euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Autoz bidaiatzen duzu? Erregaia nola aurreztu azalduko dizugu

egilea: Kontsumobide, Uztaila 6, 2017

Udan autoz bidaiatzea klasiko bat da. Irteera operazioa nagusi da albistegietan eta automobilaren barruan maletak, umeak eta amaginarreba ikustea udako irudi tipikoa da. Baina oporretako joan-etorri horiek eragin handia izan dezakete etxeko ekonomietan. Hori dela-eta gomendagarria da jarraibide batzuk kontuan hartzea, erregai gastua murritzen saiatu ahal izateko.

Lehenengo eta behin depositua betetzeko lekuak planifikatu behar dituzu, ahal duzun neurrian; udaz gain, urte osoan egitea ere komenigarria da. Gasolina-zerbitzuguneen prezioen arteko alde handia ondo aprobetxatuz gero luzaroan eta kilometro kopurua kontuan izanda, dirutza aurrez dezakezu. Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioak webgunean Hidrokarburoen Geoataria dauka, eta horri esker, gasolindegien artean konpara dezakezu. Probintzia, herria eta erregai mota hautatzea nahikoa da eta bilatzaileak eremuko gasolindegien prezioak jakinarazten dizkizu. Horrez gain, webgunean enpresa batzuen deskontuen zerrenda dago, eta onuradunak zeintzuk izan daitezkeen azaltzen da.

Bigarren gomendioa gidatzeko modu efizientea da, erregai gutxiago kontsumitzeko eta ingurumena horrenbeste ez poluitzeko. Horretarako, bidaia hasi baino lehen eta gidatzen ari zaren bitartean, honako neurriak hartu behar dituzu.

Gidatzeko aholkuak

Autoa arrankatu baino lehen:

  • Autoan doikuntzak egin, irten baino lehen, arazoak detekta ditzakezulako motorrean, iragazgailuetan edo nibeletan. Kontrolatu pneumatikoen presioa eta egoera. Ondo-ondo ez badago dena, gehiago kontsumituko duzu.
  • Ibilbidea planifikatu: nabigatzailea erabili edo informatu ibilbideaz, horren berririk ez badaukazu. Trafikoaren egoera kontsultatu, auto ilarak saihestu ahal izateko.
  • Ganoraz jarri maletak: gehiegi zamatu edo ekipajea txarto banatuz gero, gehiago gastatzen da. Gauza bera gertatzen da autoko gainaldean jarriz gero, erresistentzia handiagoa egiten delako airearen kontra.

Bidean zabiltzanean:

  • Aire girotua edo jaitsi leihatilak? Leihatilak jaitsiz gero, % 5 gehiago kontsumi daiteke. Aireztatu autoa mantso zoazenean, hiriguneetan. Errepidean, behar izanez gero, hobeto aire girotua pizten baduzu eta mantendu hozberoa 21 gradutik 22ra.
  • Ganoraz gidatu. Trafiko Zuzendaritza Nagusiak hamar gako eman du efizientziaz gidatzeko: arrankatu azeleratu gabe, lehen martxa ibilbidearen hasieran baino ez erabili, kontrolatu erreboluzioak martxa aldatzeko, mantso joan, erabili martxa luzeak, albait gutxiena aldatu abiadura edo erabili —ahal dela— galga motorra. Halaber, gomendagarria da ibilgailua geldiaraztea geldialdia 60 segundokoa baino gehiagokoa bada.

Eta, batez ere, —baina gainerakoa bezain garrantzitsua— arretaz gidatu, ekipajea, umeak eta amaginarreba arazorik gabe hel daitezen.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana