Ekainak 15: agur 'roaming'-ari Europar Batasunean

egilea: Kontsumobide, Ekaina 1, 2017
Ekainaren 15ean, beldur-ikaraz ez egoteko arrazoi bat izango dute kontsumitzaileek. Izan ere, egun horretan sartuko da indarrean telefonia-konpainiek beren bezeroei Europar Batasunean zehar bidaiatzen dutenean mugikorra erabiltzeagatik gehigarriak kobratzea eragozten dien Europako araudia.
‘Roaming’ edo ibiltaritza atzerritik deiak egin, SMSak bidali edo internetera konektatzeko aukera ematen duen funtzionalitatea da. Abian jarri zenetik, konpainiek errekargu handiak kobratzen zituzten, eta beste telefonia-konpainiei haien sareak erabiltzeagatik ordaindu beharreko diru-kopuruagatik justifikatzen zituzten errekargu horiek. Nolanahi ere, Europako Batzordeak gaian esku hartu, eta apurka-apurka zenbateko horiek ezabatzea erabaki zuen. Hamar urtez negoziatzen eta akordioak lortzen aritu ondoren, ekainaren 15ean, milioika europarrek zenbateko berbera ordainduko dute mugikorra norbere herrialdean erabili edo estatu kideetan erabili.
Neurri horri esker, ibiltaritza errekargurik gabe baliatu ahal izango da 28 kideen Europar Batasunean, Erresuma Batuan barne, Europako araudia bete behar baitu, bere irteera gauzatu bitartean. Kanpo geratzen dira, ordea, kontinente zaharraren bihotzean daude beste estatu batzuk, hala nola Andorra edo Suitza. Horregatik, oso kontuz ibili beharko da herrialde horiek zeharkatzean edo hango mugetatik gertu igarotzean. Horrez gain, araudi berriaren bidez abusuak ekidin nahi dira, bidezko erabilera-politika baten bidez; hala, errekarguak ezarriko dira modu arraroan erabiliz gero.
Konpainiaren batek aurre hartu dio araudiari, eta ezabatu egin ditu ibiltaritza-gastuak EBaren barruko bidaietan; beste batzuek, berriz, azken egunera arte itxarongo dute agindua betetzeko. Gainera, enpresa batzuek, egoera berri honen bultzada baliatu, eta beste herrialde batzuetara ere zabaldu dute neurria.
EBtik kanpora bidaiatu behar baduzu, galdetu zure operadoreari ‘roaming’-aren errekarguei buruz, eta gogoratu fakturan muga bat jartzea, gero ezustekorik ez hartzeko.