Itxurakeria ekologiko edo ekopostureo (greenwashing ingelesez) terminoa gero eta ohikoagoa da gure egunerokoan. Laburbilduz, konpainia batzuek klima errespetatzen dutela edo klima-aldaketaren aurka elkarlanean jarduten dutela sinetsarazteko baliatzen dituzten politikak dira, nahiz eta ez duten aldaketa esanguratsurik eragiten.
Oraingo honetan, 20 hegazkin-konpainia dira susmagarriak. Kontsumitzaileak babesteko lankidetza-sareak (CPC sarea) jakinarazi die 20 konpainia horiei baieztapen ekologiko engainagarriak zabaltzen ari direla. Agintariek engainagarriak izan daitezkeen zenbait ingurumen-baieztapen identifikatu dituzte, eta hegazkin-konpainiei jakinarazi diete 30 eguneko epean beren praktikak Europar Batasuneko legeriara egokitu behar dituztela. Konpainia horiek ez badituzte arazo horiek konpontzeko behar diren neurriak hartzen, CPC sareko agintariek beste neurri batzuk har ditzakete, zehapen ekonomikoak barne.
Hona hemen antzemandako jardunbideetako batzuk:
- Azpimarratzea hegaldi batek eragindako CO2 emisioak klima-alorreko proiektuen bidez edo abiazio-erregai jasangarrien bidez konpentsatu edo murriztu daitezkeela, eta kontsumitzaileek tasa gehigarriak ordaintzen badituzte hori lor daitekeela .
- "Ekologiko", "jasangarri" edo "arduratsu" terminoak modu absolutuan erabiltzea, edo oso kutsatzailea den aireko garraioko sektoreak ingurumenean duen eraginari buruz kontsumitzaileak nahas ditzaketen irudiak edo koloreak erabiltzea.
- Etorkizunean helburuak lortzearekin lotutako baieztapenak egitea, hala nola airelineak berotegi efektuko gas-isurien zero maila lortzeko bidean aurrera egiten duela, eta baliteke konpromiso argi eta egiaztagarriekin, helburu neurgarriekin eta jarraipen-sistema independente batekin lotuta ez egotea.
- Konpainia batzuek hegaldi espezifiko bateko CO2 isurien "kalkulagailu" bat aurkeztea kontsumitzaileei, kalkulu horren fidagarritasunari buruzko froga zientifiko nahikorik eman gabe eta kalkulua egiteko erabilitako elementuei buruzko informaziorik eman gabe; edo beste hegaldi edo konpainia batzuekin alderatzen dira CO2 emisioei dagokienez, konparazioaren elementuei buruzko informazio nahikoa eta zehatzik eman gabe.
CPC sareari buruz
Europar Batasuneko estatu kideen arteko koordinazio-sare bat da, kontsumitzaileen eskubideen arloko legeria aplikatzen dela eta merkatu bakar osoan modu koherentean betearazten dela bermatzeko.
Sare horren bidez, EB osoan aplikatu beharreko neurriez ohartarazi eta neurri horiek koordinatu daitezke, EBko kontsumitzaile gehienei kalte egiten dieten jardunbideei aurre egiteko. Sare hori osatzen duten agintariek, halaber, beren praktikak zuzentzeko ardura hartzen duten enpresen konpromisoa onar dezakete, eta kaltetutako kontsumitzaileei konponbideak eta kalte-ordainak eskain diezazkiekete.
Iturria: Kontsumitzailearen Europako Zentroa Espainian.