Ezagutzen dituzu sasoiko barazkiak eta frutak? Jakin ezazu zeintzuk diren eta zer onura dituzten
egilea: Kontsumobide,
Zerben, endibien eta leken hilabetea da urria; txirimoien edo kakien zalea bazara, sasoi aproposean zaude ahosabaiari atsegin emateko. Baina kontsumo arduratsuaren alde egiten baduzu eta sasoi bakoitzeko barazkiak eta frutak ezagutzen badituzu, ez dute zure dastamen-papilek bakarrik irabaziko: zure osasunak, zure poltsikoak eta ingurumenak ere eskertuko dizute; are gehiago, kontsumo-talde bateko kide egiten bazara.
Urteko sasoi bakoitzeko produktuak zeintzuk diren jakiteko, ez daukazu buruz ikasi beharrik zer dagoen hilabete bakoitzean, errege godoen zerrenda izango balitz bezala. Nekazaritza Ministerioak editatutako liburuxka hau deskargatu eta inprima dezakezu; fruta eta barazkien sasoirik onena zein den erakusten du. Eta inprimatu nahi ez baduzu, barazkien taula interaktiboa edo fruten taula interaktiboa kontsulta dezakezu, zalantzak argitzeko. Baina zergatik hartu horrenbeste lan? Zer onura ekarriko dizu egutegi horri jarraitzeak?
- Osasuna: Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egunean bost fruta- eta barazki-anoa hartzea aholkatzen du. Sasoiko produktuak erosteak elikagai freskoagoak erostea esan nahi du, hots, produktu bildu berriak, kontserbagarririk behar ez dutenak, erostea. Gainera, urtean zehar, menua alda dezakezu, eta zure inguruan dagoen ekoizpenera egokitu: ez daukazu beti elikagai berdinak jan beharrik; are gehiago, jakinik munduaren beste puntatik ekartzen dituztela.
- Norberaren eta besteen poltsikoa: tokiko produktua eskuratzen duzu, zure eremu geografikokoa. Eta horrek banaketa-kostuak txikiagotzea dakar, eta, beraz, prezioa jaistea. Bestalde, zure inguruko nekazaritza bultzatzea eta landa-eremuari laguntzea ahalbidetzen du.
- Ingurumena: milioika kilometrotara ekoitzitako elikagaien banaketak garraioaren erabilera areagotzen du, eta, horren ondorioz, CO2aren emisioak ere bai. Halaber, horrek eragin dezake munduaren zenbait puntutan nekazaritza intentsiboko monolaboreetara jotzea, eta horren ondorio izaten dira deforestazioa eta tokiko ekosistema.
Zure eskualdeko lehen sektorea mimatu nahi baduzu, berriz, kontsumo-talde batean sar zaitezke. Talde horretako kideek inguruko ekoizleei erosten dizkiete sasoiko produktuak, unean-unean biltzen dituztenak. Hartara, barazki eta fruta helduenak eskuratu ahal izango dituzu aldiro-aldiro –normalean, astero–. Nahi baduzu, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren webguneko mapa interaktiboan topa ditzakezu zure inguruko nekazari eta/edo saltzaileak.