Askotarikoak

Gatazka

Erreklamatzaileak (aurrerantzean, Ane) adierazi du gutun urgente bat bidali zuela –dagokion aparteko zenbatekoa ordainduz– Madrilera eta erreklamazioa aurkeztu zaion enpresak (aurrerantzean, Nodamasal) berau entregatzeko hamabost egun behar izan zituela. Izan ere, arreta eman zion langileak gaizki sartu zuen helmugako posta kodea sistema informatikoan.

Ondorioz, Anek uste du Nodamasalek bere gain hartu beharko lukeela egindako akatsaren erantzukizuna eta 50 €-ko kalte ordaina eskatu du kalte-galerengatik.

Nodamasalek argudiatu du Aneri jakinarazi ziotela gorabehera puntual batek atzerapena eragin zuela entrega prozesuan, produktu horretarako aurreikusitako epeari dagokionez, eta azkenik bidalketa helmugan entregatu zela.

Eta gaineratu du posta zerbitzuen araudiak posta zerbitzuen erabiltzaileen kalte ordainei dagokienez ez duela jasotzen kalte ordaina jasotzeko arrazoi gisa entrega epeei buruzko konturik. Bestalde Nodamasalek ez du eskaintzen atzerapenengatiko kalte ordainen bermerik era honetako bidalketetan. Eta eskatu du Aneren asmoa ezestea, ez dagoelako hori justifikatzen duen legezko ezta kontratuzko oinarririk.

Arbitraje-erabakia

Pertsona bakarreko Arbitraje organoak Aneren asmoa EZESTEA erabaki du.

Azalpena

Pertsona bakarreko Arbitraje Organoaren iritziz, Nodamasaleko langilearen jarduketa desegokia izan arren, kontua da posta bidalketa honi aplika dakiokeen araudiak ez duela jasotzen erabiltzaileak, kasu honetan Anek, kalte ordaina jasotzeko eskubidea, eztabaidagai den gutuna entregatzean izandako atzerapenagatik. Ondorioz, Aneren asmoa ezetsi egin da.

Gatazka

Erreklamatzaileak (aurrerantzean, Ane) adierazi du betaurreko batzuk erosi zituela erreklamazioa aurkeztu zaion enpresaren (aurrerantzean, Nodamasal) dendan. Ane prebiziaz eta astigmatismoz diagnostikatu zuten. Zenbait hilabeteren ondoren, Nodamasalen dendara itzuli zen, Nodamasalek saldutako betaurrekoekin ez zuelako ondo ikusten, eta horregatik, gutxi erabiltzen zituen. Nodamasalera arretarik eman ez zioten zenbait bisita egin ondoren, betaurrekoek 6 hilabeteko bermea baino ez zutela eta epe hori igaroa zela esan zioten. Anek bere egoera azaldu zien, bermealdian hainbat aldiz joan zela eta ez ziotela jaramonik egin. Nodamasalek erreklamazioa onartu zion eta betaurrekoak progresibo batzuetara aldatu zizkioten, baina haietara ere ez zen egokitu. Arrazoi honegatik, beste batzuk egin zizkioten, baina azken hauek ez zuten astigmatismorako graduazioa. Beraz, ez zioten balio izan.

Ondorioz, Anek 275,10 € eskatu dizkio Nodamasali eta akatsa onartzea edo bestela ondo graduatutako betaurreko batzuk egitea.

Nodamasal ez dator bat Anek emandako informazioarekin. Azaldu du Anek astigmatismorako betaurreko batzuk erosi zituela. 6 hilabete igaro ondoren Ane dendara joan zen eta betaurrekoekin erabat gustura ez zegoela esan zuen. Berme epetik kanpo egon arren, Aneri konponbide bat eskaintzeko betaurrekoak aldatu zitzaizkion eta lente progresibo osoak jarri zitzaizkion, astigmatismorako graduazioa barne. 6 hilabete beranduago Ane berriro dendara joan zen esanez ez zela ikusmenarekin eroso sentitzen eta, berriro ere epez kanpo, betaurrekoen lenteak aldatu zitzaizkion oraingo honetan astigmatismorako graduaziorik gabe, betaurreko progresiboetan astigmatismoaren tolerantzia falta diagnostikatuz. Urte bat eta 7 hilabete geroago, Ane berriro dendara itzuli zen eta esan zuen ez zegoela gustura betaurrekoekin. Oraingo honetan, Nodamasalek ez zuen beharrezkotzat hartu inongo aldaketa gehigarririk egitea Aneren azken graduaziotik pasatu zen denbora luzea zela eta. 

Arbitraje-erabakia

Arbitraje-elkargoak Aneren asmoa bere OSOTASUNEAN EZESTEA erabaki du.

Laudo hau AHO BATEZ onartu da.

Azalpena

Arbitraje-elkargoaren iritziz ez dago Aneren adierazpenak egiaztatzen dituen froga nahikorik. Ez dago frogarik betaurrekoen graduazioan akatsen bat egon litekeela ondorioztatzeko; aldiz, Anek betaurrekoak erosi zituenetik dendara beraiekin gustura ez zegoela esatera joan zen arte igarotako denborak, urte bat eta zazpi hilabete, zalantzarik gabe graduazioan eragina du. Beraz, Aneren asmoa ezetsi da.

Azken aldaketako data: