euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Dei komertzialak jasaten dituzu?

Dei komertzialak oso ohikoak dira, baina askotan gogaikarri bihurtzen dira. Legezkoa al da horrenbeste aldiz deitzea? Nola gelditu jazarpen hau?

Lehenik eta behin, jakin behar duzu ,horrelako deiak egin daitezkeela, baina beti identifikagarria den telefono-zenbaki batetik egin behar direla (horrela, nahi ez dituzun proposamen komertzialak jasotzeari aurka egiteko eskubideaz baliatu ahal izango zara). Era berean, deitzen dizunak, bere burua identifikatu egin behar du, eta inola ere ez deitu goizeko 9: 00ak baino lehen, ezta 21: 00ak baino geroago. Halaber, ezingo du jaiegunetan edo asteburuetan deitu.

Dei komertzialak egitea legezkoa den bezala, zuk ere aurka egiteko eskubidea duzu, aldez aurretik eskatuta eta doan. Horrelako deiak edo publizitatea jasotzeari utzi nahi badiozu, Robinson zerrendan apuntatu zaitezke. Horretarako, sartu www.listarobinson.es webgunean, erregistratu eta aukeratu zein kanalen bidez ez duzun zure izenean komunikaziorik jaso nahi (telefono-deiak, posta elektronikoa, SMS/MMS eta posta arrunta). Publizitatea baztertzeko doako zerbitzu horri esker, ez duzu enpresen publizitaterik jasoko, baldin eta horretarako baimenik eman ez badiezu.

Pazientzia izan behar duzu, inskripzioa gauzatzeko hiru hilabete pasa baitaitezke, eta denbora horretan zure datuak aktibo dagoen kanpaina komertzial batean erabilgarri egon daitezke.

Eta nire telefono konpainia zaharretik deitzen badidate?

Kontuan izan, kontratu bat duen edo izan duen enpresa baten komunikazio komertzialak jasotzeari utzi nahi badiozu, lehenik enpresa horrekin harremanetan jarri behar duzula, bere garaian emandako baimena ezeztatzeko edo aurka egiteko eskubideaz baliatzeko. Ez dakizu  publizitatea jasotzeko baimena eman zenuen ala ez? Batzuetan ia konturatu gabe baimentzen duzu: gerta daiteke zerbitzu bat kontratatzean kontratuan adierazita agertzea, edo eskaintza jakin bati buruzko informazioa eskatzean, komunikazio komertzialak jasotzea onartzea. Irakurri letra txikia!

Derrigorrezkoa al da enpresek Robinson zerrenda kontsultatzea?

Bai. Legediak zure izenean publizitatea bidali aurretik kontsultatzera behartzen ditu enpresak, zure baimena eman duzun jakiteko. Bertan agertzen bazara, ezingo dizute komunikazio komertzialik bidali.

Zerrendan egonda ere, deika edo mezuak bidaltzen jarraitzen badute, salaketa jar ezazu Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren aurrean.

Ezagutzen ez duzun zenbaki baten dei galdu bat duzu?

Deia itzuli aurretik, zenbaki hori Interneten bila dezakezu. Badira telefono-zenbakiak biltzeaz arduratzen diren web orriak, eta esaten dizute zer enpresa den edo iruzur bat egiteko erabiltzen den telefono bat den. Horrela, deia itzultzea ala jaramonik ez egitea interesatzen zaizun erabaki ahal izango duzu. Telefono zenbakia ere blokeatu dezakezu zure mugikorretik, deien erregistroan sartuz.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana