Javier Hurtado eta María Jesús San José sailburuek Juezas y Jueces para la Democracia elkartearen jardunaldiak inauguratu dituzte

Argitalpen-data: 

Juezas y Jueces para la Democracia elkarteak "Kontsumitzaileen defentsa kolektiboa" izeneko jardunaldiak egingo ditu gaur eta bihar, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak inauguratu dituzte gaur bihar Tontxu Rodríguez Kontsumobideko zuzendariak itxiko dituen jardunaldiak.

Hurtado sailburuak gogorarazi du epaileek eta Kontsumobidek kontsumo-eskubideak indartzeko eta zaintzeko eginkizuna partekatzen dutela, bakoitzak bere eskumen-eremuan. “Kontsumobiden ahalegin handia egin dugu gure tresnak kontsumo- eta ordainketa-ohitura berrietara egokitzeko, batez ere kontsumoari buruzko lege berri bat garatuta: Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua, 2023ko apirilean onartua. Lege modernoa da, aitzindaria alderdi batzuetan, aurreratuenetakoa, eta eskubideak indartzen ditu, bereziki kolektibo kalteberenenak. Eta lege horren tresnak eraginkorrak izan daitezen, Kontsumobideren lana ez ezik, legea aplikatzen duten epaileena ere beharrezkoa da, jurisprudentzia ezartzen baitute, eta kontsumitzaileen eskubideak aitortu eta defendatzen baitituzte”.

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, berriz, zera azpimarratu du: "Horrelako hausnarketa-guneak funtsezkoak dira kontsumitzaileen eskubideak babesten aurrera egiten jarraitzeko, bereziki testuinguru globalizatu eta digitalizatu batean, teknologia eta kontsumo-eredu berriek etengabeko erronkak ezartzen dizkigutenean".

San Josék nabarmendu duenez, oso garrantzitsua da “babes-plus” bat bermatzea kolektibo kalteberentzat, hala nola adinekoentzat, deskonexio digitala pairatzen baitute eta atxikitze-kontratuetan edo plataforma teknologikoen bidez ezarritako abusuzko klausulak jasateko arrisku berezia baitute.

San José sailburuak azpimarratu du, halaber, Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileen eskubideen defentsa kolektiboa bermatzeko egindako lana; eta baita mekanismo eraginkorrak sortzeko egindako lana ere, pertsona guztiek, bereziki zaurgarritasun-egoeran daudenek, doako justiziara jotzeko eta beren eskubideak babesteko aukera izan dezaten, beren egoera ekonomikoa edozein dela ere. "Justiziak eskubide erreala eta eraginkorra izan behar du, eta ezin da herritarrek beren eskubideak baliatzea eragotziko duen oztopo ekonomiko, sozial edo geografikorik egon", adierazi du.