Kontsumobide

6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena: Zehapen-ahalgoa

 

IV. Titulua - Zehapen-ahalgoa

I. Kapitulua - Arau orokorrak

49. artikulua. Zehapen-ahalgoa

  • 1.- Kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta Euskadiko Toki Administrazioak dute kontsumoaren arloko zehapen-ahalgoa; ahalgo hori, zehazki, esleitu zaien administrazio-organoek erabiliko dute.
  • 2.- Euskadiko lurralde-eremuan egiten diren kontsumoaren arloko urratzeak Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoarekin bat etorriz zehatuko dira, betiere zehapen-prozedura izapidetu ondoren.

 

II. Kapitulua - Urratzeak

50. artikulua. Kontsumoaren arloko urratzeak

  • 1.- Honako hauek dira kontsumitzaileen osasuna eta segurtasuna zaintzearen arloko urratzeak:
    • a) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskura jarritako ondasun eta zerbitzuen osasun-egoera eta segurtasuna dela-eta jarritako betekizun, baldintza, betebehar eta debekuak ez betetzea.
    • b) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen osasun eta segurtasunean arriskuak edo kalteak eragiten dituzten jardunak edo ez-egiteak garatzea, jakinda edo nahita egin direlako, edota kasuan kasuko jarduera, zerbitzu edo instalazioari dagozkion eginbidea eta arreta-neurriak bertan behera utzi direlako.
    • c) Egoera berezietarako aldian aldiko agintari eskudunek zehazten dituzten aurretiazko eskakizunak ez betetzea edo urratzea; eskakizun horiek kontsumitzaile eta erabiltzaileen osasun publikorako edo segurtasunerako oso kaltegarriak izan daitezkeen beste edozein motatako kutsadura edo inguruabarrak saihesteko zehazten dira.
  • 2.- Honako hauek dira ondasun eta produktuak aldatu eta faltsutzearen eta eremu horretan iruzurra egitearen arloan gertatzen diren urratzeak:
    • a) Substantzia edo elementuren bat gehitu edo kendu zaien ondasun eta produktuak egin, banatu, hornitu edo saltzea. Gehitze edo kentze hori ondasun edo produktuen konposizioa, kalitatea, egitura, pisua edo bolumena aldatzeko, berariaz eta erregelamenduz baimenduta ez dauden prozesu edo prozeduren bidez akatsak zuzentzeko edo erabilitako produktuen kalitate baxuagoa edo aldaketak ezkutatzeko egina izan daiteke.
    • b) Ondasunak egin, banatu, hornitu edo saltzea, horien konposizioa edo kalitatea indarreko xedapenetara edo Administrazioak eman beharreko baimenera egokitzen ez denean, edo dagokion erregistroan aitortu eta idatzitakoaren ezberdina denean.
  • 3.- Honako hauek dira zerbitzuak ongi ez egitearen ondorioz gertatzen diren urratzeak:
    • a) Mota guztietako zerbitzuetan aplikatzen den arautegiaren araberako kalitate, kantitate, intentsitate, izaera, epe edo prezioaren baldintzak ez betetzea, edo eskaini edo ematen diren baldintzak ez betetzea.
    • b) Kontsumo-ondasunen berme eta konponketaren arloan indarrean den arautegia edo kontsumitzaileari eskainitako baldintzak ez betetzea.
    • c) Laguntza tekniko nahikorik ez izatea edo ordezko piezarik ez edukitzea, aplikatzekoa den arautegiak ezarritakoa urratuz edo ondasunak eskuratzerakoan kontsumitzaileari eskainitako baldintzak urratuz, baldintza horiek hobeak baldin badira.
    • d) Bermealdian zerbitzuak oker erabiltzea.
  • 4.- Honako hauek dira normalizazio teknikoaren arloan eta merkataritza eta zerbitzugintza arloan, bai eta ondasunak edo zerbitzuak saltzeko eta hornitzeko baldintzen edo tekniken arloan ere, gertatzen diren urratzeak:
    • a) Ondasun eta produktuen normalizaziorako xedapenak ez betetzea.
    • b) Arauz edo administrazio-ebazpenez merkaturatzea debekatua duten ondasun eta produktuak saltzea, eta baita merkaturatzeko administrazio-baimena behar duten ondasun eta produktuak baimen hori gabe merkaturatzea ere.
    • c) Ondasun eta produktuak saltzean edo zerbitzuak egitean informazio edo publizitateari buruzko egiatasun-beharra ez betetzea, ondasun eta produktu horiei, gero erosi, erabili, itzuli edo erreklamatzeko, benetan dituzten edo izan ditzaketen kalitate, ezaugarri, emaitza edo baldintzak ez direnak egotziz; hartzaileek era batera edo bestera oker ulertzea eragiten duen edo eragin dezakeen publizitatea, eta produktu edo zerbitzuaren benetako ezaugarri eta nolakotasunak ezagutzeko beharrezko datuak isiltzen dituena.
    • d) Produktu edo zerbitzuetan marka, kontraste, zigilu eta kontramarken erabilerari buruzko xedapenak ez betetzea; eta baimenik ez duten edo beren gaineko araudi espezifikoa ez betetzeagatik kendu diren kalitate-bereizgarriak erabiltzea.
    • e) Kontsumitzaileari edo erabiltzaileari bidegabeko baldintza, gainordain edo kobratzeak, eskatu ez diren zerbitzu osagarriak edo gutxieneko kantitateak arrazoirik gabe ezarriz egindako transakzioak; eta legeak onartzen dituen edo eskaintzen diren ordaintzeko bideak ez onartzea.
    • f) Kontsumitzaileei berme-agiririk ez ematea.
    • g) Kontsumitzaile eta erabiltzaileek sinatzen dituzten kontratuetako baldintza orokorretan edo publizitate-eskaintzetan, aplikagarriak diren xedapenek pertsona horiei aitortzen dizkieten eskubideak mugatu edo urratzen dituzten klausulak sartzea.
    • h) Merkataritza-transakzioen edo zerbitzu-egiteen faktura edo egiaztagiriak ez ematea, edo nahitaezko baldintzak bete gabe ematea.
    • i) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei gordailu-ordezkagiriak ez ematea, edo nahitaezko baldintzak bete gabe ematea.
  • 5.- Honako hauek dira informazio, zaintza, ikerkuntza, ikuskaritza, tramitazio eta betearazpen arloan gertatzen diren urratzeak:
    • a) Denda, zerbitzu-egile eta profesionalek nahitaezko erreklamazio-orriak ez edukitzea edo ez ematea.
    • b) Ikuskatze-lanak errazteari dagokionez, aurka jartzea, uko egitea edo oztopoak ipintzea, eta berdin agintari eskudunek nahiz euron agenteek eskatzen dituzten datuak edo informazioa emateari dagokionez ere, agintari edo agente horiek informatu, zaindu, ikertu, ikuskatu, izapidetu eta gauzatzeko lanetan dihardutela; halaber, informazio okerra edo gezurrezko dokumentazioa ematea, eta, bereziki, lege honetako 48. artikuluan ezartzen diren eginbeharrak ez betetzea.
    • c) Legeak baimentzen ez duen edozein modutan erabili, lekualdatu edo edukitzea arauz gordetako laginak, edo atzemandako nahiz agintari eskudunen behin-behineko neurrietara lotutako salgaiak.
    • d) Lege honetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan aitortzen diren eskubideak behar bezala babesteko gauzatu diren kontrol-jardueren ondorioz hasitako prozeduretan, agintari eskudunen behin-behineko neurriak ez betetzea; eta zehapen-prozeduretan eman daitezkeen administrazio-ebazpenen eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren behin-behineko neurriak ez betetzea.
    • e) Pertsona fisikoak edo juridikoak euren bulegoetan nahiz agintari eskudunen bulegoetan agertu nahi ez izatea edo horren aurka egitea; betiere, informatu, zaindu, ikertu, ikuskatu, izapidetu eta gauzatzeko lanen barruan agintari eskudunek edo euron agenteek berariazko eta idatzizko errekerimendua jakinarazi badute.
  • 6.- Oro har, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko indarrean dauden arauek eta xedapen osagarriek berariaz ezartzen dituzten baldintza, eginbehar edo debekuak ez betetzea.

51. artikulua. Urratzeen gaineko erantzukizuna

  • 1.- Lege honetan tipifikatzen diren urratzeen erantzule izango dira, egitez edo ez-egitez, horietan parte hartu duten pertsona fisiko edo juridikoak.
  • 2.- Kontsumitzaile edo erabiltzaileei produktuak nahiz zerbitzuak egiten, inportatzen, saltzen edo hornitzen dizkiena produktu eta zerbitzu horien jatorri, identitate eta egokitasunaren erantzule izango da, baita horietan egiaztatu diren urratzeena ere, bakoitzaren jardueraren arabera.
  • 3.- Soltean dauden produktuen erantzulea edukitzailea bera izango da, salbu aurreko edukitzailearen erantzukizuna benetan egiaztatzen bada.
  • 4.- Ontziratuta, etiketatuta edo erabateko itxierarekin dauden produktuen kasuan, etiketan, aurkezpenean edo publizitatean agertzen den enpresaren edo sozietatearen izena izango da erantzulea. Nolanahi ere, aipatu erantzukizunetik salbuetsi ahal izango da besteren batek faltsutu edo behar ez bezala erabili duela frogatzen bada.
  • 5.- Urratzea pertsona juridikoari egozten zaionean, bere organo artezkariak edo zuzendaritza-organoak osatzen dituzten pertsona fisikoak ere erantzuletzat har daitezke, baita egite eta kontrolaren ardura duten teknikariak ere, sozietateei buruz indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz. Kasu hauetan, erruduntasun-judizioa Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 9.3 artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da.

    Pertsona juridikoen kasuan, urratze moduan tipifikatu den jarduera egitean kideren batek ezetza edo aurkako botoa ematen badu, eta hori fede-emaile bidez jasota geratzen bada, erantzukizuna kenduko zaio.

52. artikulua. Urratzeen sailkapena

  • 1.- Kontsumoaren esparruko urratzeak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke, hurrengo irizpideak agertzen diren kontuan hartuta:
    • a) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen osasunerako kalte edo arrisku larria.
    • b) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes ekonomikoentzako kalte larria.
    • c) Zabarkeria larria edo doloa.
    • d) Urratzearen orokortzea, berak ukitzen duen hartzaile-kopuruari dagokionez.
    • e) Babes berezia duen taldean zuzeneko ondorioak izatea.
  • 2.- Urratze arintzat hartuko dira araututako urratze-moduetakoak, baldin eta aurreko paragrafoan aipatzen diren irizpideetatik bat ere agertzen ez bada.
  • 3.- Urratze larritzat hartuko dira artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen diren irizpideetatik baten bat duten tipifikatutako portaerak.
  • 4.- Urratze larritzat hartuko da izaera bereko urratze bi edo gehiago urtebetean egitea.
  • 5.- Urratze oso larritzat hartuko dira artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen diren irizpideetatik urratze bi edo gehiago dituzten tipifikatutako portaerak.
  • 6.- Izaera bereko urratze larri bi edo gehiago urte batean egitea urratze oso larritzat hartuko da, betiere urratze larriak urratze arinetan berriro erortzeagatik sortu ez badira.

 

III. Kapitulua - Zehapenak

53. artikulua. Zehapenen sailkapena

  • 1.- Lege honek aipatzen dituen arau-hausteak ondoko zehapenak ezarriz zuzenduko dira:
    • a) Arau-hauste arinak: gehienez 25.000 eurorainoko isuna.
    • b) Arau-hauste larriak: gehienez 150.000 eurorainoko isunak. Zenbateko hori urratzea egin den produktu edo zerbitzuen balioa halako bost lortzeraino gainditu ahal izango da.
    • c) Arau-hauste larriak: gehienez 900.000 eurorainoko isunak. Zenbateko hori urratzea egin den produktu edo zerbitzuen balioa halako bost lortzeraino gainditu ahal izango da.

    (Ekainaren 25eko 7/2008 legearen bidez emandako gaur egungo idazketa)

  • 2.- Lege honek aipatzen dituen urratzeak, gehigarri edo autonomo izaera duten ondoko zehapenekin ere zuzendu ahal izango dira:
    • a) Salgaiak konfiskatu edo suntsitzea.
    • b) Urratzea egin duen enpresa aldi baterako ixtea, eta gehienez bost urtez.
    • c) Zehapenak argitara ematea.
    • d) Jendaurreko zuzenketak.
  • 3.- Aurretik ezarri diren zehapenak gorabehera, eta urratze oso larriei dagokienez, zehapen-organoak dagokion aginteari proposatu ahal izango dio zehatutako enpresari eman zaizkion edo enpresa horrek eskatu dituen laguntza ofizialak (kredituak, diru-laguntzak, zerga-arinketak etab.) osorik edo zati batean kendu, baliogabetu nahiz etetea.

  • 4.- Euskadiko herri-administrazioek aurreko paragrafoan aipatzen diren laguntzetako bat eman behar diotenean urratze larri edo oso larriagatik zehapen irmoa jarri zaion enpresa bati, eskabidea ebatzi behar duen organoak laguntza ukatu ahal izango du, baldin eta aurrekariak legeak ezarritako baldintzen arabera baliogabetu ez badira.

54. artikulua. Zehapenen mailaketa

  • 1.- Zehapenaren zenbatekoa ondokoen arabera mailakatuko da:
    • a) Legez kontrako jokaerak sortu dituen salmenten bolumena.
    • b) Lortu den legez kontrako etekinaren zenbatekoa.
    • c) Urratzeak prezioetan eta horren inguruko sektoreetan eduki ahal izan duen eragin kaltegarria.
    • d) Merkatuko nagusitasun-egoera.
  • 2.- Administrazio-zehapena arindu ahal izango da, zehapena administrazio-bidean irmoa izan baino lehen, dagokion espedientean egiaztatzen bada kaltetuak egin zaizkien kalteengatik behar bezala konpentsatu direla, baldin eta intoxikazio, lesio, gaixotasun edo heriotzarik gertatzen ez bada eta delituren baten arrazoizko aztarnarik ez badago.

55. artikulua. Zehapenen proportzionaltasun eta eraginkortasun printzipioak

Diru-zehapenak jartzeko, kontuan hartuko da urratzea egiten duen alderdiarentzat ez dadila onuragarriagoa izan urratzea egitea urratutako arauak ez betetzea baino; horretarako, gainera, proportzionaltasun-printzipioa errespetatuko da eta urratzearen larritasunaren eta ezarri den zehapenaren arteko egokitasuna mantenduko da.

56. artikulua. Salgaiak konfiskatu eta suntsitzea

  • 1.- Espedientea ebatzi behar duen agintariak, zehapen gehigarri gisa, aizundutako, faltsututako, identifikatu gabeko edo kontsumitzailearentzat arriskutsuak izan daitezkeen salgaiak konfiskatzea erabaki dezake ebazpenean bertan. Halaber, salgai horiek suntsitu egingo dira euren erabilera edo kontsumoa osasunarentzat arriskutsua bada. Nolanahi ere, zehapen-organoak erabakiko du zein izango den konfiskatu diren salgaien azken norakoa.
  • 2.- Urratzea egin duen alderdiak ordainduko ditu zehapenaren zio diren salgaien gainean egindako esku-hartzetik eta horiek gorde, konfiskatu, garraiatu eta suntsitzetik sortzen diren gastuak.

57. artikulua. Enpresa urratzailea ixtea

  • 1.- Urratze oso larriak gertatzen direnean, zehapen gehigarri gisa, urratzea egin duen enpresa, establezimendua edo industria aldi baterako ixtea proposa daiteke ebazpenean bertan (gehienez bost urtez) , Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dagoenean.
  • 2.- Ixteko erabakia Eusko Jaurlaritzak hartuko du. Ga1inera, erabakiak, erabat eraginkorra izateko, neurri osagarriak izan ditzake.
  • 3.- Ixteko erabakiaren berri eman beharko zaio aipatu enpresa kokatuta dagoen lekuko udalari.
  • 4.- Agintari eskudunak, zehapen-izaerarik eduki gabe, eta dagokion administrazio-espedientea hasi baino lehen, nahitaezko baimenak edo erregistroak ez dituzten instalazio edo establezimenduak ixtea erabaki dezake, edo horien funtzionamendua etetea, okerrak zuzendu arte nahiz eskatutako baldintzak bete arte.
  • 5.- Era berean, irregulartasun berberak gertatzen direnean, zerbitzu-egitea edo salmenta eten dezake.

58. artikulua. Zehapenak argitara ematea

  • 1.- Urratze larri edo oso larriak gertatzen direnean, espedientea ebatzi duen aginteak, ebazpenean bertan, ezarri diren zehapenak argitara ematea erabaki ahal izango du, eredugarritasun-arrazoiak direla medio eta etorkizunean egin daitezkeen urratzeei aurrea hartuz, zehapen gehigarri gisa. Baina horretarako, ezarri diren zehapenek administrazio-bidean irmoak izan behar dute.
  • 2.- Argitara emate horretan honakoak agertuko dira: erantzuleak diren pertsona fisikoen izen-abizenak edo pertsona juridikoen izena nahiz sozietatearen izena, urratze-mota eta -izaera eta, azkenik, ezarri den zehapen nagusia. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta hedapen handiena duten gizarte komunikabideetan argitaratuko dira. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeei ere jakinaraziko zaie. Argitara ematearen kostua zehapena ezarri zaion pertsona edo erakundeak ordainduko du.

59. artikulua. Jendaurreko zuzenketak

Administrazio-espediente bat hastearen ondorioz, lege honek publizitateari buruz ezarritakoa betetzen ez bada eta hori zehatu egiten bada, organo eskudunak, ofizioz edo kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeak eskatuta, egindako publizitatea zuzenduko duen jakinarazpena bere kontura argitaratzea eskatuko dio urratzea egin duen pertsona edo erakundeari. Argitalpen hori, gainera, zehatutako jarduera gertatu zen baldintza berberetan edo antzekoetan egin beharko da.

60. artikulua. Oker jaso diren zenbatekoak itzultzea

Lege honek aipatzen dituen zehapenak gorabehera, baimendu eta adierazi diren, aurrekontua egin zaien edo jendeari jakinarazi zaizkion prezioak baino goragokoak aplikatzen badira, zehapen-organoak oker jaso den zenbatekoa berehala itzuli beharra ezarriko dio urratzea egin duen pertsona edo erakundeari.

61. artikulua. Zehapenen ondorioak

Legeriak administrazio-kontratuei buruz ezartzen duenarekin bat etorriz, urratze oso larrietan, zehatutako enpresak gaitasunik gabe utziko dira (erabat edo zati batean) , bost urtez, Euskadiko administrazioekin kontratuak egiteko; betiere, ezarritako zehapena irmoa den egunetik zenbatzen hasita.

Indarreko legerian xedatutakoaren arabera, ezartzen diren zehapenak gauzatu egingo dira. Administrazio-errekurtsoa aurkeztu eta alderdi interesatuak egintza etetea erabakitzen badu, honek, zehapena bankuko abalaren bidez edo Zuzenbidean onartutako beste moduren baten bidez ordainduko dela bermatu beharko du. Nolanahi ere, organo eskudunak kautelazko beste neurri batzuk har ditzake herri-interesa eta aurka egin den ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko.

62. artikulua. Preskripzioa eta iraungitzea

  • 1.- Lege honek aipatzen dituen arau-hausteen preskripzio-epeak honako hauek izango dira: arau-hauste oso larriek hiru urteren buruan dute preskripzioa, larriek bi urteren buruan, eta arinek sei hilabeteren buruan. Preskripzioaren epea urratzea egin eta biharamunean hasiko da zenbatzen. Alabaina, administrazio-prozedura hasten baldin bada, eta ustezko erantzuleak horren berri izanik hasi ere, eten egingo da arau-haustearen preskripzioa.
  • 2.- Zehapen-prozedura hasita, alderdi interesatuari aplikatu behar den prozeduran aurreikusitako izapide bakoitzaren berri eman zaionetik sei hilabete igaro direnean oraindik ez baldin bada hurrengo izapidea sustatu eta interesatuak horren errurik ez baldin badauka, egintza iraungitzat joko da eta jarduerak artxibatu egingo dira.
  • 3.- Falta oso larriengatiko zehapenek hiru urteren buruan dute preskripzioa; hutsegite larriengatik ezarritakoek bi urteren buruan, eta hutsegite arinengatik ezarritakoek urtebetearen buruan.
  • 4.- Partikularrek preskripzioa eta iraungitzea alegatu ahal izango dituzte. Organo eskudunak alegazioa onartzen duenean, espedientea amaitutzat joko da eta jarduerak artxibatzea aginduko da. Nolanahi ere, urratzeen preskripzio-epea igaro gabe baldin badago, prozedura berria hasi ahal izango da.

(Ekainaren 25eko 7/2008 legearen bidez emandako gaur egungo idazketa)

63. artikulua. Zehapenak jartzeko agintari eskudunak

Lege honek aipatzen dituen zehapenak jartzeko agintari eskudunak hauexek dira:

  • 1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren esparruan, kontsumoaren gainean eskumena duen zuzendaria zehapen arin eta larrietarako, eta horren gainetik dagoen agintaria zehapen oso larrietarako. Urratzea egin duen enpresa ixteko erabakia Eusko Jaurlaritzak hartuko du.
  • 2.- Toki Administrazioaren esparruan, horren gaineko legeria espezifikoak aginduko du.

 

IV. Kapitulua - Kautelazko neurriak

64. artikulua. Kautelazko neurriak hartzea

  • 1.- Kautelazko neurriak hartzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa izango da kontuan.
  • 2.- Kautelazko neurriak honakoak izan daitezke:
    • a) Jarduera gelditzea edo berori egiten den establezimendua aldi baterako ixtea.
    • b) Produktu baten banaketa, edozein fasetan dagoela, aldi baterako etetea, osasuna eta segurtasuna bermatzeko.
    • c) Zerbitzu-egitea aldi baterako etetea, osasuna eta segurtasuna bermatzeko.
    • d) Produktu, ondasun eta zerbitzuen merkaturatzean, edozein fasetan dagoela, aldez aurreko baldintzak ezartzea, aurkitutako okerrak zuzen daitezen.
    • e) Kautelazko ibilgetzea, interesatuek agintari eskudunen berariazko baimenik gabe produktuak edozein modutan eskuratzeko debekuarekin.
    • f) Indarreko legeriari jarraituz beharrezkoa den beste edozein neurri, kontsumitzaile eta erabiltzaileen osasun nahiz segurtasunerako arriskuaren arrazoizko aztarnak daudelako edo horien interes ekonomikoak urratu direlako.

65. artikulua. Hertsatzeko isunak

  • 1.- Herri-administrazio eskudunek hertsatzeko isunak jarri ahal izango dituzte, indarreko legeriarekin bat etorriz. Isun horiek lege hau aplikatzean ematen diren ebazpenak eta kontsumitzaile eta erabiltzaileei buruzko gainerako xedapenak burutzeko izango dira.
  • 2.- Organo eskudunak, dagozkion egintza edo ebazpenak gauzatzeko, idatzizko errekerimendua bidali beharko du lehenbizi. Era berean, hori betetzeko duen epea eta hertsatzeko isunaren zenbatekoa jakinarazi beharko dizkio jasotzaileari; baita, bete ezean, isun hori ezarri ahal izango zaiola ere. Ezarritako epea, nolanahi ere, dagokion obligazioa bete ahal izateko nahikoa izan beharko da, eta isuna ez da 1.500 euro baino gehiagokoa izango.
  • 3.- Administrazioak ikusten badu agindutakoa ez dela bete, aipatu isunak berriro eman ahal izango ditu, eta epeak ezingo dira lehenengo errekerimenduan emandakoa baino txikiagoak izan.
  • 4.- Isun hauek gorabehera, zehapen gisa beste isun batzuk jar daitezke, eta batzuk eta besteak bateragarriak dira.

Legearen aurkibidea Araudira itzuli

 

Azken aldaketako data: