Zer da 'roaming'-aren bidezko erabilera-politika?
egilea: Kontsumobide, Otsaila 23, 2017
Ekainaren 15ean telefono-konpainiek bertan behera utzi beharko dituzte mugikorra EBko beste edozein herrialdetan erabiltzeagatik kobratzen dituzten gehigarriak, eta bakoitzak bere herrialdean aplikatzen duen tarifa bera fakturatu beharko du. Europako Batzordeak apustu garbia egin du EB barruan roaming edo ibiltaritzaren prezioak mugatuta uzteko eta, geroago, kentzeko. Neurri horrekin, mugikorra atzerrian erabiltzea -deiak egiteko eta jasotzeko, Internetera konektatzeko edo SMSak eta MMSak bidaltzeko eta jasotzeko- posible izango da, diru asko ordaindu gabe.
Kostu gehigarriak ezabatzearekin batera, bidezko erabilera-politika delakoa garatuko da. Roaming horretan gehiegikeriarik edo okerreko erabilerarik gerta ez dadin sortu da kontzeptu hori; esate baterako, EBko herrialde jakin batean bizi den inork ez dezan beste estatu bateko operadore batekin egin kontratua hango tarifa hobeak izatearren denbora guztian eta hara joateko asmorik gabe.
Europako Batzordeak irizpide batzuk jarri ditu denok jakin dezagun zer den eta zer ez bidezko erabilera. Erabiltzaileek EBko beste herrialde batera sarri bidaiatzen dutenean, konpainiek, arau modura, ibiltari ere etxean bezala aplikatu behar diete, baldin eta bi baldintza hauetako bat betetzen badute:
- Telefonia-hornitzailearen estatuan bizi da normalean.
- Baditu lotura egonkor batzuk erakusten dutenak sarri eta funts batekin egoten dela beste herrialde horretan: lan-harreman iraunkorra eta lanaldi osokoa; egun osoko prestakuntza-ikastaroak; mugaz gaindiko langilea izatea; langile lekuz mugitua; erretiroduna edo antzekoak.
Europako araudiak ez du eragozpenik jartzen telefono-konpainiek beren bezeroei frogak eska diezazkieten baldintza horietakoren bat betetzen dutela erakusteko. Horrela bada, eurotarifa aplikatu behar izango diete. Horretarako, operatzaileek, zer froga onartuko duten erabaki, eta zerrenda batean zehaztu behar dituzte; gero, dena delako estatuko aginte arauemaileak -Espainiako kasuan, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak- bermatu beharko du zerrendako agiri horiek neurrizkoak eta egokiak direla:
- Pertsona fisikoei adierazpen soil bat eska diezaiekete, hautesle-erroldan izena emanda egotearen ziurtagiria edo zerga batzuen ordainagiriak.
- Enpresei, adibidez, non osatuta edo ezarrita dauden egiaztatzeko agiriak.
Gehiegizko erabileraren aztarnak
Enpresek, gainera, trafiko-datuak erabiltzeko aukera ere izango dute, behar ez bezalako edozein erabilerari antzemateko, adibidez txartel bat ibiltaritzan soilik erabiltzea. Aztarnarik baldin badago erakusten duena erabilera gehiegizkoa izan dela gutxienez lau hilabetez, operatzaileek erabiltzailea ohartarazi beharko dute ibiltarientzako gainordainak aplika dakizkiokeela baldin eta gutxienez bi aste beranduago oraindik ere berdin jarraitzen badu edo ez badu azaltzen ea zer lotura-modu duen dena delako estatu horrekiko. Edonola ere, aukera horrek aurretiaz kontratuan jasota behar du egon. Beste gauza hauek ere jaso behar dira kontratuan:
- Arrazoizko erabilera-politikaren baldintzak.
- Ba ote dagoen kontrol-mekanismorik, hala nola denbora-tarte jakin batean estatuko eta nazioarteko kontsumoa ikuskatzea.
Eta, bidezko erabilera-politika aplikatzen dutenean inork ezer erreklamatu nahi badu ere, konpainiek erreklamazio horiek tramitatzeko prozedura gardenak, errazak eta eraginkorrak taxutu beharko dituzte. Erreklamazio-bide horretaz gainera, erabiltzaileek epaiketaz kanpoko prozedurak erabiltzeko eskubidea ere izango dute, garbi, erraz, bizkor eta zuzentasunez.