Gaur egun, sare sozialetan egotea zure herriko plazan egotea bezalakoa da: argazkiak, iritziak, uneak eta informazio pertsonala partekatzen ditugu etengabe. Baina mundu digitalean badago alde handi bat: egiten dugun guztia aztarna digital bihurtzen da, eta enpresek informazio hori arretaz jarraitzen eta aztertzen dute.
Zer egin zure datu pertsonalekin?
Zure datu pertsonalak —adibidez, izena, jaioteguna, kokapena edo argazkiak— zureak dira. Baina ez hori bakarrik: gustuko dituzun gauzei buruzko informazioa, egiten dituzun klikak edo nondik konektatzen zaren ere zure datu pertsonalen parte dira.
Sare sozialek zure baimena eskatu behar dute datu horiek erabiltzeko, eta argi azaldu behar dizute zertarako erabiliko dituzten. Esaterako, publizitate pertsonalizatua erakusteko edo beren zerbitzuak hobetzeko erabil ditzakete, baina beti gardentasunez eta zure eskubideak errespetatuz.
Zure pribatutasuna babesteko, honako gomendio hauek kontuan hartu:
- Pribatutasuna konfiguratu. Egin ezazu sare sozial bakoitzean. Zerbait argitaratzen duzun bakoitzean, eduki horren gaineko kontrolaren zati bat galtzen duzu. Horregatik, garrantzitsua da zure informazioa eta argitalpenak nork ikus ditzakeen mugatzea. Gainera, ondo pentsatu datu sentikorrak partekatu aurretik, hala nola zure telefono zenbakia edo helbidea.
- Saioak itxi. Zurea ez den ordenagailu bat erabiltzen baduzu, itzali aurretik, itxi sartu dituzun kontuen saioak.
Ezagutu zure eskubideak
- Atzipen eskubidea: Zuri buruz zer datu dituzten jakiteko eskubidea duzu.
- Zuzentzeko eskubidea: Zerbait okerra bada, alda dezatela eska dezakezu.
- Aurka egiteko eskubidea: Zure datuak publizitate pertsonalizatua egiteko erabiltzea ez duzula nahi adierazteko eskubidea duzu.
- Ezerezteko eskubidea (ahaztua izateko eskubidea): Zure datuak ezabatzeko eska dezakezu.
- Mugatzeko eskubidea: Eskubidea duzu plataformari zure datuak “izozteko” eskatzeko; hau da, datuak gordetzeko baina aldi baterako ez erabiltzeko, kexa bat ebazten den bitartean edo erreklamazio baterako behar dituzunean.
- Datuak transferitzeko eskubidea: Eskubidea duzu zure datuak formatu erabilgarri batean jasotzeko eta beste sare sozial batera eramateko eskatzeko.
Cookien dilema: onartu ala baztertu?
Cookieak webguneek eta sare sozialek zure gailuan gordetzen dituzten fitxategi txikiak dira. Haien bidez, esperientzia pertsonalizatuagoa eskain dezakete; adibidez, zure hizkuntza hobetsia edo online denda batean ikusi dituzun produktuak gogoratuz.
Cookie batzuk beharrezkoak dira webguneak ondo funtzionatzeko —adibidez, erosketa saskia gordetzeko—, baina beste batzuk zure nabigazioa jarraitzeko eta publizitate pertsonalizatua erakusteko erabiltzen dira.
Cookieak onartu, konfiguratu edo baztertzeko aukera agertzen zaizunean, ez onartu dena automatikoki. Hobe da konfiguratzeko aukera erabiltzea eta webguneak behar bezala funtzionatzeko ezinbestekoak diren cookieak bakarrik onartzea.
Hala ere, kontuan izan cookie batzuk desaktibatuz gero balitekeela webgune edo zerbitzu batzuk ez ibiltzea behar bezala.
Non erreklamatu arazo bat baduzu?
Ikusten baduzu zure datuak baimenik gabe erabili direla, edo norbaitek zure pribatutasuna urratu duela sare sozial batean, erreklamatzeko eskubidea duzu. Adibidez, imajina ezazu norbaitek profil faltsu bat sortu duela zure izena eta argazkiak erabiliz. Lehenik eta behin, profil horren berri eman behar da zuzenean sare sozialean, ezabatu ahal izateko. Erantzunik jasotzen ez baduzu edo arazoa ez bada konpondu, erreklamazio bat aurkez dezakezu Datuen Babeserako Espainiako Agentzian.
Kontuan izan Interneten zerbait doakoa denean, askotan produktua zu zeu izaten zarela —eta kasu honetan, zure datuak—. Horregatik, erabili sare sozialak arduraz, babestu zure pribatutasuna eta, arazoren bat baduzu, erreklamatu zure eskubideak. Azken finean, zure pribatutasuna eskubide bat da.



