Kontsumobide

Argitalpen-data: 2016/01/18

Ikuskapen-kanpaina: 'Hipoteka-kontratuetako abusuzko klausulak' (2014). EMAITZAK

Eusko Legebiltzarrak, 2013ko azaroaren 14an hartutako erabakiaren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu zion EAEn diharduten kreditu-erakundeak ikuskatzeko plan integral bat egitea eta gauzatzea, hipoteka-bermea duten mailegu-kontratuetan abusuzko klausulak detektatzeko eta, halakorik balitz, abusuzko klausulen erabilera zehatzeko. Zehazki, erabakiaren testua hau zen:

'1. Eusko Legebiltzarrak errefusatu egiten du abusuzko jarduera ekonomiko eta finantzario oro eta erakunde finantzarioei eskatzen die ofizioz ken ditzatela beren hipoteka-kontratuetatik gehiegizko klausulak, bereziki 'zoru-klausulak' deiturikoak eta ez ditzala aurrerantzean gehiago erabili kontsumitzaile eta erabiltzaileekin egiteko hipoteka maileguzko kontratuetan.

2. Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio jar ditzala entitate finantzarioen gehiegizko klausulak salatzen dituzten pertsonen eskueran Kontsumobidek dituen baliabide guztiak eta lege-babesa.

3. Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio berehala landu eta gauzatu dezala Autonomia Erkidegoan diharduten kreditu-erakundeak ikuskatzeko plan integral bat, gehiegizko klausulen erabilera atzeman eta zigortzeko, eta, hiru hilabeteko epean, bidali ditzala Ganbera honetara plan horren emaitzak'.

 

Kanpainaren xedea

Kanpainaren xedea hau zen: 'lurzoru-klausula' izenekoari dagokionez, finantza-erakundeak klausula hori beren kabuz ezabatzen edo erabiltzeari uzten ari ote ziren egiaztatzea kontsumitzaileekin sinatzen zituzten hipoteka-kontratuetan, eta, jarriz gero, klausula behar bezain gardena zela kontrolatzea, hau da, kontratua egindako kontsumitzaileak haren berri bazuela eta haren irismenaren eta ondorioen berri bazekiela kontrolatzea.

Bestetik, horrelako kontratuetan dauden klausulen azterketa haztatu bat egin da, klausula horietan abusuzko kontuak ote dauden detektatzearren.

 

Noiz egin zen

Kanpaina 2014an eta 2015ean egin zen.

 

Emaitzak

Kanpainarako lagin gisa hartu ziren hamaika finantza-erakundeetatik, zortzik informazioa eskaini zuten eta une oro ikuskaritza-lana erraztu zuten. Gainerako hirurek zehapen-espediente bat jaso zuten, ikuskaritza-lana oztopatzeagatik.

 

2014ko urtarrilaren 14an, zazpi finantza-erakundek txertatzen zuten 'lurzoru-klausula' hipoteka-kontratuetan. Batek, ordea, hori aplikatzeari utzi zion, Auzitegi Gorenaren 2013ko maiatzaren 9ko 241/2013 epaiaren ondorioz.

Gainerako zazpi erakundeek ezabatu edo eten egin dute lurzoru-klausula kontratu batzuetatik, irizpide hauen arabera: merkataritza-irizpideak, aldeen arteko akordioa, hutsuneak mailegua kontratatzeko edo formalizatzeko prozesuan, Auzitegi Gorenak ezarritako gardentasun-irizpideak egiaztatzea edo ebazpen judizial batek esandakoa betetzea.

Kontratu gehienetan, lurzoru-klausula kontsumitzaileak hala eskatu duelako kendu da.

2013ko azaroaren 23tik abenduaren 23ra egin ziren hipoteka-kontratuetako lurzoru-klausulari eta sabai-klausulari dagokienez:

  • Bi erakundek lurzoru-klausula eta sabai-klausulak aplikatu zituzten.
  • Bi erakundek sabai-klausulak bakarrik aplikatu zituzten.
  • Lau erakundek ez zuten aplikatu ez lurzoru-klausula ezta sabai-klausula ere.

 

Beste klausula batzuetik zenbait ere abusuzkotzat jo zituen Kontsumobidek, behin eta berriroko jurisprudentzia kontuan izanda (Auzitegi Gorena eta Probintzietako Auzitegiak), orokorrean oso orokorrak edo gehiegizkoak zirelako edo elkarrekikotasunik ez zutelako. Zehazki:

  • Mailegu-hartzailearen kargurako gastuak: bi erakundetako kontratuetan.
  • Zordunaren kargurako gastu judizialak (epaiketa-kostuak): bi erakundetako kontratuetan.
  • Kontratuaren amaiera aurreratzea: erakunde bateko kontratuetan.
  • Komisioa epez kanpoko zordun-posizioak erreklamatzeagatik ('ordaindugabeen kudeaketagatiko komisioa' ere izena du): kanpainarako lagin gisa hartutako hamaika finantza-erakundeetako kontratuetan.

Aurreko lau klausula motetatik lehenengo hirurei dagokienez, Kontsumobidek, behar ziren errekerimenduak egin ondoren, pentsatu zuen finantza-erakundeek proposatutako aldaketek beren bezeroen hasierako posizioa hobetzen zutela. Hala ere, kontuan hartu beharko lirateke etorkizunean onartu litezkeen balizko araudi-aldaketak eta zibil-arloko epaitegietako epaiak.

Abusuzko klausulen laugarren klausula motari dagokionez (komisioa zordun-posizioak erreklamatzeagatik), Kontsumobidek egindako errekerimenduen ondoren, erakundeetako batek erabaki zuen komisio horren kontratazioa etetea eta ez txertatzea, harik eta Espainiako Bankuak jardunbide egokitzat jotzen duena errespetatuko duen barne-garapena amaitu eta ezarri arte. Gainerako hamar finantza-erakundeek ez zieten erantzun egokirik eman Kontsumobidek egindako eskaerei; horregatik, zegozkien zehapen-espedienteak abiarazi ziren.

 

Ondorioak

Bankuek hipoteka-maileguetako kontratuetan erabiltzen dituzten abusuzko klausulak zuzentzea, horixe izan da, azken batean, Kontsumobideren helburua ikuskatze-kanpaina honetan, ezabatu edo alda ditzaten.

Zehazki, kanpainan berrikusitako hipoteka-kontratuak Auzitegi Gorenaren 2013ko maiatzaren 9ko 241/2013 epaiaren ondoren egindakoak dira, banku-gardentasunerako araudi guztia indarrean zegoela. Beraz, kanpainatik kanpo gelditu dira aurrez sinatutako hipoteka-kontratuak.

Lurzoru-klausulei dagokienez, ez dira legez kontrakoak ezta abusuzko klausulak ere berez, ezta lurzoru-klausularen eta sabai-klausularen artean diferentzia handi bat dagoenean ere edo 'sabai-klausula' sartzen ez denean ere; beraz, ezin da adierazi klausula horiek guztiak baliogabeak direnik. Klausula horien abusua gardentasun faltan oinarritzen da. Beraz, lurzoru-klausulak abusuzkoak eta ondorioz baliogabeak izateko, kontsumitzailearekin egiten den 'kontratuaren  arrazoizko garapenean' txertatzen direnak eta beraiek duten garrantziaren eta irismenaren berri behar bezala jakiteko modurik ematen ez dutenak izan behar dute.

Kanpainan lagin gisa hartu diren kreditu-erakunde guztiek protesta egin dute 'lurzoru klausulak' abusuzkotzat jotzeko ideia orokorra dela medio, eta adierazi dute beren klausulak erabat legezkoak direla eta Auzitegi Gorenaren 241/2013 epaiak ezarritako gardentasunerako eta informaziorako eskakizunak betetzen dituztela.

Finantza-erakundeek konpromisoa hartu dute dituzten kontratuetatik klausula batzuk kentzeko zein beste batzuk berrikusteko eta indarrean dagoen araudira zein duela gutxiko jurisprudentziara egokitzeko. Kontsumobidek konpromiso horiek bete direla egiaztatuko du.