Kontsumobide

6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena: Xedapen orokorrak

 

I. Titulua - Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua

Lege honen helburua da kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babestea, aldeztea eta sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.

2. artikulua. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko printzipio orokorra

Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoen jarduerak eta legeriak aintzat hartuko dituzte kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsa eta babesa.

3. artikulua. Kontsumitzailearen eta erabiltzailearen definizioa

  • 1. Lege honen ondorioetarako, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak honako hauek dira: edozein nazionalitate edo bizileku duten pertsona fisikoak edo juridikoak, ondasun higigarriak edo higiezinak, produktuak edo zerbitzuak azken hartzaile gisa eskuratzen, erabiltzen edo baliatzen dituztenak, baldin eta hornitzailea enpresa bat edo profesional bat bada, edota Administrazioa bera bada, zerbitzuak egitean edo produktuak hornitzean zuzenbide pribatuko erregimenean arituta.
  • 2. Ez dira kontsumitzailetzat edo erabiltzailetzat joko produktuak, ondasunak eta zerbitzuak ekoizpen-prozesu batean txertatzen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, nahiz eta prozesu hori egitean zuzeneko mozkinik ez izan.

4. artikulua. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen oinarrizko eskubideak honako hauek dira:

  • a) Beren osasunerako eta segurtasunerako kaltegarriak izan daitezkeen arriskuen aurrean babes osoa ematea; beraz, ingurumena kaltetu dezaketen arriskuak barne hartzen dira.
  • b) Beren bidezko interes ekonomikoak eta sozialak babestea.
  • c) Babes juridikoa, administratiboa eta teknikoa ematea eta izandako kalte-galeren konpontzea eta ordaina ematea.
  • d) Kontsumo-arloan informazioa eta heziketa ematea.
  • e) Erakundeen bidez, beren interesen alde egiteko ordezkaritza izatea, eta dagozkien gaietan parte hartzea eta aholku eskatzea.
  • f) Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea lege honek eta ordenamendu juridikoaren gainerako legeek ezartzen dutenari jarraiki.

5. artikulua. Lehentasunezko babesa

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak honako egoera hauetan babestuko dira lehentasunez:

  • a) Erabilera edo kontsumo arrunt, ohiko eta orokorreko produktuekin edo zerbitzuekin zuzeneko lotura badute.
  • b) Banaka zein talde gisa desabantaila, mendekotasun edo babesgabetasun egoeran egonik babes berezia behar duten gizataldeei eragiten dietenean.

6. artikulua. Eskubideen ukaezintasuna

Lege honek eta bere arau osagarriek onartzen dituzten eskubideak erabili aurretik, erabat deuseza da uko egitea edota itunik egitea, itun horren xedea aplikazioa baztertzea bada. Lege honi edo lege honen arau osagarriei iruzur egiten dieten ekintzak gorabehera, saihestu nahi den araua aplikatu egingo da, legeria zibilari jarraiki.

Legearen aurkibidea Araudira itzuli

 

Azken aldaketako data: 2017/04/20