doakoa delako bi aldeentzat", azaldu du.

Programaren bidez, Euskadiko 59 udalerritan dauden establezimenduak bisitatu ahal izan dira. Gainera, ahalegin handia bideratu da Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordearentzat interes berezikoak diren sektore batzuetako enpresak erakartzera, besteak beste: irakaskuntza-akademiak, bidaia-agentziak, higiezinen agentziak, hortz-klinikak edo ibilgailuak konpontzeko tailerrak.

Kanpainaren emaitzak oso gogobetegarriak izan dira. Enpresa eta profesional gehiago sartu dira eta, dagoeneko, 15.900 baino gehiago daude Euskadin kontsumoko arbitrajeari atxikita. Judizioz kanpoko eta doako prozedura horren bidez, arin konpondu daitezke kontsumitzaile eta enpresa edo profesionalen artean egon daitezkeen gatazkak, justizia-auzitegietara jotzeko beharrik gabe. Gainera, bi aldeek desadostasuna arbitrajepean jartzea erabakitzen badute, galarazita geratzen da bide judiziala eta, beraz, abokatu edo prokuradoreak ordaintzeak eta, hala badagokio, kostu judizialek ekar dezaketen gastu ekonomikoa.

Funtzionamendu erraza

Arbitraje-funtzionamendua erraza da. Partikular batek arazo bat badu, produktu bat erosi edo zerbitzu bat kontratatu ondoren, eta enpresarekin akordiorik lortzen ez badu, erreklamazioa aurkez dezake Kontsumobiden. Kontsumoko Euskal Institutuak bitartekari-lanak egiten saiatzen da, bi aldeek irtenbide gogobetegarria hitzartzeko. Lortzen ez badu eta bi aldeek hala erabakitzen badute, borondatez, gaia kontsumo-arbitrajearen pean jarriko da.

Arbitro-organoa da desadostasuna ebazteko arduraduna, eta kide bakarrak edo batzuek era dezakete. Azken kasu horretan, presidenteaz gainera, pertsona kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erakundeetako ordezkariek eta enpresa-sektoreko edo profesionaleko ordezkariek parte hartzen dute. Erakundeak gaia aztertuko du, probak ikertu eta entzunaldia egingo du, bista judizial batean antzera, bakoitzak bere ikuspuntua azaltzeko. Prozesua amaitzean, laudoa emango du, nahitaez bete beharreko ebazpena, epai judizialaren antzera, eta gehienez 90 eguneko epea emango du, arbitrajea hasteko erabakia hartzen denetik aurrera zenbatzen hasita.