euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Nola jokatu txartela lapurtzen badizute edo zure izenean jarduten badute

Askotan entzun dugu phishing delakoaz hitz egiten; hau da, ziberdelitugileek zure izenean jardun ahal izateko datuak atzematen dizkizuteneko teknikaz. Sarritan, bankuko datuak lapurtu ondoren, gastuak egiten dituzte zure kreditu-txartelarekin. Bistan denez, arrisku hori dago kreditu-txartela lapurtzen badizute edo galduz gero aurkitzen duenak etika oso argirik ez badu ere. Zer egin dezakegu orduan?

Phishing teknika saihesteko, ez eman bankuko datuak inori, are gutxiago posta elektronikoz eskatzen badizute, nahiz eta datuok eskatzen ari zaizuna bankua dela iruditu, ez da hala izaten. Dena dela, kaltea egin ondoren, galerak murriztea da kontua.

  1. Lehenenik eta behin, deitu txartela igorri duen erakundera, eta txartela blokeatzeko eskatu. Txartelean bertan ageri ohi da telefono-zenbakia: mugikorrean gordetzea gomendatzen dizugu. Saiatu zaitez deiaren eguna eta ordua idatziz jasotzen, eta, blokeo-eskaera idatziz ziurtatu ahal baduzu, hobe. Har ezazu kontuan une horretatik aurrera ez zarela zu izango txartelarekin egiten den erabileraren erantzulea.
  2. Bigarrenik, zoaz polizia-etxera, eta jar ezazu salaketa. Ondoren erreklamazioak jarri behar badira ere, erabakigarria izango da hori.
  3. Egiaztatu zure kontuko edo txarteleko mugimenduak. Batzuk bat ez badatoz edo ezagunak egiten ez bazaizkizu, jaso idatziz eta egiaztatu.
  4. Nortasuna ordezkatu dizutela eta zure txartela baimenik gabe erabili dutela uste baduzu, esan iezaiozu lehenbailehen erakunde igortzaileari.

Jakin ezazu bankuak edo erakunde igortzaileak ezingo dizkizula egotzi lapurreta/galera/ordezkapena komunikatu ondoren zure txartelarekin egin diren gastuak. Bestetik, finantzen alorreko ordainketa-zerbitzuei eta bestelako premiazko neurriei buruzko azaroaren 23ko 19/2018 Errege Lege Dekretuak 50 eurora mugatzen dizu erantzukizuna lapurreta, galera edo ordezkapen baten aurrean. Adierazi dugun moduan, blokeo-eskaera egin aurretik ezartzen du mugaketa hori, eskaera egin ondoren erantzukizuna ez baita zurea. Mugaketa horrek ez du balio, jakina, iruzurrezko erabilera egiten bada edo arduragabekeria handiz jokatzen bada.

Baina, berriro diogu, gertatzea saihestu behar da lehenik. Ez eman inoiz zure datuak posta elektronikoz, ezta sare sozialetatik ere; gorde pasahitzak beti; ahal dela, erabili segurtasun-maila ezberdinak, eta kontuz ibili txartelekin eta bankuko datuekin: ez utzi nonahi, guztien bistara.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana