Arraina eta itsaskia
Europar Batasuneko herrialdeetan merkaturatzen diren arrainek, krustazeoek eta moluskuek, haien jatorria gorabehera, oinarrizko informazioa duen etiketa edo markaketa bat izan behar dute. Betebehar hori hauetan guztiotan bete behar da:
- Bizirik dauden arrainak, arrain fresko edo hoztua, arrain izoztua, arrain-xerrak eta fresko, hoztuta edo izoztuta saltzen den gainerako arrain-jakia (baita txikitua ere).
- Arrain sikua, gazitua, gatzunetakoa edo ketua eta gizakiek jateko moduko arrain-irina, -hautsa eta -pelletak.
- Krustazeo eta molusku biziak, freskoak, hoztuak, izoztuak, sikuak, gazituak eta gatzunetakoak; zuritu gabeko krustazeoak, uretan edo lurrunetan egosiak, are hoztuak, izoztuak, sikuak, gazituak eta gatzunetakoak ere; gizakiek jateko moduko krustazeo-irina, -hautsa eta -pelletak.
Zenbait datu nahitaez eman behar dira; beste batzuk, berriz, aukerakoak dira.
Nahitaez informazio hau eman behar da, bai arrain ontziratuari buruz eta bai ontziratu gabeari buruz:
- Espeziearen izen komertziala eta izen zientifikoa. Arrantzaren arloko ministerio eskudunak, aldian behin, zerrenda bat argitaratzen du, autonomia-erkidego bakoitzeko izendapenak ere jasotzen dituena: 2018ko urtarrilaren 26ko Ebazpena, Arrantzako Idazkaritza Nagusiarena, Espainian onartutako arrantza- eta akuikultura-espezieen izendapen komertzialen zerrenda ezarri eta argitaratzen duena.
- Ekoizteko modua; honela adierazi beharko da: itsasoan "harrapatua"; "ur gezatan harrapatua" edo "haztegikoa".
- Arraina zer ingurutan harrapatu den edo hazi den, hau da:
- Arraina zer itsasotan harrapatu den:
- Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdea, Mediterraneo itsasoa eta Itsaso Beltza. Arraina ur horietan harrapatu badute, bi hauek eman behar ditu:Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) ezarritako azpieremu edo dibisioaren izena, eta azalpen sinpleago bat, kontsumitzailearentzat ulertzen errazago dena, inguru horren izendapen arruntaren bidez, mapa baten bidez edo piktograma baten bidez.
- Beste ur-eremu batzuk: kasu hauetan, bakarrik FAOko eremuaren izena.
- Ur gezatako arraina baldin bada, hura harrapatu den ur-eremua –hau da, aintzira edo ibaia– eta herrialdea adierazi behar dira.
- Akuikulturako arraina: arrainaren hazkuntzako azken faseko herrialdea.
- Arraina zer itsasotan harrapatu den:
- Itsasoko edo ur gezetako harrapaketetan erabilitako arrantza-aparailuak:
- Tiratzeko sareak
- Arraste-sareak.
- Mailasareak eta antzekoak.
- Ingurasareak eta altxatzeko sareak
- Hariak eta amuak.
- Dragak.
- Nasak eta tranpak.
- Produktua desizoztu bada:
- Ontziratutako produktuetan, janari horren izenaren ondoan adierazi behar da hori.
- Ontziratu gabekoetan, taula edo karteletan adierazi behar da.
- Gutxieneko iraupen-data, hala dagokionean:
- Ontziratutako produktuak:
- Oso galkorrak badira, "iraungitze-data" agertu behar dute.
- Oso galkorrak ez badira, "ahal dela halako data baino lehen kontsumitzeko" adierazi behar da.
- Ontziratutako produktuak:
- Alergia ematen duten edo gorputzak onartzen ez dituen osagaien edo substantzien presentzia, non eta janariaren izenak berak argi eta garbi ez duen alergeno bat adierazten; hala gertatzen da krustazeoetan, arrainetan eta moluskuetan.
- Kilogramo bakoitzeko prezioa, hau da, publikoarentzako salmenta-prezioa, barnean direla BEZa eta gainerako zergak.
Informazio hau, bakarrik, ontziratutako arrainetan da nahitaezkoa:
- Osagaien zerrenda, osagaiak pisuaren arabera handienetik txikienera ordenatuta. Zerrendak izenburu bat izan behar du hasieran, eta "osagaiak" hitza agertu behar da hor.
- Osagaien kantitateak, ehunekotan adierazita, baldin eta osagaia janariaren izenean agertzen bada edo kontsumitzaileak izen horrekin lotzen badu, etiketan nabarmentzen bada edo janaria definitzeko ezinbestekoa bada.
- Janariaren kantitate garbia, gramotan edo kilogramotan:
- Arrainari gainetik likido bat ematen bazaio merkaturatzeko, baita izoztuta edo ultraizoztuta dagoenean ere, pisu garbi xukatua ere adierazi behar da.
- Glasatu baldin bada, berriz, pisu garbia pisu garbi xukatua izango da.
- Kontserbatzeko eta erabiltzeko baldintzak, behar izanez gero.
- Produktua merkaturatzen duen janari-enpresaren izena edo izen soziala eta helbidea.
- Jatorrizko herrialdea edo tokia, baldin eta hori ez azaltzeak kontsumitzaileak nahasteko arriskua badakar.
- Erabiltzeko jarraibideak, beharrezkoak badira.
- Nutrizioari buruzko informazioa, non eta eraldatu gabeko eta osagai bakarreko produktuak ez diren.
- "Giro babestuan ontziratu" al den, hau da, produktuaren iraupena EBk baimendutako bilgarri-gasen bidez luzatu al den.
- Izoztutako eguna, edo lehen aldiz izoztutako eguna, behin baino gehiagotan izoztu bada. Argi azaldu behar da, kodifikatu gabe, eta ordena honetan: eguna, hilabetea eta urtea.
- Animalia-jatorriko proteina erantsien presentzia. Halakoetan, janariaren izendapenak proteina horien presentziaren eta haien jatorriaren berri eman behar du.
- Ur erantsiaren presentzia, baldin eta ura arrantzako produktuen pisuaren % 5 baino gehiago bada, produktuen pisuaren barnean direla ebaki, multzo, xafla, zati, xerra baten edo arrantzako produktu oso baten itxurako prestakinak.
- "Arrain ale batekin baino gehiagorekin prestatua" esapidea, baldin eta produktua arrain ale oso bakar batetik atera dela ematen badu baina egiaz ale batetik baino gehiagotatik atera bada eta beste osagai batzuk nahasi bazaizkio (elikagai-gehigarriak eta -entzimak barne).
- Bizirik dauden molusku kuskubikoei dagokienez (ostrak, adibidez), paketatutako data, behintzat eguna eta hilabetea ageri direla.
- Identifikazio-marka, produktua non ekoitzi den zehaztu ahal izateko.
Nahitaezko informazioa leku nabarmen batean adierazi behar da, erraz ikusi eta argi irakurtzeko moduan eta, hala badagokio, ezabaezina izango da. Zenbait aipamenetan –Europar Batasuneko araudian zehaztuta daude–, tipografiak tamaina jakin batekoa izan behar du: x letraren altuerak, 1,2 mm edo handiagoa, non eta ontziaren azala gehienez 80 zm2 baino txikiagoa ez den. Kasu horretan, altuerak 0,9 mm edo handiagoa izan beharko du.
QR kode bat edo erantzun lasterreko kode bat jar daiteke, nahitaezko informazio guztia edo parte bat ematen duena.
Etiketan borondatezko informazio gehigarria ere jar daiteke, baldin eta argia eta anbiguotasunik gabekoa bada eta egiaztatua badago.
- Arrain-produktuak arrantzatutako eguna edo akuikulturakoak bildutako eguna.
- Produktuak lehorreratutako eguna edo lehorreratu diren portuari buruzko informazioa.
- Erabilitako arrantza-aparailuari buruzko informazio zehatzagoa.
- Itsasoan harrapaketak egin dituen itsasontziaren bandera.
- Beste informazio batzuk: ingurumenekoa, izaera etiko edo sozialeko informazioa, ekoizteko teknika eta jardunbideei buruzkoa edo produktuaren eduki elikagarriari buruzkoa.
- 1379/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2013ko abenduaren 11koa, arrantzako eta akuikulturako produktuen sektorean merkatuen baterako antolaketa ezartzen duena, Kontseiluaren 1184/2006 (EE) eta 1224/2009 (EE) erregelamenduak aldatzen dituena eta Kontseiluaren 104/2000 (EE) Erregelamendua indargabetzen duena.
- 1169/2011 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2011ko urriaren 25ekoa, kontsumitzaileari elikaduraz emandako informazioari buruzkoa, eta zeinaz aldatzen baitira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1924/2006 (EE) Erregelamendua eta 1925/2006 (EE) Erregelamendua, eta zeinaz indargabetzen baitira Europako Batzordearen 87/250/EEE Zuzentaraua, Kontseiluaren 90/496/EEE Zuzentaraua, Europako Batzordearen 1999/10/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000/13/EE Zuzentaraua, Europako Batzordearen 2002/67/EE eta 2008/5/EE zuzentarauak eta Europako Batzordearen 608/2004 Erregelamendua (EEEren ondorioetarako testua).
- 853/2004 (EE) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2004ko apirilaren 29koa, animalia-jatorriko elikagaien higieneari buruzko berariazko arauak ezartzen dituena.
- 2406/96 (EE) Erregelamendua, Kontseiluarena, 1996ko azaroaren 26koa, zeinaren bidez arrantzako produktu jakin batzuk merkaturatzeko arau erkideak ezartzen baitira.
- 126/2015 Errege Dekretua, otsailaren 27koa, arau orokorra onesten duena azken kontsumitzaileari eta elkarteei saltzeko ontziratu gabe aurkezten diren elikagaien, erosleak eskatuta saltokietan ontziratutako elikagaien eta xehekako saltokien titularrek ontziratutako elikagaien elikadura-informazioari buruz.
- 3423/2000 Errege Dekretua, abenduaren 15ekoa, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei eskaintzen zaizkien produktuen prezioak adierazteko modua arautzen duena.
Liburuxkak
Informazio-orria deskargatu (pdf, 1,03 MB)
Liburuxka deskargatu (pdf, 990 kB)
Azken aldaketako data: