Kontsumobide

Ur-hornidura

Ur-horniketa Udalen eskumena da. Udalek ura hornitu dezakete zuzenean edo zerbitzuaren konpainia emakidadun batek egin dezake. Hori jakinda, Udalek kudeaketa modu ezberdinak hautatu ditzakete:

  • Modu zuzenean.
  • Enpresa baten bitartez, kapital pribatu, publiko zein mistokoa.
  • Udalerrien mankomunitate baten bitartez edo beste Administrazio Publikoekin egindako partzuergoen bitartez.

Horniketa-zerbitzuaren kontratua idatziz gauzatu behar duzu. Eman behar duzun informazioa zein den jakiteko, aldez aurretik Udaletxean edo zerbitzua ematen duen enpresan galdetu behar duzu. Hauek dira normalean eskatzen diren datuak:

  • Horniketaren titularraren izena eta NAN zenbakia.
  • Etxebizitzaren erosketa edo alokairuaren kontratua.
  • Etxebizitzaren helbidea.
  • Bizigarritasun zedula.
  • Banku-datuak, zerbitzua helbideratuta baldin badago.

Kontratua sinatu ostean, horniketaren konpainiak alta emango dio zerbitzuari eta ur-kontagailua jarriko du etxebizitzan.

Uraren zerbitzuagatik kobratzen diren tarifak asko aldatzen dira toki batetik bestera, ordainagiriaren egituran zein bere zenbatekoan:

  • Hainbat Udaletan kuota bat ordaindu behar da ur-zerbitzua erabiltzeko eskubideagatik. Beste batzuetan ur-kontsumo minimoko tarifa bat ezartzen da, urik kontsumitu ez bada ere.
  • Kontagailuaren azken irakurketa eta irakurketa berriaren arteko diferentziatik sortutako ur-kontsumoa. Hainbat tokitan dena prezio berean fakturatzen da; beste batzutan prezio desberdinak ezartzen dira kontsumo-tarteen arabera, adibidez, aldez aurretik ezarritako mugetatik gora kontsumitzerakoan.
  • Ur-horniketaren ordainagiriarekin batera beste kontzeptu batzuk kobratu ohi dira, Udalerriaren arabera ezberdinak, esate baterako: saneamendua eta garbiketa. Adibidez, Bilboko Metropoli-Barrutian ur-horniketaren kontsumoaz aparte beste kopuru bat kobratzen da Saneamendu Plan Integrala finantzatzeko.
  • Kontagailuaren alokairua, bere kasuan.
  • Ordainagirian datozen kontzeptuei dagozkien BEZa. Ur-kontsumoak %10ko tipoa dauka.
  • Konpainia hornitzailea da uraren kanpoko kanalizazioaren arduraduna da eraikinaren sarreraraino.
  • Jabeen elkartea eraikinaren sarreratik etxebizitza bakoitzerako tarteaz arduratzen da.
  • Kontsumitzaileen erantzukizuna etxebizitzaren barnealdea da.

Konpainiak horniketa moztu dezake zerbitzua ordaindu ez delako edo matxuraren bat gertatu denean, baina aurretik kontsumitzailea abisatu beharko du.

Ur-horniketa zerbitzuan baja idatziz eskatu behar da eta NAN edo IFZ dokumentuen kopia bat.

Oso garrantzitsua da kontratua irakurtzea sinatu aurretik.

Ura aurreztea behar-beharrezkoa da, horregatik komenigarria da ondorengo aholkuak jarraitzea:

  • Erabil itzazu ur-tanga erregulagarriak dauzkaten komunak, behar baino ur gehiago ez erabiltzeko.
  • Ez ezazu erabili komuna paperontzia balitz bezala.
  • Hobe da dutxatzea, bainatzea baino; 150 litro arte aurreztu ditzakezu, bainatu ordez dutxatzen zaren bakoitzean.
  • Matxurak lehenbailehen konpondu, nahiz eta txikiak izan. Tantak isurtzen zaizkion txorrotak egunean 30 litro ere galdu ditzake.
  • Barreiatzaileak eta bestelako aurrezki-mekanismoak jarri txorrotetan.
  • Egokitu ezazu uraren presioa zure beharretara.
  • Garbigailua eta ontzi-garbigailua bete arte ez erabili.
  • Etxetresna elektrikoak aldatu behar badituzu, erosiko dituzunen energia-eraginkortasuna zein den baloratu.
  • Eguneroko zereginetan erabiltzen duzun ur guztia beharrezkoa den aztertu. Hortzak garbitzerakoan, eskuak xaboitzean, bizarra kentzean, barazki eta frutak garbitzerakoan, dutxatzean, automobila garbitzerakoan, eta abarretan, ez da beharrezkoa etengabe txorrota zabalik mantentzea.

Azken aldaketako data: