Hoteletako wifia saihestu. Zergatik, baina?

egilea: Kontsumobide,
Wifia dohainik eskaintzen duten hotelak aukeratzen dituenetariko bat zara? Izugarri gustatzen zaizu espektroa miatzen ibiltzea haririk gabeko sareen bila, datuak aurrezteko? Kafetegietako edo aireportuetako wifian sartzen zara pentsatu gabe? Hala bada, arazo bat daukazu. Hobe esanda: zure gailuak eta datu pertsonal guztiek benetako arazo bat izan dezakete.
Haririk gabeko sare publikoak oro har arriskutsuak dira zure informazioaren segurtasunerako. Hoteletakoak, gainera, bezeroei sarbide erraza eskaintzeko diseinatuta daude, trabarik eta konplikazio handirik gabe. Izan ere, hura erraztu nahian, zenbait babes-neurri baztertzen dituzte, eta badaude zifratu gabeko datuak bidaltzen dituzten sareak, WPA edo WPA2 (‘Wifi Protected Access’ edo ‘Wifirako sarbide babestua’) sistemak erabiltzen ez dituztenak, edo inolako murrizketarik gabe mota guztietako webgunetan sartzen uzten dutenak.
Hala, bada, edozein delinkuente zibernetikok aise espiatu dezake zure telefonoaren, tabletaren edo ordenagailu mugikorraren jarduera; horretarako, egokigailu merke bat eta software libre bat, interneten dohainik deskargatua, baino ez du behar. Gainera, trebea bada, behin sarean sartuta, bere ekipoa konfiguratu dezake zure bitartekari gisa jokatzeko gailuaren eta bisitatu dituzun orrien, aplikazioen edo sare sozialen artean. Nola saihestu dezakezu hori guztia?
- Ez konektatu hoteletako wifi-sarean. Kontuan hartu zer den inportanteagoa: zure tarifako datuak gastatzea eta oso motel nabigatzea?, aparteko datu-bono bat erostea?, zure gailuak besteak beste troiarrez, birusez eta software gaiztoez beteta amaitzea?
- Konektatzea erabakitzen baduzu, galdetu hotelaren sarreran sarearen izena, batzuek sare faltsuak sortzen baitituzte, hotelaren izena erabiliz, gehiegi fidatzen diren pertsonak tranpan eror daitezen.
- Ziurtatu ezazu zure gailuak azken eguneratzeak eta antibirus bat dauzkala, eta, ahal baduzu, aktibatu su-hesia nahi ez dituzun bisitak saihesteko.
- Aurreraxeago egiteko gauza sentitzen bazara, erabili VPN lotura, anonimoki eta seguruago nabigatzeko aukera emango baitizu.
- Desgaitu agenda, posta elektronikoa, egutegia… gaurkotzen dizkizuten sinkronizazio automatiko guztiak.
- Galdetu zein den pasahitza, eta sartu sarean soilik baldin eta WPA edo WPA2 segurtasuna badauka.
- Ez sartu inoiz identifikazioa eskatzen duten orrialdeetan, zerbitzuetan edo aplikazioetan, ez diezazkizuten datuak lapurtu (zure erabiltzailearen izena eta pasahitza, esate baterako). Argi ibili, eta zaindu bereziki kontu hauek guztiak:
- Zure online-bankua. Ez sartu inoiz zure klabeak sare publiko batean.
- Interneten bidezko erosketak. Ez egin inolako transakziorik.
- Posta elektronikoa, sare sozialak…
- Argazkien argitalpena edo bidalketa.
- Konexioa amaitzen duzuenean, ezabatu zure sareen zerrendatik gailuaren memorian geratu zaizun sarbide-gunea.