Airelineak kalte-ordainak eman behar dizkit, bere langileen grebaren ondorioz atzeratzen edo ezeztatzen bada hegaldia?
egilea: Kontsumobide,
Teoria erraza da. Atzerapena handia bada, hegaldia bertan behera geratzen bada edo 'overbooking' edo gainerreserba gertatzen bada, eta horrek Europar Batasunean hegazkina hartzea galarazten badizu, ordaina jasotzeko eskubidea edukiko duzu, kaltearen araberakoa. Salbuespenarekin sortzen dira arazoak; hau da, airelineak edozein erantzukizunetik libratzen dituen ohar horrekin, eragozpena "salbuespenezko inguruabarrengatik" gertatu dela erakusten badu. Eta hortxe dago auziaren mamia. Greba 'basatia', deialdia egin gabe, salbuespenezko gertakaria da?
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eman berri duen epai baten arabera, batzuetan, 2016an TUlfly konpainia alemanarekin gertatu zen bezala, ezin daiteke pentsatu langileen geldialdia (deialdia egin gabe) salbuespenezko zerbait denik, eta, hortaz, enpresak kalte-ordainak eman behar dizkie erreklamazioak jarri zituztenei, hegaldiak atzeratu edo ezeztatu badira. Hori bai. Jurisdikzio-organoak argi uzten du kasu zehatz bakoitza aztertu behar dela gatazka mota horietan.
Egitateak 2016ko udazkenean gertatu ziren. Irailaren 30ean, ustekabeko berregituraketa-plan baten berri eman zuen TUlfly konpainiako zuzendaritzak. Hurrengo astean, laneko absentismoak (gutxi gorabehera % 10ekoa izan ohi zen) izugarri egin zuen gora: nabigazioko teknikarien artean, % 89raino iritsi zen, eta, kabinako langileen artean, % 62ra. Egoera horrekin, konpainiaren hegaldi asko atzeratu edo ezeztatu ziren. Arazoak egun gutxira desagertu ziren, enpresak akordio bat sinatu baitzuen langileen ordezkariekin.
Langileen absentzia "bat-batekoa" izan zen, sindikatuek ez baitzuten legezko bideen bitartez egin geldialdirako deialdirik. Hortaz, greba 'basatia' edo boikot antolatua izan zen, deialdi ofizialak ez bezalakoa. Bada, greba 'basatia' izan arren, gertaera bat benetan salbuespenezkoa izatea zehaztu dezaketen bi betekizunak betetzen ote ziren galdetu zuen Justizia Auzitegiak. Honako hauek dira bi betekizunak:
- Gertakaria, izaerarengatik edo jatorriarengatik, aireko garraioaren ohiko jarduerarena berezkoa ez izatea.
- Benetako kontrolari ihes egiten dion gertakaria izatea.
Gertatutakoa aztertu ondoren, EBko Auzitegiak pentsatu zuen langileek berregituraketa-plan baten neurrien aurrean ematen duten erantzuna ohiko kudeaketaren zati dela; hau da, enpresaren eguneroko ohiko lanaren zati dela. Zentzuzkoa –eta ohikoa– da zuzendaritzaren eta langileen artean eremu horren inguruko desadostasunak sortzea. Beraz, airelinea ezin daiteke salbuespenezko inguruabar batez baliatu, eragindako erabiltzaileei kalte-ordainak ordaintzeari uko egiteko.