Kontsumobide

Pobrezia energetikoa: pertsona kalteberentzako neurriak

Energiarako sarbidea eta hornidura ematen duten zerbitzuez baliatzea ezinbestekoa da bizitza duin bat izateko, hots, oinarrizko beharrak aseta izateko. Baina tarifak etengabe igotzen ari dira, eta horren ondorioz, gero eta kontsumitzaile gehiago dira pobrezia energetikoa nozitzeko arriskuan daudenak.

Kontzeptu horren bidez, batez ere, honako hauek bizi duten egoera definitzen da: diru-sarrera urriak izanik, daukaten diruaren zati handi bat elektrizitate eta gasaren fakturak ordaintzeko erabili behar dutenak edo bazterketa nozitzeko arriskuan daudenak, euren egoera ekonomikoa, soziala edo lanekoa dela-eta. Beste egoera batzuetara ere zabaltzen da: etxebizitzak efizientzia energetikoaren aldetik baldintza objektibo kaskarrak izatea edo baliabide energetikoen prezioa handia izatea.

Eremu energetikoan kalteberak diren pertsonentzat, badira neurri batzuk, euren egoera arintzeko ezarri direnak, oraindik ez baita onartu euren eskubideak bermatuko dituen araudi espezifikorik. Neurri horietako bat da, hain zuzen ere, gizarte-bonoa eskatzea. Beherapen bat da eta ohiko etxebizitzako elektrizitatearen fakturari buruzko araudian ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei aplikatzen zaie.

Araudiaren arabera, hiru profilek eska dezakete bonoa, beren ezaugarri eta beharrizanen arabera: Pertsona kontsumitzaile kaltebera, pertsona kontsumitzaile kaltebera larria, gizartean baztertuta egoteko arriskuan dagoen pertsona kontsumitzailea.

  1. Pertsona kontsumitzaile kaltebera: pertsona fisiko oro, baldin eta bere ohiko etxebizitzarako hornidura-kontratuan 10 kW-ko potentzia edo baxuagoa badauka, Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioaren (KTBP) tarifa ordaintzen badu, eta honako baldintzaren bat betetzen badu:
    1. Urteko errenta Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren (OAEAP) parekoa edo baxuagoa izatea, eragiketa hau eginda: 14 ordainsari bider 1’5, familia-unitatean adingaberik ez badago; bider 2, adingabe bat bizi bada; edo bider 2’5, bi adingabe bizi badira. OAEAPen koefiziente biderkatzailea 0,5 areagotu daiteke, baldin eta familia-unitateko pertsonaren batek honako izaera badauka:
      • % 33ko minusbaliotasun-maila edo handiagoa dauka aitortuta.
      • Terrorismoaren biktima da.
      • Edo genero-indarkeriaren biktima aitortua izan da.
      • II edo III graduko mendekotasun-egoera aitortuta izatea.
      • Familia unitatea guraso bakar batez, eta gutxienez, adingabe batez osatua egotea.
    2. Familia ugarien titulua edukitzea. Familia horiei bonua aplikatzen zaie hornidura edukitzeko baldintzak betetzen badituzte
    3. Familia-unitateko kideak Gizarte Segurantzan erretiroaren edo ezintasun iraunkorraren zioz pentsiodunak direla eta beren pentsio-motarako ezarritako gutxieneko zenbatekoak soilik kobratzen dituztela egiaztatzea. Gainera, beste diru-sarrerak baldin badituzte, urtero gehitutako zenbateko hori ezin da 500 euro baino handiagoa izan.
  2. Pertsona kontsumitzaile kaltebera larria: Pertsona kontsumitzaile kalteberaren diru-sarrerak honako hauek badira:
    • Pertsona kalteberentzat ezarritako zenbatekoaren % 50 baino baxuagoak errentako.
    • Urteko errenta, Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren (OAEAP) 14 ordainsari baino baxuagoa denean, kasu hauetan: erretiroagatik gutxieneko zenbatekoko pentsioa jasotzen duten pentsiodunak eta ezintasun iraunkorra dutenak. Beste diru-sarrera batzuk badituzte, urtero gehitutako zenbateko hori ezin da 500 euro baino handiagoa izan.
    • 14 ordainsariren OAEAPen bikoitza baino baxuagoak, familia ugarien kasuan.
  3. Gizartean baztertuta egoteko arriskuan dagoen pertsona kontsumitzailea: kaltebera larria den pertsona oro, baldin eta erkidegoko eta udalerriko gizarte-zerbitzuek faktura elektrikoaren gutxienez % 50 finantzatzen badiote. Kasu horietan, hornidura funtsezkoa dela ulertzen da.
  4. Deskontua jasotzeko baldintzak betetzen diren egiaztatzea oso erraza da (leiho berri batean irekitzen da)

Pertsonaren, edo, hala badagokio, familia-unitatearen diru-sarrerak kalkulatzeko:

  • Errenta-aitorpena egiten bada, honako hauen batura: kideen azken aitorpenean agertzen den zerga-oinarri orokorra gehi aurrezkiaren oinarria.
  • Aitorpenik aurkeztu ez badu, horretarako betebeharrik ez duelako, honako hauen batura: lan-etekinak, kapitala edo jarduera ekonomikoak, eta zerga-agentzian agertzen diren ondare-irabaziak eta -galerak.
  • Aitorpenik aurkeztu ez badu, horretarako betebeharra izan arren, diru-sarrerak egiaztatu ezin direla ulertuko da eta, ondorioz, merkaturatzaileak eskaria baztertuko du.

Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioaren (KTBP) tarifa osatzen duten baldintza guztietan aplikatzen da gizarte-bonoa, eta horren ondorioz ordaindu behar den zenbatekoa Azken Errekurtsoko Tarifa (AET) izenekoa da. Beherapena honako hau da:

  • % 25, kontsumitzaile kalteberentzat.
  • % 40, kaltebera larrientzat.

Urteko kontsumoan muga bat ere badago, eta, muga horretatik aurrera, ez da beherapenik aplikatzen.

  • Pertsona batek soilik osatzen duen edo adingaberik ez duen familia-unitatea: 1.380 kWh urtean.
  • Adingabe bat duen familia-unitatea edo pentsiodunak: 1.932 kWh urtean.
  • Bi adingabe dituen familia-unitatea: 2.346 kWh urtean.
  • Familia ugariak: 4.140 kWh urtean.

Kontsumitzaileak eskari-eredu normalizatua aurkeztu behar dio bere erreferentziazko merkaturatzaileari. Inprimaki hori bere webgunean nahiz aurrez aurreko bulegoetan egon beharko da eskuragarri.

Aurreko gizarte bonoa jasotzen zuten kontsumitzaileek gizarte bonoa berritzeko epea luzatu da. Epea, urriaren 8an amaitzen bazen ere, 2018ko abenduaren 31ra luzatu da epea.

Pertsona horiek gizarte bonoaren eskaera bete behar dute eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu. Baldintzak bete eta eskaera 2018ko abenduaren 8a baino lehen egin badute, gizarte bonoa aplikatuko zaie 2018ko urriaren 8tik aurrera.

Eskaera 2018ko abenduaren 31ren ondoren aurkeztu eta ontzat ematen bada, beherapena, eskaera egin eta ondorengo fakturazio zikloaren lehenengo egunean sorraraziko da eta ondorengoetan aplikatuko da.

Bonu sozialaren onuradunak ez diren eta baldintzak betetzen dituzten pertsonek eska dezakete denbora mugarik gabe.

Eskariak honako hauek bildu behar ditu:

  • Familia-unitateko kideen IFZ edo AIZren fotokopia.
  • Indarreko erroldatze-ziurtagiria, banakakoa edo familia unitateko kide guztiena.
  • Familia-liburua edo, hala badagokio, erregistro zibileko orri indibidualaren ziurtagiria, familien kasuan.
  • Familia ugariaren tituluaren kopia, indarrean, familia ugarien kasuan.
  • Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, gutxieneko pentsioa indarrean, pentsiodunen kasuan.
  • Gizarte-zerbitzuen ziurtagiria edo egiaztagiria, pertsonak OAEAPen koefizientea 0,5 areagotzeko baldintza bereziren bat betetzen duela adierazten duena. Hau da, % 33ko minusbaliotasuna edo altuagoa duela, terrorismoaren biktima dela edo genero-indarkeriaren biktima dela adierazten duen agiria.

Eskaria aurkeztutakoan, honako hauek egingo ditu erreferentziazko merkaturatzaileak:

  • Pertsona interesdunari egiaztagiri bat emango dio, baldin eta eskaria aurrez aurreko bulegoetan entregatu badu.
  • Eskaria jaso duela berresten duen mezu elektronikoa bidaliko dio, bitarteko hori erabili bada.

Merkaturatzaileak 15 egun balioduneko epea dauka —hau da, larunbatak, igandeak eta jai-egunak kanpo—, eskari osoa jasotzen denetik aurrera, gizarte-bonoa eman edo ukatu den jakinarazteko. Eskaria ukatzen bada, horretarako arrazoia adierazi beharko da.

Dokumentazioa falta bada, gehienez ere 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko zaio interesdunari, eskaria jasotzen denetik aurrera, kasuan kasuko informazioa osa dezan.

Beherapena hurrengo fakturan aplikatuko da, baldin eta faktura hori eskaria osorik jasotzen denetik gutxienez 15 egun balioduneko epea igarotzean igortzen bada. Bestela, hurrengo fakturan aplikatuko da.

Bai gizarte-bonoa eman edo ukatu dela jakinarazteko 15 eguneko epea, bai fakturan beherapena aplikatzeko 15 eguneko epea hilabete luzatu ahalko da lehenengo hiru hilabetean, gizarte-bono berria indarrean jarri denetik, hau da, 2017ko urriaren 10etik aurrera.

Gizarte-bonoa aplikatuko da:

  • Familia ugariaren titulua indarrean den bitartean, familia ugarien kasuan.
  • Beste kasuetan, bi urte, eskatzen diren inguruabarrak mantentzen diren bitartean. Bonua jasotzeko baldintzak desagertzen badira, onuradunak enpresari jakinarazi behar dio hilabeteko epean, gehienez ere, aldaketa hori eman denetik.
  • Bi urte horiek igaro ondoren, hornidura-konpainiak kontsumitzaileari adierazi beharko dio, bi urte horiek amaitu baino lehen bidalitako azken fakturan, epea noiz amaitzen den. Gainera, jakinarazi beharko dio, baldin eta berritzea eskatzen ez badu, beherapena aplikatzeari utziko diola, nahiz eta berriro eskatzeko aukera izango duen, betiere baldintzak betetzen baditu.
  • Dokumentazioarekin batera, berritzeko eskaera aurkeztu beharko da gizarte bonoa jasotzeko baldintzak betetzen diren egiaztatzeko, bi urteko epea amaitu baino lehen eta, gehienez, epea amaitu baino 15 egun lehenago.

Erreferentziazko merkaturatzaileak egiaztatu beharko du, aplikazio telematiko baten bidez, ea kontsumitzaileak betetzen ote dituen gizarte-bonoaz baliatu ahal izateko baldintzak, honako hiru modalitate hauetakoren batean: kontsumitzaile kaltebera, kaltebera larria edo baztertua izateko arriskuan dagoen pertsona.

Konpainiak 15 egun balioduneko epea dauka, eskaria eta dokumentazio osoa jasotzen dituenetik aurrera, gizarte-bonoa dagokion ala ez jakinarazteko.

Gizarte-bonoaren aplikazioari buruzko desadostasunik badago edo/eta merkaturatzaileak bonoa emateari uko egiten badizu, erreklamazioa aurkeztu ahalko duzu Kontsumobiden edo kontsumo-erakundeetan.

Ez badituzu betetzen gizarte-bonoa baliatzeko baldintzak, zure fakturak txikiagotzen saia zaitezke, energia-eskaintzen konparatzailearen bidez, zeina Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren webgunean argitaratuta baitago.

Tresna horren bidez, zerrenda bat eskura dezakezu, urtebetean zure udalerrian operatzen duten enpresei ordainduko zeniekeenaren berri emango dizuna, betiere, zure kontsumo-ohituren eta kontratu motaren arabera. Horretarako, honako hauek adierazi behar dituzu: hornidura-mota, kontratatutako potentzia, urteko kontsumoa eta posta-kodea.

Energiaren arloan kalteberak direnak beren udalerriko gizarte-zerbitzuetara jo dezakete, bizi duten egoeraren arabera zer laguntza mota jaso dezaketen jakiteko. Eusko Jaurlaritzak baliabide ekonomikoak eskaintzen ditu, hainbat laguntza-lerroren bitartez:

  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE): prestazio ekonomiko bat da, aldizkakoa, nahikoa diru-sarrera ez dutenei ematen zaiena, gastuak ordain ditzaten: bai oinarrizko beharrekin lotutako gastuak, bai gizarteratze eta/edo laneratze prozesu baten ondoriozkoak.
  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL): prestazio ekonomiko bat da, aldizkakoa ez dena, baliabide gutxi dituztenei eskaintzen zaiena, ohiko zein aparteko gastu espezifikoei aurre egiteko, eta, hartara, gizarte-bazterkeriako egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko. Diru-laguntzaren izaera du, hau da, aurrekontu baten arabera ematen den laguntza bat da, eta, horretaz gain, helburu jakin baterako ematen da, hau da, laguntza zertarako eskatu den, horretarako erabili behar da. GLLen tramitazioa udalei dagokie.
    GLLen araudian, 2017ko urtarrilera arte, laguntza-lerro bat zegoen ohiko etxebizitza- edo bizitoki-gastuen partidaren barruan, honako hauen guztien fakturak oro har ordaintzen laguntzeko: energia, ura, estolderia, zaborra eta hiri- zein landa-eremuko ondasun higiezinen gaineko zergak. Baina gizarte larrialdietarako laguntzei buruzko Dekretua aldatu zuen urtarrilaren 17ko 16/2017 Dekretuan, berariaz ezarri da gastu hauetarako laguntza-lerro bat: “Energia-gastuak, elektrizitate-, gas- edo etxerako beste erregai-horniketa batzuek eraginak”.
  • Hitzarmena, Gurutze Gorriarekin: Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak pobrezia energetikoari aurre egiteko hitzarmen bat izenpetuta dauka Gurutze Gorriarekin, GLLak edo DSBEa jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten familiei zuzenduta dagoena. Entitate horren bidez, laguntzak jaso ditzakete argiaren, uraren eta gasaren fakturak.

Prestazio horietaz gain, elkarte eta ONG zenbaitek programa batzuk kudeatzen dituzte pobrezia energetikoaren eragina murrizteko.

  • 2009/72/CE Zuzentaraua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13koa, elektrizitatearen barne merkaturako arau komunei buruzkoa, zeinaren arabera 2003/54/CE Zuzentaraua indargabetu zen.
  • 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa.
  • 7/2016 Errege Lege dekretua, abenduaren 23koa, bonu sozialaren kostua finantzatzeko mekanismoa eta energia elektrikoaren kontsumitzaile kalteberak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituena.
  • 897/2017 Errege Dekretua, urriaren 6koa, kontsumitzaile kalteberaren figura, gizarte-bonoa eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituena.
  • ETU/943/2017 Agindua, urriaren 6koa, honako hau garatzen duena: 897/2017 Errege Dekretua, urriaren 6koa, kontsumitzaile kalteberaren figura, gizarte-bonoa eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituena.
  • ETU/631/2018 Agindua, apirilaren 6koa, kontsumitzaile kalteberaren figura, gizarte-bonoa eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituen urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretua garatzen duen urriaren 6ko ETU/943/2017 Aginduaren I. eranskinean aurreikusita dauden gizarte-bonoa eskatzeko inprimakiak aldatzen dituena.
  • 15/2018 Errege Lege Dekretua, urriaren 5ekoa, Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurriena.

Azken aldaketako data: