Kontsumobide

6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena: Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak

II. Titulua - Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

 

VII. Kapitulua - Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak

37. artikulua. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak

Kapitulu honetan ezarritakoarekin eta bertan biltzen diren progresibotasun-baldintzekin bat etorriz, kontsumitzaile eta erabiltzaileek honako hizkuntza-eskubideak dituzte:

  • a) Ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzekoa, lege honetako 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
  • b) Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatzen diren enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan, ofizialak diren bi hizkuntzetako edozein erabiltzekoa; enpresa eta establezimendu hauek, bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzen dutela ere, zerbitzu egokia eman beharko diete.

38. artikulua. Erakunde publikoak

  • 1.- Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honakoak izango dira erakunde publikoak:
    • a) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta Estatuko Administrazioa, eta baita horien mende dauden edo horietako erakunde-administrazioa osatzen duten zuzenbide pribatu edo publikoko entitateak ere.
    • b) Titulartzat aurreko idatz-zatian aipatutako administrazioak dituzten zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen diren edozein izaeratako erakundeak, baldin eta horiek mota honetako zerbitzuak eskaintzen diharduten.
    • c) Batik bat a) idatz-zatian aipatutako administrazio eta erakundeen partaidetza duten edo horien kontrolpeko erakundeak, hauen izaera edozein dela ere. Ondorio hauetarako, kontrol-harremana honako kasuetan dagoela ulertuko da: erakundearen boto-eskubide gehienak dituztenean edo gobernu-organoko kide gehienak izendatu edo kargutik kentzeko eskubidea dutenean.
  • 2.- Erakunde publikoek kontsumitzaile eta erabiltzeekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak agertzea bermatuko dute. Hau guztia honela egingo da:
    • a) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko establezimenduetan, errotuluak, oharrak eta, oro har, jendeari zuzendutako jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz emango dira.
    • b) Kontsumitzaile eta erabiltzaileek betetzeko egiten diren inprimaki edo eredu ofizialak bi hizkuntzatan emango dira.
    • c) Kontsumitzaileak edo erabiltzaileak berak hizkuntza ofizialetako bakarra erabiltzea nahi duela adierazi ezean, bi hizkuntzatan idatziko dira atxikipen-kontratuak, klausula-ereduak dituzten kontratuak, araupeko kontratuak, baldintza orokorrak eta kontratu horiei buruzko edo horiek egitearen ondoriozko agiriak.
    • d) Zehazki kontsumitzaileei zuzendutako jakinarazpenak bi hizkuntzatan eman beharko dira, eta baita fakturak, aurrekontuak eta antzeko agiriak ere, kontsumitzaile eta erabiltzaileak berak bi hizkuntza ofizialetako bat bakarrik erabiltzea aukeratu ezean.
    • e) Bi hizkuntzatan idatziko dira, halaber, produktu eta zerbitzuak erabili eta mantentzeko jarraibideen liburuxkak, berme-agiriak eta etiketetan eta ontzietan adierazi beharrekoak.
    • f) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei zuzendutako produktu, ondasun eta zerbitzuen eskaintza, sustapena eta publizitatea, erabilitako euskarria edozein dela ere, bi hizkuntzatan egingo da.
  • 3.- Erakunde publikoekin dituzten harremanetan, kontsumitzaile eta erabiltzaileek arreta eurak hautatzen duten hizkuntza ofizialean jasotzeko eskubidea dute. Herri-administrazioei dagokienez, Euskararen Erabilpena Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 6. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, Jaurlaritzak egoki ikusten dituen neurriak hartuko ditu eta eskubide hori erabiltzen dela arian-arian bermatzeko beharrezko bitartekoak jarriko dira eskura.
  • 4.- Estatuko Administrazioari aplikatzen zaizkion lege honetako xedapenek ez diote kalterik egingo Estatuaren eskumenari bere zerbitzuak antolatu behar dituenean.

39. artikulua. Diruz lagundutako erakundeak eta interes orokorreko sektoreak

  • 1.- Lege honen ondorioetarako, honakoak izango dira diruz lagundutako erakundeak eta interes orokorreko sektoreak:
    • a) Legez unibertsalak, interes orokorrekoak edo beste kategoria batekoak diren zerbitzuak egiten dituzten erakunde edo pertsona juridikoak, edo unibertsaltasun eta berdintasuneko araubide juridikoaren pean dauden zerbitzuak ematen dituztenak, hala nola garraioak, telekomunikazioak eta energia-zerbitzuak.
    • b) Euskal herri-administrazioek ematen dituzten laguntzen edo diru-laguntzen onuradunak diren erakunde edo pertsona juridikoak, edo horietako edozeinekin lankidetza-hitzarmena sinatu dutenak. Kasu honetan, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei dagokien bermeak diru-laguntza edo hitzarmenaren xedearekin erlazionatutako harremanen eremua ere hartuko du.
  • 2.- Erakunde hauek, publikoak direnean izan ezik, lege honetako 38. artikuluko 2. paragrafoan, a) , b) c) eta d) idatz-zatietan, ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Erregelamendu bidez finkatuko da horiek arian-arian nola bete.

40. artikulua. Jendearentzako arreta

  • 1.- Jendeari produktuak saldu eta zerbitzuak egiteaz arduratzen diren establezimenduek lege honetako 38. artikuluko 2. paragrafoan, a) , b) eta c) idatz-zatietan, ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Era berean, kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta emateko gertu egon behar dute, horien hizkuntza ofiziala edozein dela ere.
  • 2.- Aurreko paragrafoan adierazitako betebeharrez gain, indarreko legeriak establezimendu komertzial handi gisa kalifikatzen diren establezimenduek, baita jendeari ondasun eta produktuak eskaintzen dizkioten eta, hala ez diren arren, erakunde handi gisa kalifikatzen diren establezimenduek ere, 38. artikuluko 2. paragrafoan, d) idatz-zatian, jasotako betebeharra ere bete beharko dute. Erregelamenduz finkatuko dira erakunde handi kontsideratzeko betekizunak, alegia, negozio-bolumenari, langile-kopuruari eta/edo Euskal Autonomia Erkidegoan duten presentziari dagozkienak.
  • 3.- Erakunde publikoei atxikita eta jendearentzat irekita dauden establezimenduei lege honetako 38. artikuluan aurreikusitako araubidea aplikatuko zaie.
  • 4.- Jendearentzat irekita dauden saltokien kasuan, baldin badira lan-harremanen eta jendearen arretaren alorrean euskara integratzera berariaz zuzendutako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeen saltokiak, edo interes orokorreko sektoreetako saltokiak, kasu horietan, 39. artikuluan jasotako betebeharrak betetzeaz gain, ahalmena eduki beharko dute kontsumitzaileei eta erabiltzaileei beraiek erabilitako hizkuntza ofizialean arreta eskaintzeko, zein ere den hizkuntza ofizial hori. [Otsailaren 9ko 2/2012 Legearen bidez emandako gaur egungo idazketa]
  • 5.- Jaurlaritzak erregelamendu bidez finkatuko du artikulu honetako betebeharrak arian-arian nola bete.

41. artikulua. Ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa emateko hizkuntza

  • 1.- Euskadiko Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan banatutako ondasun eta zerbitzuei dagokienez kontsumitzaile eta erabiltzaileei ematen zaien informazioa, barruan sartuta etiketetan, ontzietan eta erabilera-jarraibideen inprimakietan jasotzen den informazioa ere, euskaraz, gaztelaniaz edo, aldi berean, euskaraz eta gaztelaniaz adieraziko da, eskaintzailearen nahiaren arabera, salbu eta kapitulu honetan berariazko erregimen bat aurreikusten den kasuetan. Hori guztia kalterik egin gabe aplikagarria den legeriak, osasuna eta segurtasuna babesteko arrazoiengatik, kasu berezietarako ezar dezakeenari.
  • 2.- Gobernuak sustapen-neurriak hartuko ditu euskara eta gaztelania batera erabil daitezen, 1. paragrafoan aipatutako ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioan. Jatorri-deitura edo kalitatezko izendapena duten euskal ondasunen kasuan, bai eta artisautza-produktuen kasuan ere, euskararen erabilera sustatuko da etiketatzeko orduan, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan erregulatutako produktuak badira.

[Otsailaren 9ko 2/2012 Legearen bidez emandako gaur egungo idazketa]

42. artikulua. Sustapen-jarduketa publikoa

  • 1.- Gobernuak egoki diren neurriak bultzatuko ditu eta beharrezko diren erabakiak hartuko ditu, euskararen erabilera sustatze aldera kontsumitzaileei eta erabiltzaileei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dizkieten erakundeen jarduketaren alorrean.
  • 2.- Sektoreko planei dagokienez, planen jarduketa-esparruak eragina baldin badu herritarrei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzeko jardueretan, plan bereziak bultzatuko dituzte kapitulu honetan jasotako eskubideak sustatzeko. Nolanahi ere, Gobernuak laguntza-ildoak abiaraziko ditu herritarrei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dizkieten subjektuentzat, bi hizkuntza ofizialen presentzia erraztu dezaten beren jarduera gauzatzeko orduan, eta hizkera espezializatuko materialen zabalkundea bultzatuko du, eremu horretan euskararen erabilera errazteko.

[Otsailaren 9ko 2/2012 Legearen bidez emandako gaur egungo idazketa]

Legearen aurkibidea Araudira itzuli

 

Azken aldaketako data: 2017/04/20