Kontsumobide

Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordearen osaera eta funtzionamenduari buruzkoa dekretua argitaratu da

Argitalpen-data: 

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legeak, bere 35. artikuluan aurreikusten du, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea izango dela kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- eta administrazioen arteko koordinazio-organoa, kontsumoaren arloan parte hartzen duten gizarte-eragileen eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babesten dituzten administrazio publikoen arteko lankidetza sustatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan horien babes maila handitzeko helburuarekin.

Lege horren 36. artikuluaren 3. paragrafoak xedatzen du Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea honako hauek osatuko dutela: interes sozial, profesional eta ekonomikoen ordezkariek, kontsumoaren sektoreari lotutako administrazio publikoen ordezkariek eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen ordezkariek; eta erregelamendu-garapenari agintzen dio haren osaera eta funtzionamendu-araubidea ezartzeko.

Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea aurreikusita zegoen Kontsumitzailearen Estatutuari buruzko azaroaren 18ko 10/1981 Legearen 27. artikuluan, zeina 1982ko ekainaren 7ko 133/82 Dekretuaren bidez garatu baitzen. Dekretu horren bidez sortu zen Kontsumoko Zuzendaritza Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Arrantza eta Turismo Sailean. Ondoren, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeari buruzko uztailaren 9ko 231/85 Dekretua eman zen, gaur egun indarrean dagoena.

Kontsumoko Kontsulta Batzordearen osaera 2001. urtean aldatu zen, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea arautzen duen Dekretua aldatzen duen maiatzaren 22ko 88/2001 Dekretuaren bidez.

Beraz, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea arautzen duen dekretua eman zenetik hiru hamarkada baino gehiago igaro ondoren, eta haren osaera eguneratu zenetik ia hogei urte igaro ondoren, beharrezkoa zen araua gaur egungo egoeretara egokitzea, bi zentzutan: batetik, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeko ekainaren 29ko 9/2007 Legean jasotako aurreikuspenetara egokitu behar da haren osaera, eta, bestetik, kide anitzeko organoen araubide juridikoaren arloan indarrean dagoen oinarrizko araudira egokitu behar du bere funtzionamendua.