Bidaiak online kontratatzea
Interneteko bidaia-eskaintzan aukera asko konpara dezakezu eta, gainera, ez da bitartekarien komisiorik ordaindu behar zerbitzua zuzenean kontratatzen baduzu. Bidaia konbinatu bat aukeratzen baduzu, zure eskubideak ere ezagutu behar duzu.
Bilatzen hasten zarenean, honako aholku hauek eduki behar dituzu kontuan:
- Bilatu webguneari buruzko informazio garrantzitsua. Ziurtatu enpresak legezko baldintzak betetzen dituela eta helbide fisikoa, telefonoa eta posta elektronikoa erregistratuta dituela zuzeneko harremana izateko. Bidaiei buruzko foroak edo beste pertsona batzuen iritziak dituzten bestelako webguneak lagungarriak izan daitezke enpresaren irudi orokor bat izateko.
- Irakurri arretaz baldintza guztiak. Ondo irakurri letra txikia.
- Webguneak bidaiari buruzko informazio argia eta zehatza eman behar du. Publizitatea loteslea denez, gorde egin behar duzu: zalantzaren bat izanez gero, froga gisa erabili ahal izango duzu erreklamazioa egitean.
- Hartu segurtasun-neurriak:
- Beti kontratatu web-orri seguru eta fidagarrietan. Webgunearen segurtasun-maila honako adierazle hauek erabiliz identifika dezakezu: web-orriaren helbidea https:// letrekin hastea eta nabigatzailearen pantailaren angeluetakoren batean giltzarrapo itxi bat edo giltza oso bat azaltzea
- Erabili ordaintzeko modu seguruak, esate baterako, PayPal.
- Garrantzitsua da antibirusa eta Interneteko nabigatzailea behar bezala eguneratuta edukitzea. Ez erabili ordenagailu publikoak eta Wi-Fi sare irekiak.
- Erosketa-prozesua egiteko beharrezkoak diren datu pertsonalak soilik eman.
Egiaztatu bilatzen ari zaren zerbitzua merkaturatzen duen webgunea bidaia-agentzia bat, hegazkin konpainia bat edo sektorean jarduten duen enpresa bat dela. Batzuk horrela aurkezten dira, nahiz eta mota horretako enpresak ez izan.
- Ikus dezakezu hegaldi bat benetan izango dela IATA kodearen bidez.
- Webgunean ikusi enpresa hori badagoela benetan. Horretarako, egiaztatu Merkataritza Erregistroan inskribatuta dagoela.
Onartu aurretik,irakurri honako hauek arretaz:
- Erabilerarako baldintza orokorrak (erregistroa, datuen pribatutasuna eta abar) eta kontratazioa. Erosketa egiten duzunean, kontratazio baldintzak onartzen dituzu. Aztertu baldintza horiek, ordainketa-prozesua amaitu aurretik. Komenigarria da kontratuaren kopia bat gordetzea edo inprimatzea.
- Eskaintzaren baldintzak: indarraldia, barne hartzen diren eta ez diren zerrbitzuak, azken prezioa eta abar.
Eta kontuan izan:
- Konparatu eskaintza desberdinak eta bilatu gune fidagarriak. Komenigarria da autoerregulazio kodeei atxikita dauden enpresen webguneak bisitatzea; izan ere, horrela, ziur egongo zara enpresak konpromisoa hartu duela sor daitezkeen kontsumo-gatazkak konpontzeko. Ikur horietakoren bat ikusten baduzu webgunean, horrek esan nahi du webgune fidagarri batean gaudela.
- Erne ibili susmagarriak izan daitezkeen eskaintza erakargarriekin.
- Edozein bidaia online kontratatzen duzunean, kontratua onartu, garraio titulua eskuratu eta abar gauzatu baino lehen, aurretiko informazioa jasotzeko eskubidea duzu beti.
- Ondo aztertu publizitate eta informazio guztia. Edozein zalantza izanez gero, argitu enpresak zure eskura jartzen duen edozein bitarteko erabiliz. Informazio hori guztia loteslea denez, komenigarria da gordetzea, gatazkaren bat izanez gero, froga gisa erabiltzeko aukera izan dezazun.
- Aldez aurretik jakin zer erreklamazio-bide dituzu zure eskura.
Honako gutxieneko informazio hau eman beharko du webguneak:
- Bidaiaren helmugak eta garraiobideak, haien ezaugarriak eta maila aipatuta.
- Bidaiaren iraupena, ibilbidea eta egutegia.
- Ostatu hartzeko establezimenduen zerrenda, honako hauek adierazita: mota, egoera, kategoria eta abar, eta ezaugarri nagusiak, eta, hala badagokio, bere turismo-sailkapena.
- Barne hartuta dauden zerbitzuei buruzko informazioa (otorduak, edariak, bisitak, eta abar).
- Pasaporteen eta bisatuen alorrean aplika daitezkeen baldintzei eta bidaiarako nahiz egonaldirako beharrezkoak diren osasun-formaltasunei buruzko informazio orokorra.
- Bidaia konbinatuaren azken prezio osoa, zergak barne, eta fakturatutako kontzeptu guztien xehetasun zehatzarekin.
- Erreserba-kontzeptupean aurretik ordaindu behar den zenbatekoa, ordainketa-epeak, baita, hala badagokio, eskaintzen diren finantzaketa baldintzak ere.
- Sortu daitezkeen erantzukizunei, bertan behera uzteei eta bidaiaren gainerako baldintzei dagokienez aplikatuko diren klausulak.
- Bidaia zigorrik gabe bertan behera utz daitekeen gehieneko epea, eta, hala badagokio, bertan behera uzteagatik ordaindu behar den zenbatekoa. Era berean, jakinarazi beharko du bertan behera uzteak eragindako gastuak estaliko dituen aseguru bat kontratatzeko aukera dagoela.
- Bidaia kontratatu duzun enpresaren eta, hala badagokio, bidaia antolatu duen enpresaren izena eta helbidea.
- Bidaiaren ezaugarriei buruzko informazio gehigarri eta egoki oro.
Bidaia kontrata dezakezu erosketa-sareko enpresa baten bidez. Web-orriak dira, non artikuluak erosi eta zerbitzuak kontratatu daitezkeen jatorrizko prezioan baino merkeago, deskontuen edo kupoien bitartez. Orokorrean, nahitaezkoa da erregistratzea haien eskaintzak lortu ahal izateko. Kasu horietan:
- Kontratazio-baldintzak irakurri behar dituzu eta arreta berezia eskaini behar diezu.
- Deskontuak data jakin batzuetara mugatuta egoten dira, bidaia- edo ostatu-baldintza bereziak izaten dituzte edo ez dituzte hainbat zerbitzu barne hartuta izaten.
Egindako erreserben berrespena jasotzeko eskubidea duzu, baita zerbitzuari dagokion orori buruzko informazioa jasotzeko eskubidea ere 24 orduko epean eta adierazi duzun bitartekoa erabiliz (normalean posta elektronikoa).
Erreserbak bertan behera uzteko eskubidea duzu. Hori egiteko, komenigarria da baldintza orokorrak arretaz begiratzea, kasu horretan zigorrik ba ote dagoen jakiteko.
Berrespena inprima dezakezu edo gailuren batean gorde dezakezu. Dokumentazio hori egiaztagiri gisa erabili ahal izango duzu erreklamatu behar izanez gero. Halaber, komenigarria da banku-erakundearen ordainketa-egiaztagiriak inprimatzea edo gordetzea.
Eskaintza onartu eta ordainketa gauzatu ondoren, ordainketen egiaztagiri bat jaso beharko duzu, zerbitzuari buruzko datu eta baldintza guztiak erakutsiko dituena. Erosketa-sarean orokorrean kupoia edo tiketa deitzen zaio. Kontratatutako bidaia-zerbitzuak baliatu nahi dituzunean erabili beharko duzu, erabilera-baldintzetan adierazten den moduan.
Horrez gain, kontuan izan honako hau:
- Erosketa-sarearen webguneetan, normalean, eskatzen da aurretik erregistratuta egotea.
- Erosketaren azken erantzukizuna ordainketa egin diozun enpresarena da, hau da, zerbitzua kontratatu diozun enpresarena. Enpresa horrek ezin du erantzukizuna zerbitzua hornitu duen edo eman duen enpresara (jatetxea, hegazkin-konpainia, hotela, eta abar) bideratu. Hala eta guztiz ere, erantzukizunetik libratu daiteke bere errugabetasuna frogatuz, enpresa bakoitzak bere jarduera esparruagatik erantzungo duen neurrian. Zerbitzu akastunek eragindako kalte pertsonal eta materialen kasuan, enpresak solidarioki erantzungo du zerbitzua ematen duten enpresekin.
Edozein zalantza izanez gero, komenigarria da zerbitzua baliatuko duzun negozioarekin harremanetan jartzea eta ondo ziurtatzea erabilera-baldintzak eta erabilgarritasuna.
- 1/2007 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteko Lege Orokorraren Testu Bategina eta beste lege osagarri batzuk onartzen dituena [es].
- 7/1998 Legea, apirilaren 13koa, kontratazio-baldintza orokorrei buruzkoa [es].
- 34/2002 Legea, uztailaren 11koa, informazio gizartearen eta merkataritza elektronikoaren zerbitzuei buruzkoa [es].
- 899/2009 Errege Dekretua, maiatzaren 22koa, komunikazio elektronikoetako zerbitzuen erabiltzaileen eskubideen karta onartzen duena [es].
Informazio-orria deskargatu (pdf, 258 kB)
Informazio-orria deskargatu (pdf, 270 kB)
Liburuxka deskargatu (pdf, 625 kB)
Liburuxka deskargatu (pdf, 141 kB)
Liburuxka deskargatu (pdf, 260 kB)
Aldizkaria
Monografikoa: "Bidaia kontratatzea online" (pdf, 3,09 MB)
Erlazionatutako estekak
Azken aldaketako data: