[eu] Euskadi

Telefono-konpainia aldatzeko gakoak inongo ezustekorik hartu gabe

egilea: Kontsumobide, 

Berriz ere telefonoko tarifa igo dizute? Baliteke, orduan, telefono-konpainia aldatzekotan ibiltzea. Ba hala bada, argi. Ezer sinatu aurretik, egin kasu Kontsumobideri: komeni zaizu kontu garrantzitsuak ondo argitzea, gerora arazorik izan nahi ez baduzu. Beldurrik gabe galdetu eta, beharrezkoa iruditzen bazaizu, erantzunak idatziz jartzeko esan. Gehiegitxo irudituko zaizu agian, baina hobe hori egin, gero denak emanda erreklamazioak jartzen jardutea baino. Eta gogoan izan zerbitzua bulego fisiko batean kontratatu baduzu, beti izango duzula leku bat, hara joateko eta aurpegi eta guzti duen norbaiti galdera egiteko, ezer sortzen bazaizu.

  • Zure lehengo konpainia alde batera utzi aurretik, ondo informatu jakiteko iraupeneko konpromisoa sinatu ote zenuen eta hori ez betetzeagatik zigorrik badagokizun, zer epe duzun ekipoak itzultzeko —modema edo routerra, telebistaren deskodifikatzailea, terminal finkoa…— eta oraindik hilero-hilero gailuren bat ordaintzen ari zaren.
  • Zer nahiago duzu? Zerbitzua edo prezioa? Hori argitu behar duzu konpainia aukeratu aurretik. Batez ere, aztertu ezazu mugikorrak estaldura ona izango duen zu ibiltzen zaren lekuetan, zuntz optikoa etxeraino iritsiko zaizun ala ez, eta kontratatuko dituzun igotzeko eta jaisteko megak behar bezala baliatzeko beharrezko ezaugarriak izango dituen zure gailuak.
  • Ondo begiratu tarifak behin betiko prezio totala adierazten duela, inongo estrarik gabe. Batez ere, begiratu tarifak ez duela, defektuz, ordaindu beharreko bestelako prestaziorik ekarri. Konpainia batzuek finkoan deiak identifikatzeko zerbitzua kobratu egiten dute, beste 2 euro. Zerbitzu hori nahi ez baduzu, baja eman.
  • Pakete bat kontratatu nahi baduzu, kontu izan instalazioa ez berandutzeko. Oso litekeena da konpainia berriak egun gutxi behar izatea mugikorraren eramangarritasuna burutzeko; aldiz, zuntzari konektatzen asteak pasako ditu beharbada, batez ere, zuntzaren hasierako instalazio fisikoa beste konpainia batena bada. Argi ibili. Bi faktura ordainduko dituzu: bat, konpainia berriarena, eramandako mugikorragatik, eta bestea aurreko konpainiarena, oraindik badirauten zerbitzuengatik. Tarte horretan ordaindu beharrekoak zulo handia egin diezazuke patrikan. Kontuan izan hori, eta epeei buruzko informazioa idatziz emateko esan, eta epeak ez betetzeagatik konpentsaziorik badagokizu, hori ere idatziz eman diezazutela.
  • Desaktibatu ohartu gabe zerbait kobratuko dizun edozein prestazio:
    • Konpainiek besterik gabe mantendu egiten dute hirugarrenei ordaintzeko zerbitzua fakturaren bitartez. Esan baja emateko. Bestela, beharbada gertatuko zaizu fakturan ustekabeko karguak aurkitzea, nahi gabe, banner batean klik eginda aktibatu dituzun harpidetza, aplikazio edo zerbitzuengatik.
    • Datuen aparteko bonuak: besterik gabe aktibatuko zaizkizu, mugikorraren tarifan kontratatutako datuak ahitu orduko. Kendu bonuok, nahi ez badituzu.
    • Argi ibili bolada baterako oparitako zerbitzuekin. Bi hilabeterako antibirusa aktibatu badizute edo ikus-entzunezko plataforma bateko harpide egin bazaituzte, ez ahaztu baja ematea doaneko epea bukatu baino lehen. Ez baduzu egiten, hurrengo kuotak kobratu egingo dizkizute.
    • Gogoan izan, hainbat zerbitzutatik deskonektatzea eskatzeko eskubidea daukazula, alegia, sarbidea blokeatzeko aukera. Adibidez, nazioarteko deiak edo aparteko tarifa dakarten telefonoak blokeatu ditzakezu.
  • Ondo aztertu faktura. Konpainiak kuota aurrez kobratzen badizu, erreklamatu kontratatutako prestazio guztiak martxan jarri arte jaso ez dituzun zerbitzuen kostua. Ondo begiratu nola egokitu duten faktura edo zer deskontatu dizuten hurrengoetan. Zerbait ulertzen ez baduzu edo zenbakiak ez badituzu egoki ikusten, galdetu. Zorrotz aztertu faktura: normalean, hilabete duzu adierazteko ez zaudela ados.
  • Informazioa bildu eta begi kritikoz aztertu dena. Ez zaitezela eskaintza faltsuekin itsutu, adibidez, Europar Batasunera zoazenean roaming-a kenduko dizutela esaten badizute, Europako arauek dagoeneko galarazita daukate-eta.
  • Telefonoz zerbait agintzen badizute, esan idatziz jartzeko. Ezetz esaten badizute, argi ibili eta ez fidatu.

Eta, esandako guztiak kontuan hartuta ere, iruditzen bazaizu konpainiak zure eskubideren bat urratu duela, erreklamatu iezaiezu; erantzuna ez bazaizu egokia iruditzen, jarri erreklamazioa Kontsumbiden, zure herrian dagoen Kontsumitzaileen Informaziorako Udal-Bulegoan (KIUB) edo Telekomunikazioen Erabiltzaileen Arreta-Bulegoan.

SÍGUENOS
  • Suscríbete a Título RSS