Kontsumobide

6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena: Osasunari eta segurtasunari lotutako eskubideak

II. Titulua - Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

I. Kapitulua - Osasunari eta segurtasunari lotutako eskubideak

 

I. Kapitulua - Osasunari eta segurtasunari lotatuko eskubideak

7. artikulua. Printzipio orokorrak

  • 1.- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskura jartzen diren produktuak eta zerbitzuak ez dira arriskutsuak izango haien osasunerako eta segurtasunerako, ezta ingurumenerako ere, erabilerako baldintza arruntetan edo aurreikus daitezkeen baldintzetan ohituraz edo erregelamenduz onartuak diren arriskuak alde batera utzita.
  • 2.- Oro har, erabilerako baldintza arruntetan eta aurreikus daitezkeen baldintzetan ohituraz edo erregelamenduz onartuak diren arriskuak aldez aurretik jakinarazi behar zaizkie kontsumitzaileei eta erabiltzaileei, argi eta garbi jakinarazi ere, bide egokiak erabiliz eta 15.f) artikuluan ezarrita dagoenari jarraiki.
  • 3.- Honako hau joko da produktu segurutzat: erabilerako baldintza arruntetan edo erraz samar aurreikus daitezkeen baldintzetan ?iraupena barne hartuta? kontsumitzaileentzat eta erabiltzaileentzat inolako arriskurik ez duena, edo arriskurik txikienak besterik ez dituena; arrisku txiki horiek gorabehera, produktuak erabiltzeko moduan egon behar du, arrisku horiek onargarriak izan behar dute, eta, horretarako, pertsonen osasuna eta segurtasuna, eta, orobat, ingurumena, hein handi batean babestu behar dituzte. Ildo horretan, honako osagai hauek hartzen dira aintzat bereziki:
    • a) Produktuaren ezaugarriak, eta, besteak beste, osaera, paketatzea eta muntatzeko eta mantentze-lanetarako jarraibideak.
    • b) Beste produktu batzuetan duen eragina, lehenengo produktua besteekin erabiliko dela erraz samar aurreikusi ahal bada.
    • c) Produktuaren aurkezpena, etiketak, erabiltzeko eta, hala behar denean, ezabatzeko jarraibideak, eta, era berean, pertsona edo erakunde ekoizleak emandako beste edozein argibide edo informazio.
    • d) Produktua erabiltzean arrisku gehien izan dezaketen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kategoriak, bereziki haurrak eta nerabeak.
  • 4.- Segurtasun handiagoa lortu ahal izatea edo arrisku gutxiagoko produktuak eskuratu ahal izatea ez da nahikoa izango produktu bat arriskutsutzat edo segurtasunik gabekotzat jotzeko.

8. artikulua. Erantzuleak

  • 1.- Produktuak, ondasunak eta zerbitzuak ekoizten, inportatzen, banatzen edo manipulatzen dituztenek eta, orobat, lehenik merkaturatzen dituztenek produktu edo ondasun seguruak eman behar dituzte eta zerbitzu seguruak egin.
  • 2.- Merkaturatze-kateko profesional gisa, produktuak, ondasunak eta zerbitzuak banatzen eta saltzen aritzen direnek prestasunez jardun behar dute, seguruak ez diren produktuak, ondasunak eta zerbitzuak merkatuan ez jartzeko; eta baldin eta, eskura duten informazioan oinarrituta, produktuak, ondasunak eta zerbitzuak seguruak ez direla jakiten badute edo jakin behar badute, ez dituzte merkaturatuko.
  • 3.- Batez ere, merkaturatzen dituzten produktuen eta ondasunen eta egiten dituzten zerbitzuen segurtasuna zaintzen hartu behar dute parte, dagozkien jardueren mugen barruan, eta, horretarako, informazioa eman behar dute produktuek, ondasunek eta zerbitzuek dituzten arriskuei buruz, eta lankidetzan aritu behar dute arriskuak saihesteko hasita dauden jardueretan.

Legearen aurkibidea Araudira itzuli

 

Azken aldaketako data: 2017/04/20