Kontsumobide

6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena: Babes juridikorako eta kalteen konponketarako eskubidea

II. Titulua - Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

 

III. Kapitulua - Babes judirikorako eta kalteen konponketarako eskubidea

10. artikulua. Kalteen konponketa

Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek babes juridiko eraginkorra jasotzeko eskubidea dute, merkatuan eskura jartzen zaizkien ondasunak eta zerbitzuak erostean, erabiltzean edo baliatzean har ditzaketen kalteak konpontzeari eta kalte-galeren ordaina hartzeari dagokionez.

11. artikulua. Erreklamazio-orriak

  • 1.- Kontsumitzaile eta erabiltzaileei erreklamazioak egitea erraztearren, Euskal Autonomia Erkidegoko saltoki, zerbitzu eta jarduera profesional guztiek erreklamazio-orriak izan beharko dituzte haien eskueran.
  • 2.- Erreklamazio-orriak erabiltzea bateragarri da erreklamazioak zuzenbidean onartutako beste edozein bidez egitearekin, bide telematikoak barne.
  • 3.- Erregelamendu bidez ezarriko dira erreklamazio-orrien ereduaren ezaugarriak, orri horiek badirela jakinarazteko era eta erreklamazio horiek tramitatzeko prozedura.
  • 4.- Idatziz aurkeztutako erreklamazio guztiei erantzun beharko die Administrazio eskudunak, interesatuei arrazoiak jasotzen dituen idazkia bidaliz.

12. artikulua. Bitartekaritza

  • 1.- Euskadiko administrazio publikoek, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteekin lankidetzan, kontsumo-arloko gatazkak eta erreklamazioak borondatez ebazteko sistema eragileak jarriko dituzte kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskura, baita profesionalen eta enpresaburuen eskura ere.
  • 2.- Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek, kontsumoko gaietan eskumenak dituzten administrazio publikoetan, enpresen eta profesionalen aurka jartzen dituzten salaketak eta egiten dituzten erreklamazioak izapidetzeko administrazio-prozedura erregelamenduz araupetuko da. Hori gorabehera, egin beharreko ikuskatze-lanak egingo dira eta bidezkoak diren zehapenak jarriko dira. Prozedura borondatezkoa izango da alderdientzat, eta jasotzen diren erreklamazio guztiak, erreklamatzailea edo erreklamatzaileak zein diren jakiteko aukera ematen duen edozein euskarri iraunkorretan jasotakoak, aintzat hartuko direla eta erantzun egingo zaiela bermatuko da beti.

13. artikulua. Arbitrajea

  • 1.- Euskadiko administrazio publikoek, dagozkien eskumenen esparruan, kontsumoko arbitraje-sistemaren garapena sustatuko dute.
  • 2.- Euskadiko administrazio publikoek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak, enpresaburuen eta profesionalen elkarteak eta, orobat, beren erakundeak kontsumoko arbitraje-sistemari atxikitzea bultzatuko dute; eta, sistema indartzeko, lankidetza-hitzarmenak izenpetu ahal izango dira. Era berean, enpresa publikoak sistemari atxikitzea bultzatuko da.
  • 3.- Bestalde, dauden biztanleen edo arbitraje-eskaeren kopurua dela-eta horrela eskatzen duten udalerrietan edo mankomunitateetan, Eusko Jaurlaritzak arbitraje-elkargoak ezartzeko hitzarmenak sinatzea bultzatuko du; elkargo horiek, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumoko Arbitraje Batzordearen menpe egongo dira.

Legearen aurkibidea Araudira itzuli

 

Azken aldaketako data: 2017/04/20