Kontsumobide

Altzariak

Gatazka

Erreklamatzaileak (aurrerantzean, Ane) erreklamazioa aurkeztu zaion enpresarekin (aurrerantzean, Nodamasal) kontratatu zituen bere etxebizitzarako zenbait altzariren erosketa, hornidura eta instalakuntza aurrekontuan adierazitako neurri, prezio, ezaugarri eta kalitateekin. Baina Aneren arabera jasotako altzariak ez zetozen bat aurrekontuan hitzartutakoarekin eta zenbait altzariren muntaia desegokia edo akastuna izan zen. Zehazki: neurrira egindako oinetako-altzaria (690 €), bere kokapenerako utzitako espazioaren neurrietara egokitzen ez zena eta gainera hanka bat apurtuta eta silikonaz itsatsita zeukan; zabaldu ezin zitekeen jangelako mahai hedagarria (835 €) estufa bat eta Nodamasalek berak hornitutako beste altzari batek oztopatzen zutelako; txarto jarri eta teknikariek konpondu ezin izan zuten sukaldeko altzaria (790 €) eta kolpatutako ate bat zuen eta itxi ezin zen logelako armairua (500 €).

Anek kaltetuta zeuden altzariak Nodamasali ordezkatzeko edo konpontzeko eskatu eta ezezko erantzuna jaso ondoren, arbitraje prozesu honetan kaltetuta edo oker dauden altzariak itzultzea eskatu du, baita hauekin konbinatzen dituzten altzariak ere.

Nodamasalek adiskidetzeko eta bere esku dauden gauzak ondo egiteko borondate ona adierazi du. Era berean muntatzaileak defendatu ditu oso profesionalak direla azpimarratuz, baina fabrikatzaileak erantzuten duten bezala erantzuten dutela esan du. Mahai hedagarria estufa bategatik zabaldu ezin bada, beraiek ezin direla horren kargu egin. Ondo ixten ez den logelako armairua muntatzaileari erreklamatu beharko zaiola eta ez dakiela ezer ateak duen kolpe bati buruz. Era berean, sukaldeko altzaria behar bezala muntatu zutela defendatu du, txarto daudenak sukaldeko hormak direla argudiatuz.

Arbitraje-erabakia

Arbitraje-elkargoak Aneren asmoa PARTZIALKI BAIEZTEA erabaki du. Hortaz, Nodamasalek honako altzariak erretiratu beharko ditu Aneren etxetik, fakturan baliogabetuz: oinetako-altzaria (690 €), jangelako mahai hedagarria (835 €) eta sukaldeko altzaria (790 €). Halaber, fakturan deskontu bat aplikatuko da logelako armairuari dagokion zenbatekoan, ate bat kolpatuta edukitzeagatik (500 €) eta itxiera txarto egiteagatik (295 €). Zenbateko bat ordaindu gabe dagoenez (1.977 €), Ane eta Nodamasal elkarrekiko hartzekodun eta zordun gertatzen dira. Hortaz, zor diren zenbatekoak (3.110 € - 1.977 €) konpentsatu behar dira, Nodamasalek MILA EHUN ETA HOGEITA HAMAIRU EURO (1.133 €), BEZ barne, itzuli beharko dizkiolarik Aneri.

Laudo hau AHO BATEZ onartu da. 

Azalpena

Arbitraje-elkargoaren ustez behar bezala frogatuta geratu da altzarien hornidura eta instalazioa desegokia izan dela Nodamasalen aldetik honako alderdi zehatz hauetan: oinetako-altzaria (690 €) zeinen neurriak ez datozen bat bere kokapenerako utzitako espazioaren neurriekin, neurrira egindako altzari bat izanik, hanka bat apurtuta edukitzeaz gain; zabaldu ezin daitekeen jangelako mahai hedagarria (835 €), bere ezaugarri nagusiena (hedagarria izatea) betetzen ez duelako; Nodamasali egotz dakizkiokeen eta teknikariek konpondu ezin izan zituzten akats ugari zituen sukaldeko altzaria (790 €) eta kolpatutako ate bat eta itxiera akastuna dituen logelako armairua (500 €).

Era berean, Arbitraje-elkargoaren ustez Nodamasalek burututako gainerako lanak zuzenak izan ziren eta gainerako altzarien neurri, kalitate eta ezaugarriak aurrekontuan jasotakoarekin eta kontratatutakoarekin bat zetozen.

Ulertzen du behar bezala egiaztatuta geratu dela Anek Nodamasalekin bere etxebizitzarako zenbait altzariren erosketa, hornidura eta instalazioa kontratatu zituela Nodamasalek egindako aurrekontuetan jasotako neurri, prezio, ezaugarri eta kalitateekin; kontratu horren arabera, Nodamasalek altzarien instalazioko akatsengatiko erantzukizuna hartu zuela, eta bere gain hartu zuela konponketa edo, hala badagokio, akats horien kalte-ordaina ere; eta era beran, bere betebeharraren betetzea bermatu behar zuela, eta ezin dela inola ere justifikatu obraren amaiera txarra.

Aneri dagokio kontratuaren exekuziotik eratorritako akatsak, hutsuneak, gorabeherak eta kalteak daudela frogatzea, bai eta horiek Nodamasali egoztea ere. Izan ere, bera baita obra oker gauzatu dela uste duena eta dagokion arbitraje-eskaera aurkezten duena. Eta kasu honetan, Anek egiaztatu du ez dela behar bezala amaitu altzarien hornidura eta instalazioa bere etxebizitzan.

Gatazka

Erreklamatzailea (aurrerantzean, Ane) erreklamazioa aurkeztu zaion enpresaren (aurrerantzean, Nodamasal) altzari dendara joan zen besaulki batzuk erostera. Hainbat probatu ondoren erosoak iruditu zitzaizkion modelo batekoak aukeratu zituen eta 200 € eman zizkion Nodamasali erreserba gisa. Hilabete baten buruan besaulkiak bere etxean jaso zituen eta geratzen zitzaion zenbatekoa (1.200 €) ordaindu zuen.

Egun berean Anek besaulkiekin ondo ematen zuen sofa tapizatu bat enkargatu zion Nodamasali. Sofa bi hilabete geroago entregatu zen Aneren etxean. Nodamasalek sofa entregatu zuenean Anek esan zion ezin zela besaulkietara egokitu. Nodamasalek kuxin bat egingo ziola esan zion Aneri, bizkarrean jar zezan. Besaulkiak erosi eta hiru hilabetera, Anek bere mugikorreko argazkiak berrikusten ari zela besaulkiak aukeratu zituen eguneko bat aurkitu zuen, eta konturatu zen etxean zituenak eta aukeratutakoak desberdinak zirela, horrek azaltzen zuen beraietan ez zela eroso sentitzen.

Anek Nodamasali esan zion erositako besaulkiak ez zirela bere egunean aukeratu zituenak. Nodamasalek onartu zuen fabrikatzaileak jada ez zuela egiten Anek dendan aukeratutako modeloa eta berak aukeratukoa ordezkatzen zuen modeloa entregatu ziola; ia berdinak zirela eta desberdintasun bakarra zela entregatutakoek tamaina handiagoko belarriak zituztela. Era berean besaulkiak Anerentzat erosoak izan arte hobetzeko prest agertu zen.

Anek ez zuen eskaintza hori onartu eta dirua itzultzea eta besaulkiak bere etxetik kentzea eskatu dio Nodamasali.

Nodamasalek alegatu du Anek ustezko oker bat argudiatuz, salmenta bat baliogabetu, ordaindutako zenbateko osoa errekuperatu eta erabilitako altzaria batzuk eta jada dendan salmentan jartzeko balio ez dutenak bueltatu nahi zituela, baina altzariak entregatzerako unean ez zuen eragozpenik jarri eta ondoren adostasun seinale gisa ordainketa egin zuen. Gainera, Nodamasalek gehitu du kontuan izan beharko litzatekeela Anek erreklamazioa salerosketa egin eta 100 egunera jarri zuela.

Arbitraje-erabakia

Arbitraje-elkargoak erreklamatzailearen asmoa EZEZTEA erabaki du.

Laudo hau AHO BATEZ onartu da.

Azalpena

Arbitraje-elkargoren iritziz Aneri besaulkiak erosoak ez iruditzea, ez da baliozko argudioa eta ez du justifikatzen Anek salerosketa bertan behera uzteko asmoa. Argudio subjektibo bat da eta ezin zaio egotzi Nodamasali baldintza normaletan entregatu zituen altzarietan akatsen bat egotea.

Arbitraje-elkargoak kontuan hartu du Anek bere etxean jaso zituela bi besaulkiak eta besaulkiak jasotzean ez ziola inolako oharrik edo eragozpenik adierazi Nodamasali, eta zegokion zenbatekoa ordaindu zuela. Horrek esan nahi du jasotako hornidurarekiko nolabaiteko adostasun maila izan zuela. Gainera, Nodamasali bi besaulkiak eman eta hiru hilabetera egiten zaio erreklamazioa. Denbora horretan, besaulkiak Nodamasali inongo eragozpenik jakinarazi gabe erabili ziren. Eta erreklamazioaren arrazoia da entregatutako altzariak ez zirela aukeratutako modelokoak.

Probak aztertuta, bereziki dendan ikusgai jarritako besaulkien eta etxean jasotako besaulkien argazkiak, ez da funtsezko alde nabarmenik ikusten bi modeloen artean –are gehiago bien arteko antzekotasuna egiaztatzen da– eta Anek eta Nodamasalek egindako adierazpenak aintzat hartuta, Arbitraje-elkargoaren ustez ezin da hauteman Aneri saldutako besaulkiek nahi den erosotasuna ematen ez dutenik. Eta ez dago frogarik Anek besaulkiak erabiltzean aurkitzen duen deserosotasuna Nodamasalen erantzukizuna dela modu argi, absolutu eta erabakigarrian egiaztatzen duenik, ezta Nodamasalek berari zegozkion betebeharrak modu larrian bete ez dituela egiaztatzen duenik ere. Era berean, objektiboa da besaulkiek bere helbururako balio dutela (esertzeko) eta Anek hiru hilabete baino gehiago erabili dituela Nodamasali besaulkien gaineko inolako eragozpenik jakinarazi gabe.

Azken aldaketako data: