euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Ez al da gehiegikeria hoteleko gela kobratzea, erreserba ezeztatuta ere?

egilea: Kontsumobide, 

Demagun ihesalditxo bat prestatzen ari zarela eta eskaintza paregabea aurkitu duzula egoitzen web-orri batean edo hotelen baten orrian. Gelaren prezioa ezin hobea da, baina bertan garbi jartzen du: tarifa "ez da itzulgarria". Eta hori ikusita, kontsumoaz zerbait dakizunez, galdera mordoa etortzen zaizu burura. Interneten erosita, ez al dituzu ba 14 egun kontratua baliogabetzeko? Horrelako klausula ez al da abusuzkoa? Kobratzerik ba al dute jaso ez duzun zerbitzu bategatik, azkenean ezeztatu baduzu edo aldatzen saiatu bazara, beste norbaitek erabili dezan?

Interneten logela bat erreserbatzen duzunean (bai hotelaren orritik bertatik edo bitarteko atari batetik), urruneko kontratua burutzen ari zara. Halako negozio juridikoetan, arau orokorrak agintzen du 14 egun dituzula atzera egiteko eskubidea erabiltzeko, hau da, kontratua bertan behera lagatzeko, inongo zigorrik jaso gabe eta erabakia inola ere justifikatu beharrik gabe. Alabaina, gaur egungo legediak zenbait salbuespen jartzen dizkio eskubide horri, besteak beste eta, hain justu, hau: "etxebizitzarako ez diren bestelako egoitza-zerbitzuak (…), baldin kontratuek egun jakin bat edo exekuzio-aldi jakin bat ezarrita badute". Horrenbestez, ez, ez daukazu legezko eskubiderik, 14 egunen barruan ere, atzera egiteko.

Halere, badakizu, batzuetan, kontratuen klausula orokor batzuk, ondo aztertuta, abusuzkoak direla ondorioztatzen dela. Eta esango duzu: kobra al diezazukete zerbitzu bat, jaso ez baduzu ere? Horrelako erabaki batek ez al dizu desoreka eragiten zuri, kontsumitzaile zarela, enpresaren aurrean?

Kontua da halakoetan zilegi dela honelako baldintzaren bat jartzea. Halaxe adierazi zuen Pascual Martínez Espín katedradunak ere, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Kontsumo-ikerketen Zentroari planteatutako kontsulta bati erantzunez. Zuk jakin baldin badakizu tarifa "ez dela itzulgarria", bertan jarrita dagoelako argi, zehatz, ulertzeko moduan eta begi-bistan; eta, halere, onartu egin baduzu, badakizu zer dagoen. Erreserba ezeztatzen baduzu, dirua galdu egingo duzu; aldatu eta beste norbaiten izenean jartzen saiatzen bazara ere, dirua galdu egingo duzu. Eta ezin da esan klausula horrek desoreka handia eragiten duenik zure eskubide eta obligazioen eta egoitzarenen artean. Gainera, jokabide hori ez da gaur egungo legediak gehiegikeriatzat jotzen duen jokabideetako bat. Martínez Espín berak dioenez, halako tarifak merkeagoak dira bai, baina arriskuak ere baditu kontsumitzailearentzat. Bestalde, hotelak aukera dauka bere erreserbak "epe laburrean edo ertainean" programatzeko eta "bezeroak izango dituztela ziurtatzeko, irabazi-marjinak murriztearen trukean". Ez dago, hortaz, inongo desorekarik.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana