Kontsumobide

9/2007 Legea, ekainaren 29koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzekoa

Jatorrizko testua9/2007 Legea, ekainaren 29koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzekoa (EHAA ,140. zb., 2007ko uztailaren 20a).

Indarrean dagoen testua

Zioen adierazpena

1. artikulua. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzea
2. artikulua. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egoitza
3. artikulua. Helburuak eta eskumenak
4. artikulua. Eginkizunak
5. artikulua. Gobernu-organoak
6. artikulua. Lehendakaria
7. artikulua. Zuzendaritza Kontseilua
8. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak
9. artikulua. Zuzendaria
10. artikulua. Idazkaria
11. artikulua. Egitura organikoa
12. artikulua. Pertsonala
13. artikulua. Baliabide ekonomikoak
14. artikulua. Ondare- eta kontratazio-erregimena
15. artikulua. Aurrekontuaren aurreproiektua
16. artikulua. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko organoek emandako egintzen araubide juridikoa

Xedapen gehigarriak

  • Lehenengoa. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egitura-dekretua
  • Bigarrena. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren jardueren hasiera
  • Hirugarrena. Eginkizunak izendatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren baliabideak eta ondasunak atxikitzea

Indargabetze xedapena

Azken xedapena

Eusko Legebiltzarrak ondoko lege hau onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

9/2007 Legea, ekainaren 29koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzekoa. 

Zioen adierazpena

Espainiako Konstituzioaren 149.3 artikuluak agintzen du Konstituzioak espresuki Estatuari esleitzen ez dizkion gaiak autonomia-erkidegoei egokitu dakizkiekeela, bakoitzaren estatutuaren arabera.

Bestalde, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.28 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsan.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua Onesten duen 6/2003 Legea da gure Autonomia Erkidegoko lege-esparrua kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsan, segurtasunean, osasunean eta interes ekonomikoetan eragina duten alderdi guztiak arautzeko.

Kontsumitzaileak aldezteak eta babesteak gero eta gehiago eskatzen du tresna bizi eta eraginkorrak edukitzea, beharrizanei berehalako erantzuna eman ahal izateko eta, oso bereziki, gatazken konponbidean eta prebentzioan jardun ahal izateko.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeak erantzuna ematen die herritarrek beren transakzio ekonomikoetan babes handiagoa edukitzeko egindako eskaerei, zeren produktu eta zerbitzuen erosketak kontsumitzaile eta erabiltzaileei gero eta informazio, prestakuntza eta babes handiagoa ematea galdegiten baitu. Alde horretatik, erakunde autonomo hori sortzeak indartu egiten ditu kontsumitzaile eta erabiltzaileei kontsumitzeko orduan sortzen zaizkien gatazkei dagokionez aholkuak eta konponbideak emateko gaitasunak eta ahalmenak, era horretako eskaerak gero eta handiagoak baitira gizartean.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzearekin, handitu egingo da Eusko Jaurlaritzan Autonomia Erkidegoko kontsumo-politika planifikatzeko eta egikaritzeko ardura duen atalaren autonomia, indartu egingo baitira hala atal horren jokaera-ahalmena nola atalaren autoantolaketarako aukerak, berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa emanez. Horren ondorioa da ezen bai Eusko Jaurlaritzaren aldetik bai gizartearen aldetik argi eta garbi agertuko dela Kontsumobideri dagokiola, erakunde gisa, kontsumitzaileei babesa, informazioa eta prestakuntza orain baino intentsitate eta eraginkortasun handiagoarekin emateko ardura.

Beste alde batetik, kontsumoaren arloan jorratu beharreko gaien aniztasuna kontuan hartuta (banka, telekomunikazioak, garraioa, etxez etxeko zerbitzuak, etxebizitza, era guztietako produktuak, eta abar), komenigarria da Eusko Jaurlaritzaren sailetatik urrun dagoen erakunde bat sortzea. Kontsumoaren gaia bere zeharkakotasunagatik Administrazio autonomikoko sail guztiekin lotuta egoteak justifikatu egiten du, gainera, sail horietatik independentea izatea; betiere, ordea, erabat bermatuko da harreman-maila handiena duten sailekin koordinatzea, sail horiei ordezkaritza emanez Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluan.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak sarrera emango die bere gobernu-organo gorenean (Zuzendaritza Kontseilua) produktu eta zerbitzuen eskuraketan parte hartzen duten gizarte-eragile guztiei: inplikatutako administrazio publikoak, kontsumitzaileen elkarteak, enpresariak, eta abar. Horrela jokatuta, posible egingo da institutuaren baitan elkarrekin bizitzea kontsumo-politikaren ildo nagusiak planifikatzeko dauden iritzi ezberdinak.

Azkenik, beharrezkotzat jo da indargabetzea 6/2003 Legearen 67. artikulua, Euskadiko Kontsumoko Koordinazio Batzordea sortzen duena Eusko Jaurlaritzako sailen barne-koordinaziorako organoa izateko. Horren arrazoia da, lehen adierazi denez, Kontsumobideren gobernu-organo gorenean lekua egin zaiela kontsumitzaileak babesteko politiketan modurik zuzenean inplikatuta inplikatuta dauden sailei. 

1. artikulua. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzea

  1. Honen bidez Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzen da, Jaurlaritzan kontsumoaren arloko eskumena duen sailera atxikitako erakunde autonomo gisa.
  2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak berezko nortasun juridikoa eta autonomia administratibo eta ekonomikoa edukiko ditu, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere bere helburuak betetze aldera.
  3. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak jarraitu beharreko arauak lege hau, legea garatuko duten xedapenak eta ezargarri zaizkion Administrazio Zuzenbideko gainerako xedapenak izango dira.

2. artikulua. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egoitza

  1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia dagoen hirian izango du bere kokalekua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste zenbait herritan bulegoak sortu eta bere jarduerak aurrera eraman ahal izango ditu.
  2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak lurraldeen ikuspegitik deskontzentratu egin behar du bere administrazio-jarduera, edo atxikita dagoen saileko lurralde-zerbitzuen bidez, edo, bestela, bere bulegoak sortuz hiru lurralde historikoetan. Lehenengo kasuan, aipatutako lurralde-zerbitzu horiek institutuko zuzendaritzaren menpean egongo dira funtzionalki kontsumo-gaietako jarduerei dagokienez.

3. artikulua. Helburuak eta eskumenak

  1. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldeztearen eta babestearen arloan Jaurlaritzaren politikak zehaztea, planifikatzea, bultzatzea eta betearaztea dira Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren helburuak.
  2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari izendatutako eskumenak eta eginkizunak, hain zuzen, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen arabera kontsumoaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako organoari dagozkion guztiak izango dira. Salbuespena izango dira, ordea, Gobernu Kontseiluari edo Eusko Jaurlaritzan kontsumoaren arloko eskumena duen saileko titularrari dagozkienak. 

4. artikulua. Eginkizunak

  1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak bere helburuak betetzeko bere gain hartzen dituen eginkizunak, besteak beste, honako hauek dira:
    1. Eskubideei eta eskubideak erabiltzeko moduari buruz orientazioa, prestakuntza eta informazioa ematea kontsumitzaileei eta erabiltzaileei, eta eskubide horiek ezagutzera ematea, kontuan izan eta errespeta ditzaten merkatuan parte hartzen duten guztiek, bai eta ondasun eta zerbitzuei dagokienez eskubideetan eragina izan dezaketen guztiek ere. Horretan guztian, arreta berezia eskainiko zaie bereziki babestutako taldeei, berariazko beharrizanak baitituzte.
    2. Kontsumo-dinamiken ebaluazioa eta beharrezko azterketak sustatzea eta egitea, kontsumitzaileei euren behar eta exijentzietara ongien moldatzen diren produktuak eta zerbitzuak aukeratzen lagunduko dieten prozedurak eta tresnak zehazteko xedez.
    3. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskuera jarritako produktuek eta zerbitzuek beharrezko informazioa eskaintzen dutela zaintzea, legearen arabera eska daitezkeen segurtasun-mailak lortzea, eta bereziki iruzurra, okerrera eraman gaitzakeen edo osoa ez den informazioa, publizitate iruzurtia eta abusuzko klausulak erabiltzea saihesteko prebentzio-kanpainak egitea, horretarako beharrezko eta nahitaezko klausulak erantsita.
    4. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko elkarteen eta erakundeen garapena indartzea eta sustatzea, eta aktiboki eta diruz lagunduz lan egitea elkarteekin aholkularitza-, defentsa- eta informazio-lanetan, bereziki behar espezifikoak dituzten pertsonei dagokienez.
    5. Gizartearen eta ekologiaren ikuspegitik iraunkorra den kontsumoa bultzatzea, eta bereziki ingurumena errespetatzen duten zerbitzu eta produktuena.
    6. Gazteak arduraz kontsumitzeko ohituretan hezi daitezen sustatzea. Horretarako, erakunde eskudunei proposatuko zaie kontsumorako heziketa-programak jartzea irakaskuntzako maila guztietan.
    7. Produktu ekologikoen kontsumoa sustatzea eta bidezko merkataritzatik eta merkataritza solidariotik iritsitako produktuen eskaintza bultzatzea.
    8. Lankidetza-itunak eta -akordioak sinatzea prestakuntzaren eta aholkularitzaren arloan jarduera-sektore ekonomiko bakoitzean ordezkaritzarik handiena duten enpresen eta profesionalen elkarteekin; oso bereziki merkataritza-enpresetara eta kontsumitzaile eta erabiltzaileengana zuzenduko dira, institutuaren eginkizunen eta helburuen esparruan.
    9. Administrazio publiko guztiekin harremanetan jartzea eta elkarlanean aritzea, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta babesa hobetzeko bidean aurrera egiteko.
    10. Kontsumoaren arloan eskumenak erabiltzen dituzten udal-administrazioekin lankidetzan aritzea, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoak hedatzea sustatzea, behar duten guztian aholkuak ematea euren eginkizunak hobeto bete ditzaten, eta lankidetza-itunak sinatzea beren helburuak betetzeko ahalik eta teknikarik eta materialik onenen hornikuntza konpartitze aldera.
    11. Kontsumo-gaietan gatazkak konpontzeko tresna gisa bitartekaritza eta arbitrajea bultzatzea, Euskadiko Arbitraje Batzordearen funtzionamendua antolatuz.
    12. Kontsumoaren arloan ikuskaritzaren eta zigorraren esparruko eskumenak erabiltzea, indarrean dauden xedapenen arabera.
    13. Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek legearen babes eraginkorra izan dezaten bultzatzea, beharrezko ekintza judizialak abiaraziz eta auzietan aurkeztuz babestu behar diren eskubideen garrantzia dela-eta edo sortu duten alarma soziala dela-eta arreta berezia merezi duten gaiei dagozkienean.
    14. Xedapen-proposamenak prestatzea kontsumitzaile eta erabiltzaileengan eragina izan dezaketen orotariko gaiei buruz, eta informazio ematea beste administrazio batzuek esparru horretan egiten dituztenei buruz.
    15. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteari eta babesteari dagokionez aginduko zaizkion beste eginkizun guztiak betetzea.
    16. Nahitaezko txostena egitea kontsumitzaileei eta erabiltzaileei eragiten dieten edo eragin diezaieketen xedapen eta arau guztiei buruz.
  2. 1. paragrafoan aipatutako eginkizunetan Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio edo erakunde batzuekin batera jardun behar denean, eginkizun horiek espezialitate, subsidiariotasun, lankidetza, koordinazio eta ekintza-batasunaren irizpideei lotuta bete behar dira.
  3. Jateko produktuen etiketatzea kontrolatzeko eginkizunei dagokienez, gaian eskuduna den sailarekin eta lan hori egin dezaketen enpresa eta erakunde homologatuekin koordinatuta bete behar dira eginkizunok. 

5. artikulua. Gobernu-organoak

Honako hauek dira Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren gobernu-organoak:

  1. Lehendakaria.
  2. Zuzendaritza Kontseilua.
  3. Zuzendaria.

6. artikulua. Lehendakaria

  1. Kontsumo-gaietan eskuduna den saileko titularra izango da Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren lehendakaria.
  2. Honako hauek dira lehendakariaren eginkizunak:
    1. Institutua zuzentzea eta institutuaren ordezkari gorena izatea.
    2. Zuzendaritza Kontseiluaren bilerak deitzea eta bileretan mahaiburu izatea.
    3. Institutuari izendatutako helburuak betetzen direla zaintzea.
    4. Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari, hala egitea eskatzen zaionean, institutuak burututako ekintzen berri ematea.
    5. Zuzendaritza Kontseiluari plan orokorrak eta jarduera-programak proposatzea, baita beste zenbait erakunderekin adostu beharreko lankidetza-hitzarmenak ere.

7. artikulua. Zuzendaritza Kontseilua

  1. Honako hauek izango dira Zuzendaritza Kontseiluko kideak:
    1. Lehendakaria.
    2. Zuzendaria.
    3. Eusko Jaurlaritzan etxebizitza, nekazaritza, osasun, ingurune, hezkuntza eta merkataritzako gaietan eskudunak diren sailak ordezkatuko dituzten sei kide.
    4. Ordezkaritzarik handiena duten kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak ordezkatuko dituzten hiru kide, elkarteek eurek proposatuta.
    5. Udal Administrazioa ordezkatuko duten bi kide, Eudelek proposatuta.
    6. Eusko Legebiltzarra ordezkatuko duten bi kide, Legebiltzarrak berak hautatuta.
    7. Ordezkaritzarik handiena duten enpresari-elkarteak ordezkatuko dituen kide bat, elkarteek eurek proposatuta.
    8. Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa ordezkatuko duen kide bat, konfederazioak berak proposatuta.
    9. Ordezkaritzarik handiena duten sindikatuak ordezkatuko dituen kide bat, sindikatuek eurek txandaka proposatuta.
    10. Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa ordezkatuko duen kide bat, konfederazioak berak proposatuta.
    11. Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumoko lehendakaria.
    12. Idazkaria. Hitza izango du, baina ez botorik.
  2. Zuzendaritza Kontseiluko kideen izendapena ebazpen-bidez onartuko du kontsumo-gaietan eskuduna den saileko titularrak.

8. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak

  1. Ondoko hauek dira Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak:
    1. Barne-araudia onestea.
    2. Urteko jarduera-programak onestea eta haien jarraipena egitea.
    3. Institutuaren aurrekontuen aurreproiektuak onestea.
    4. Urteko txostenak eta kontuak onestea.
    5. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko politikarekin zerikusia duten gai guztiak eztabaidatzea, lehendakariaren, zuzendariaren edo kontseiluko kideen ekimenez.
    6. Informazioa jasotzea institutuak bultzatutako erabaki-proposamen orokorrei buruz, eta proposamen horiek eztabaidatzea.
    7. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak lantalde iraunkorrak edo aldi baterakoak sortu ahal izango ditu, bai eta erakunde aholku-emaileak eta sailen arteko batzordeak sustatu ere, kontsumitzaileen babesarekin zerikusia duten gaiak aztertzeko eta haien inguruan proposamenak egiteko. Lantalde eta organo horien osaera, eginkizunak eta bilkura-erregimena Zuzendaritza Kontseiluak zehaztu beharko ditu kasu bakoitzean.
  2. Zuzendaritza Kontseilua lehendakariak deituko du, bere ekimenez edo kontseiluko kideen bosten batek hala eskatuta.
  3. Zuzendaritza Kontseilua urtean bi aldiz elkartuko da gutxienez, eta orobat kontseiluko kideen bosten batek hala eskatzen duenean ere.
  4. Ohiko bilkurak eta ezohiko bilkurak deitzeko prozedura, presentzia-quoruma eta erabakiak hartzeko beharrezko gehiengoak barne-araudian ezarri beharko dira.

9. artikulua. Zuzendaria

  1.  Honako hauek dira zuzendariaren eginkizunak:
    1. Institutua zuzentzea eta Zuzendaritza Kontseiluaren akordioak betearaztea eta egikaritzea.
    2. Erakundearen eta bere batzorde eta lantaldeen jarduerak bultzatzea eta gainbegiratzea.
    3. Merkatu-diziplinari eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsari buruzko arauketa aplikatzen dela kontrolatzeko mekanismoak zuzentzea, antolatzea, planifikatzea, koordinatzea eta programatzea, eta gatazkak arbitraje bidez ebazteko mekanismoak programatzea.
    4. Xedapen orokorrak egin daitezen sustatzea, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak orientatzeko eta defenditzeko.
    5. Institutuaren aurrekontuen aurreproiektuak egitea eta institutuaren ekintzei buruzko urteko oroitidazkia prestatzea.
    6. Errekurtso ekonomikoak administratzea eta kudeatzea, eta gastuak eta ordainketak agintzea eta baimentzea.
    7. Institutuko pertsonalaren zuzendari nagusi gisa jardutea.
    8. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 63.1 artikuluaren arabera kontsumo arloko eskumenak dituen zuzendariari zegozkion administrazio-zigorrak ezartzea.
    9. Institutuaren ohiko ordezkaritza legala, judiziala nahiz estrajudiziala.
    10. Lehendakariak eskuordetutako bestelako eginkizunak, eta indarrean dauden xedapenek izendatzen dizkioten eginkizunak.
    11. Egindako ekintza eta jardueren berri ematea Zuzendaritza Kontseiluari.
  2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariaren maila organikoa zuzendariarena da, eta Jaurlaritzak izendatuko du, kontsumo-gaietan eskuduna den saileko titularrak proposatuta.

10. artikulua. Idazkaria

Zuzendaritza Kontseiluko idazkari-lana institutuko funtzionario batek egingo du, eta lehendakariak izendatuko du zuzendariak proposatuta. 

11. artikulua. Egitura organikoa

Jaurlaritzak, kontsumo-gaietan eskuduna den saileko titularrak proposatuta, dekretuz finkatu behar ditu Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egitura eta antolaketa, 3. artikuluan ezarritako eginkizunak bete ahal izateko.

Egitura horrek modu egokian erantzun beharreko lan-arloak, gutxienez, honako hauek izango dira:

  1. Kontsulta eta bitartekaritzen arreta.
  2. Merkatuaren kontrola (ikuskaritza-kanpainak eta ziurtasunik gabeko produktuak).
  3. Informazioa eta prestakuntza.
  4. Laguntza juridikoa.
  5. Bitartekaritza eta arbitrajea.
  6. Aurrekontuak, kontratazioa eta pertsonala.
  7. Plangintza, azterlanak eta dokumentazioa. 

12. artikulua. Pertsonala

  1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak funtzionatzeko behar dituen lan-kontratuko langileak eta funtzionarioak izan behar ditu.
  2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko pertsonala Euskadiko Autonomia Erkidegoko funtzio publikoaren legeriak ezartzen duenaren arabera atxikiko zaio institutuari.
  3. Nolanahi ere, ahalmen publikoak erabiltzea eskatzen duten lanpostuak funtzionarioentzat gordeko dira.

13. artikulua. Baliabide ekonomikoak

  1.  Honako baliabide hauek izango ditu Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak funtzionatzeko:
    1. Urtean Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura finkatzen diren diru-izendapenak.
    2. Bere helburuak betetzeko Estatuko edo Europako funtsetatik iristen zaizkion diru-ekarpenak.
    3. Bere jardueragatik legez ezarritako tasak eta gainerako diru-sarrera publikoak.
    4. Bere alde emandako dohaintzak, ekarpenak eta diru-laguntzak.
    5. Atxikitzen zaizkion eta bere eginkizunak betetzean eskuratzen dituen ondasunen errendimenduak.
    6. Egiten dituen hitzarmenengatik eta institutuaren jarduerengatik jaso ditzakeen kontraprestazioak.
    7. Legezko eta araudizko xedapenen arabera dagokion beste edozein baliabide.
  2. Merkatu-diziplinaren eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsaren arloan ezarritako zigorren bidez eskuratutako dirua kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko jardueretara bideratu beharko da osorik.

14. artikulua. Ondare- eta kontratazio-erregimena

  1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren ondareari eta kontratazioari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko ondareari buruzko legedia eta administrazio publikoen kontratuetarako arau orokorrak bete beharko dira.
  2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren kontratazio-organoa zuzendaria da.

15. artikulua. Aurrekontuaren aurreproiektua

  1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak aurrekontu-aurreproiektu bat prestatu behar du urtero, hazienda arloan eskumena duen sailak adierazitako egitura jarraituz, eta kontsumo arloan eskuduna den sailari igorri behar dio, hark bere aurrekontu-aurreproiektuetan sar dezan.
  2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren aurrekontu-araubidea Aurrekontu Erregimenari buruzko Legeak irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren arabera ezartzen duena da.

16. artikulua. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko organoek emandako egintzen araubide juridikoa

  1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko Zuzendaritzak emandako egintza administratiboen aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da kontsumo-gaietan eskuduna den saileko sailburuaren aurrean, administrazio publikoen eta administrazio-prozedura erkidearen araubide juridikoari buruzko legeriak ezarritako moduan eta epeetan.
  2. Institutuko Zuzendaritzaren azpitik dauden organoek eta lurralde-zerbitzuetako zuzendariek emandako egintza administratiboen aurka, kontsumo-gaietan gauzatzen dituzten jarduerei dagokienez, gorako errekurtsoa jarri ahal izango da institutuko Zuzendaritzarren aurrean. 

Xedapen gehigarriak

Lehenengoa. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egitura-dekretua

  1. 11. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Jaurlaritzak, lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua egituratzeko eta antolatzeko dekretua onetsi beharko du.
  2. Dekretua egiteko orduan, kontuan izango dira Kontsumoko Plan Estrategikotik eratorritako ondorioak eta gogoetak.

Bigarrena. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren jardueren hasiera

  1. Institutuaren egitura eta antolaketa arautzeko dekretua onartzen denean zehaztuko du Jaurlaritzak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua martxan noiz jarriko den eta jarduerak noiz hasiko dituen.
  2. Jardueren hasiera urteko aurrekontuen legea indarrean sartzearekin denboran bat ez badator, Gobernu Kontseiluak onetsiko du erakunde autonomoaren aurrekontua jarduerak hasten dituen ekitaldi ekonomikorako, eta horren berri emango dio Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari hamabost eguneko epean. Hori dela eta, aurrekontuen eskumena duen sailari baimena ematen zaio beharrezko diren aurrekontu-aldaketak egiteko aipatutako aurrekontu hori eratzeko; alabaina, aldaketa horiek ezingo dute ekarri inolako gehikuntzarik erakunde autonomoaren jardueren hasieran indarrean zeuden aurrekontu orokorren partidetan kontsignatutako kopuru globalean.

Hirugarrena. Eginkizunak izendatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren baliabideak eta ondasunak atxikitzea

Gobernu Kontseiluak, dekretu bidez, egokitu egingo du kontsumo arloko eskumena duen sailaren egitura organikoa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari beharrezko dituen eginkizunak eta giza baliabideak izendatzeko, lege honek eta legearen garapeneko xedapenek izendatzen dizkioten helburuak betetze aldera, eta horrez gainera, beharrezko dituen ondasunak eta bitarteko materialak atxikiko dizkio. 

Indargabetze xedapena

Indargabetuta geratzen da Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 67. artikulua, eta orobat otsailaren 8ko 25/2005 Dekretua ere, Euskadiko Kontsumoko Koordinazio Batzordea arautzen duena. 

Azken xedapena

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

 

Vitoria-Gasteiz, 2007ko uztailaren 5a.

Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Azken aldaketako data: 2017/10/03