Kontsumobide

Produktuen bermeak

Legeak kontsumitzaileei aitortzen dien eskubidea da bermea eta kontsumo pribatuko ongietan eragiten du. Produktuaren salerosketan aurkitutako akats edo egokitasun ezaren aurrean babesa ematen du bermeak, epealdi jakin batean. Bermeak instalazioa babesten du ere, baldin eta produktuarekin batera prezioan sartu da.

Produktuen erosketarako egokitasun-printzipioa ezagutzea garrantzitsua da: salerosketan eskuratutako produktua kontratuan zehaztutakoarekin konforme ez denean, legezko bermeak kontsumitzailea babesten du. Egokitasun-printzipioa enpresa bat eta pertsona fisikoen arteko kontsumo harremanetan ezartzen da eta, pertsona juridikoen kasuan, enpresa zein lanbide-jardueratik kanpoko kontsumo harremanetan.

Printzipio horrek produktuen salerosketa kontratuetan eta ekoiztu behar diren produktuen (errezelak, altzariak, etab.) horniketa kontratuetan eragina du.

Bi berme-mota daude: legezkoa eta berme komertziala.

  • Legezko bermea derrigorrezkoa da eta ezarri dakiokeen edozein produktu babesten du. Legezko bermeak ez du eraginik norbanakoen artean eginiko ongien salerosketetan.
  • Berme komertziala enpresek eskaini dezaketen berme gehigarria da. Ezin ditu inoiz legezko bermeak ematen dituen baino babes gutxiago eman.

Ez da beharrezkoa bermeari zigilua jartzea: funtsezkoena produktuaren erosketa gordailua gordetzea da. Dokumentu hori produktua eskuratu zen dataren ziurtagiria baita eta bermea indarrean dagoen jakiteko balio du.
Berme komertzial gehigarriaren kasuan kontsumitzaileak bermearen jatorrizko dokumentua gorde beharko du.

Zein da produktuaren egokitasun ezaz erantzuteko epea?

Saltzailea produktuaren egokitasun ezaren erantzulea da.

  • Produktua berria denean, kontsumitzaileak jaso duenetik eta hurrengo bi urteetan zehar erantzun beharko du.
  • Bigarren eskukoetan, berriz, epealdi txikiago bat ezarri daiteke, baina ezin da urte bat baino gutxiagokoa izan.

Saltzailea jadanik existitzen ez denean, zuzenean produktuaren ekoizlearengana jotzeko eskubidea daukazu.

Bermearen indarreko epeak ezaugarri berezi batzuk dauzka:

  • Produktuaren akatsa, berriz zein bigarren eskukoa bada ere, entrega-dataren osteko lehenengo 6 hilabeteetan agertzen denean, legeak aurreikusten du kontsumitzaileari produktua entregatu zitzaionean egokitasun eza bazegoela. Kasu horretan saltzaileak frogatu beharko du produktuak akordatutako baldintzak betetzen zituela eta akatsa produktuaren erabilera desegoki baten eragina dela.
  • Lehenengo 6 hilabeteen ostean eta produktuaren entrega-datatik bi urte igaro diren arte, legeak ez du jadanik ezer aurreikusten. Beraz, zuk zein saltzaileak argudiatzen dituzuen horiek egiaztatzeko frogak eman beharko dituzue.

Zein da bermearen epealdiaren erreferentzia-data?

Fakturan edo erosketa gordailuan adierazten den data da, edo emate-agiriarena geroagokoa bada. Horregatik, nahitaezkoa da dokumentu horiek gordetzea.

Akatsa edo egokitasun eza aurkitzen baduzu, lehen pausoa produktuaren konponketa edo ordezkapena saiatzea izango da. Saltzaileari okerraren berri eman behar diozu produktuaren akatsa aurkitzen duzunean eta, gehienez, bi hilabeteko epealdian. Bi aukera daude:

Produktuaren konponketa eta ordezkapena

Produktu akastuna konpondu edo ordezkatzea erabakitzen duzunean, saltzaileak zure erabakia errespetatzeko betebeharra dauka, aukeratutakoa egitea ezinezkoa edo neurrigabekoa denean izan ezik. Aukerak arrazoizkoak izan behar dira beti eta horretarako ondorengoa kontuan hartu behar da: produktuak izango lukeen prezioa egokia balitz, akatsaren garrantzia eta beste irtenbide bat aukeratzekotan kontsumitzaileak jasan zitzakeen arazoak.

Produktuaren konponketa eta ordezkapena ondorengo arauak bete behar dituzte:

  • Kontsumitzaileentzat dohainekoak izan behar dira (joan-etorriak, garraioa, eskulana, etc.).
  • Arrazoizko epealdi batean egin behar dira, beti ere produktuaren izaera kontuan hartuta.
  • Konponketa irauten duen bitartean bermearen epealdiaren zenbaketa eten egiten da, kontsumitzaileak produktua konponduta jasotzen duen momentura arte.
  • Ordezkapenaren kasuan, kontsumitzaileak produktu berria jasotzen duen momentuan, ordezkatutako produktuari gelditzen zaion bermearen epealdiaren zenbaketa berriz aktibatzen da.
  • Produktua konpondu denean baina desegokia izaten jarraitzen denean, kontsumitzaileak produktuaren ordezkapena, prezioaren beherapena edo kontratuaren suntsiaraztea erabaki dezake. Era berean, produktuaren ordezkapena desegokia denean, konponketa, beherapena edo kontratua suntsiaraztea aukeratu daitezke.

Prezioaren beherapena eta kontratua suntsiaraztea

Konponketa edo ordezkapena posibleak ez direnean prezioaren beherapena edo kontratua suntsiaraztea erabaki daiteke. Halaber, arrazoizko epealdi batean burutu ez direnean edo kontsumitzailearengan arazoren bat eragiten dutenean, aipaturiko beste bi irtenbideetako bat aukeratu daiteke.

Edozein kasutan, zu zara erabakitzen duena eta lehenengo aukera produktua konpondu edo ordezkatzea da. Produktuaren egokitasun eza oso garrantzitsua ez denean ezin duzu kontratua suntsiarazpena eskatu. Prezioaren beherapena produktua egoera egokian izango lukeen prezioa eta produktu akastunak merkatuan duen prezioarekin proportzionala izan behar da.

Berme komerztiala ez da derrigorrezkoa. Enpresek eskaini dezaketen berme gehigarria da. Plusa da eta, beraz, ezin dute eragin erositako produktuaren edozein egokitasun ezaren aurrean dauzkazun eskubide legaletan.

Izaera iraunkorreko produktuetan (ibilgailuak, tresna elektrikoak, elektronikoak, informatikoak, etab.) idatzizko euskarrian aurkeztu behar da edo bestelako euskarri iraunkorrean (sms, e-mail, web orrialdea, etab.), horrela eskatzen baduzu. Berme komertzialak ezin ditu inoiz legezko bermeak eskaintzen dituen eskubideak baino eskubide gutxiago eman.

Legeak eskatzen duenaren arabera, berme komertzialek gutxienez ondorengo informazioa eman behar dute:

  • Bermeak babestutako produktuaren identifikazioa: marka, modeloa, produktua...
  • Bermatzailearen (bermearen erantzulea) izena eta helbidea.
  • Berme komertzialak legezko bermeak ematen dituen eskubideengan eraginik ez duela adierazi.
  • Bermeak ematen dituen eskubide gehigarriak eta nola egikaritu behar diren. Ematen ez dituen eskubideak zeintzuk diren aipatu behar dira ere.
  • Bermearen epealdia eta bere eraginkortasun geografikoa.
  • Kontsumitzaileari ematen zaizkion erreklamazio-bideak.
  • Faktura edo erosketa gordailua gordetzea, erosketaren datuak edukitzeko eta, bere kasuan, ukapen eskubidea egikaritu ahal izateko. Kontuan izan fakturek ez dutela beti ordainagiri balioa, produktuaren erosketa ordaindu dela zehaztu behar delako. Fakturan aipatu beharrekoak: saltzailearen nortasuna eta helbidea, bere IFK edo IFZ, produktua, prezioa, erosketa-data eta ordainketa modua.
  • Produktu bat baino gehiago erosterakoan, fakturan artikulu bakoitzaren deskribapena eta prezioa banakatzeko eskatu.
  • Berme komertzialei buruz informazioa jaso eta erositako produktua itzultzeagatik zein kasutan dirua bueltatzen duten ezagutzea.

Liburuxkak

Produktuen bermeak. Laguntza teknikoko zerbitzuak (2016)

Informazio-orria deskargatu (pdf, 345 kB)

Produktuen bermeak. Gomendioak (2013)

Liburuxka deskargatu (pdf, 788 KB)

Erlazionatutako estekak

Kontsumobideren bloga:

Azken aldaketako data: