Kontsumobide

Kontsumobidek gogorarazten du ez dagoela bonbillen ordez etxean LED lanparak jartzera behartzen duen legerik

Argitalpen-data: 

Kontsumobide – Kontsumoaren Euskal Institutuak jakin du salmenta-jardunbide irregularrak egiten ari direla, LED instalazioak saltzeko. Etxera egiten dira bisitak, enpresa baten izenean, eta etxeetako bonbillen ordez LED lanparak jartzeko legezko ustezko betebeharraren berri ematen dute; helburua enpresarekin kontratua sinatzea da. Kontsumobidek nabarmendu nahi du ez dagoela bonbillarik aldatzeko inolako legezko betebeharrik.

Antza denez, etxeak bisitatzen dituzten pertsonek jabeei etxeetan LED argiak instalatzera behar duen ustezko lege bat dagoela esaten diete, eta existitzen ez den dirulaguntza baten berri ere ematen dute; horrela, dei bat simulatzen dute, dirulaguntzarako eskubidea duzula egiaztatzeko. Esan bezala, ez dago LEDa jartzeko legezko betebeharrik eta, gainera, ez dago Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik, une hauetan.

Gogorarazi behar da ez dagoela merkataritza-bisita bati ere atea irekitzeko beharrik eta, egoera horien aurrean, Kontsumobidek zuhur jokatzea gomendatzen du, bai eta erosi aurretik merkataritza-presioa saihestea ere, eta behar bezalako hausnarketa egin eta lasaitasunez irakurri gabe kontraturik ez sinatzea edo onartzea. Halaber gogorarazten da ez dela datu pertsonalik edo banku-daturik eman behar. Etxeko salmentetean, iritzia aldatu eta kontratua deuseztatzeko eskubidea dago (atzera egiteko eskubidea). 14 eguneko epea dago. Kontratuan atzera egin edo deuseztatzeko, kontratuarekin batera dagoen atzera egiteko inprimakia bete behar da, eta enpresari bidali behar zaio, posta elektronikoz edo burofaxez. Garrantzitsua da jakitea atzera egitea etxeko lanparak aldatzeko obrak hasi aurretik aurkeztu behar dela.

Kontratuarekin lotura duen finantzaketarik sinatu bada, hura ere deuseztatu egingo da, atzera egiteko eskubidea baliatzean.

Eskubideak urratu direnean edo hala egin dela ulertzen denean, erreklamazioa aurkez daiteke Kontsumobiden, hurbilen dagoen KIUBean edo online, www.kontsumobide.eus webgunean.