Kontsumobide

6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena: Zioen azalpena

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa gure ordenamenduko hierarkia-mailarik gorenean jarri zen, botere publikoek bermatu beharreko gizarteko eta ekonomiako politikaren printzipio gidari nagusietako bat bezala, eta, orobat, babes hori Zuzenbideko printzipio orokor gisa karakterizatu zen, esan nahi baita, legeria positiboak, praktika judizialak eta botere publikoen jardunak aintzat hartuko dutela kontsumitzaileen eta erabiltzaileen errespetua eta babesa. Autonomia Erkidegoak kontuan izan zuen hori guztia bere eskumenen esparruan lehenengo autonomia-araua (Bezeroaren Araudiaren azaroaren 18ko 10/1981 Legea) eman zuenean; arau horren bidez, esparru orokor bat ezarri zuen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babesteko. Lege hori erregelamendu bidez garatu da, eta maila praktikoko hainbat jarduerari bide eman die.

Araua eman zen garaian, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa gai berria zen eta, hartara, zehaztu gabe zeuden bere eduki doktrinalak eta jurisprudentziakoak, eta, halaber, finkatu gabe zeuden autonomia-erkidegoen eskumenen mugak. Hori dela-eta, legegileak arau programatiko bat egin behar izan zuen; baina, hala eta guztiz ere, etapa bati eman zion hasiera ?eta hori da bere dohainik onena, gero beste autonomia-erkidego batzuek, baita Estatuak berak ere, garatuko zuten etapa, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko zereginean guztiz lagungarria izan dena.

Hogei urte baino gehiago igaro dira arau hori onetsi zenetik, eta, hala, beraz, alde handiak daude garai hartako eta egungo egoeraren artean. Aldeak daude, batetik, arlo horretako eskumenak banatzeko orduan, zehaztuago dagoen legezko eta jurisprudentziazko doktrina bat dagoelako; eta, bestetik, aldeak daude kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babeserako erakunde publikoen eta pribatuen sareak garatzeari dagokionez, horrelako sareak sortu direlako bai gizartearen baitatik bai euskal administrazio publikoen eskutik.

Beste alde batetik, harrez gero, Amsterdamgo Ituna sartu da indarrean, Europar Batasunak emandako araudi-multzo bat bada eta araudi horietako batzuk Autonomia Erkidego honetako administrazio publikoek aplikatu behar dituzte; merkatuak eta zerbitzuak globalizatzen ari dira; egungo gizarteak behar berriak ditu; garapen teknologikoak izan dira, eta Europako diru bakarra sartu da indarrean. Eragile horien guztien ondorioz, merkatu tradizionala aldatzen duten era berriak sortu dira zerbitzuak egiteko eta produktuak eskaintzeko.

Horiek horrela, aurreko legea aldatu beharra dago, eta esparru berri eta egoki bat finkatu behar da kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsarako lagungarri diren alderdi guztiak araupetzeko. Izan ere, alderdi horietako batzuk ez zeuden behar bezala araututa lege zaharrean, bere edukiak mugatuta zeudelako; eta orain, berriz, aintzat hartzen dira, euskal administrazio publikoen jardueren esparru orokor berria finkatzerakoan.

Legegintzako teknikak bi aukera hauek eskaintzen ditu lege-arau bat aldatzeko: zati bat aldatzea edo erabat indargabetzea. Bi aukera horien artean, azkena hautatu dugu, egokiago iruditu zaigulako arau bat aldarrikatzea, eta, era horretan, arau berri horrek dituen helburuengatik eta asmoengatik, aurreko araua nabarmenki aldatzea. Dena dela, litekeena da arau berriak Bezeroaren Araudiaren azaroaren 18ko 10/1981 Legearen eduki batzuk bere horretan jasotzea.

Arau hau aldarrikatuz, aurreko legeak zituen hutsuneak beteko dira, eta, gainera, Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek tresna egokia izango dute eskura beren erregelamenduak egiteko lana eta administrazioko jarduera kokatzeko. Tokiko administrazioek, eskumenak eman zaizkienez, eremu zabala dute kontsumitzaileen eta erabiltzaileen alde aritzeko, eta Eusko Jaurlaritza izango da erantzulea lurralde osoan.

Legeak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen eta, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen aginduetara egokitzen ditu zenbait administrazio-jarduera.

Legeak administrazio publikoen eskumenak zehazten ditu Euskadiko lurralde-eremuan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesari begira, Toki Administrazioak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsan eta babesean betetzen duen zeregina handitzen du, eta ahaleginak egiten ditu instituzioen arteko koordinazioa lortzeko, funtzioak eta zerbitzuak bikoiztea saiheste aldera.

Legeak beste ikuspegi batetik bideratzen du kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen onespena, eta agortu egiten du horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren eskumenen esparruan duten erregulazioa. Hizkuntza-eskubideak aintzat hartzen ditu, eta, horrenbestez, Euskararen Erabilpena Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraiki, Autonomia Erkidegoan dauden bi hizkuntza ofizialetako bata zein bestea erabiltzeko eskubidea aitortzeaz gainera, dagokigun arloan euskara ?berariaz progresibotasun-printzipioari jarraituz sustatzeko asmoa ere agertzen du.

Legeak iruzurrezko publizitatearen euskal araudia indargabetzen du, Estatuko legegilearen aukerarekin bat etorriz, eta, hala, jurisdikzio-sistema bat ezartzen du sortutako eztabaidak konpontzeko ?kasu honetan, publizitateko jarduerak sortutako eztabaidak konpontzeko, eta eteteko eta zuzentzeko ekintzei bide emateko; 1998ko maiatzaren 19ko 98/27/EE Zuzentarauaren transposizioak indartu eta sustatu egin ditu ekintza horiek.

Legeak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babes-maila igotzen du, gizarteko eragile guztiekin ?gehienbat, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteekin parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko formulen bidez, eta euskal mugimendu asoziatiboa indartzea eta maila guztietan ?hala publikoetan nola pribatuetan koordinatzea hartzen du xedetzat, egin beharreko ekintzak hobeto planifikatzeko eta prebentzioko zereginei bide emateko. Eskakizun horren ondorioz, kontsumoko informazio eta laguntza zentroen sarea sortu da.

Legeak, arlo horretan ohikoa den horizontaltasunari jarraiki, Kontsumoko Koordinazio Batzordea sortzen du, Eusko Jaurlaritzaren sailen arteko elkartokia izango den administrazio-organoa.

Legeak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen autobabes-maila igotzen du, sentsibilizatzeko, informatzeko eta prestatzeko proiektuak eta programak ezartzen baititu, eta, gisa horretan, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak trebatzen baititu informazioaren eta jakintzaren gizartearen erronkei aurre egin ahal izan diezaieten eta merkatuan dauden produktuetan eta zerbitzuetan kalitate-parametroak betetzeko eska dezaten.

Dena dela, legeak esparrua ezartzen du, baina, gero, garatzen joan beharko da arian-arian, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen alde egiteko eta babesteko arauen bidez dagoeneko ibilita dagoen bidea gorabehera. Era horretan, araudi sektorial autonomiko osoa lortu nahi da, operadore juridikoari segurtasun eta argitasun gehiago emango dion eta kontsumitzaileei eta erabiltzaileei bigarren transformazio ekonomiko honi bermez aurre egiteko aukera emango dien araudia.

Legearen aurkibidea Araudira itzuli

 

Azken aldaketako data: 2017/04/20