euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Planifikatu, antolatu, aprobetxatu. Gabonetan (eta urte osoan) elikagaiak xahutzearen aurkako hitz gakoak

Janaria

Gabonak, bazkariak eta afariak familiarekin, lagunekin. Elikagaietan gastatuko dugunak gora egingo du nabarmen, eta gero, askotan, janaria soberan izango dugu, janari asko. Zalantzarik gabe zure ekonomiarentzat arazo bat da (ekidin eta kontrolatu daitekeena), baina planetarentzat ere arazoa da.

Azken datuen arabera, Euskadin 160 kilo elikagai alferrik galtzen dira pertsonako. 160 kilo! Bai, urte osoan zehar da, baina ez dio astakeria izateari uzten, eta ziur, alferrik galtze horren zati handi bat Gabonetan sortzen dela. Denok botatzen duguna batuz gero, 350.000 tona jasoko genuke Euskadin.

Pentsa dezakegu tabernen, jatetxeen edo supermerkatuen kontua dela, baina ez da horrela, elikagaiak alferrik galtzearen % 42a etxeetan gertatzen da.

Beraz, badira aholku batzuk; Gabonetan aurrezten laguntzeaz gain, gehiegi ez erosten lagunduko dizutenak. Horrela, zeure ekarpentxoa egingo duzu, horrenbeste janari ez botatzeko.

  • Planifikatu. Prestatu asteko menua modu arduratsuan; erosi behar duzuna (ez gehiago), eta elikadura osasungarriagoaren mesedetan izango da. Begiratu hozkailua eta despentsa, zer falta zaizun jakiteko. Kontuan izan zure aurrekontua eta egin zerrenda bat.
  • Ez erosi presaka (edo gosez) edo, azkenean, behar ez dituzun gaiak erosiko dituzu, seguru aski osasungarriak ez direnak (ze begirada bota dizuen txokolatezko pastel horrek!) edo alferrik galdu egin daitezkeenak.
  • Hartu zure denbora prezioak alderatzeko, eskaintzak aztertzeko eta, iraungitze-data hurbila izateagatik, merkeago jarri diren produktuak erabiltzeko. Irakurri etiketa; eskaintzen dizun informazioa oso erabilgarria da: iraungitzea eta lehentasunezko kontsumoa, osagaiak, nutrizio-informazioa...
  • Antolatu. Ordenak xahuketa saihesten du. Jarri hozkailuaren eta despentsaren lehen lerroan lehenago iraungiko diren elikagaiak, lehendabizi kontsumitzeko.
  • Aprobetxatu. Atera etekina soberakinei errezeta berriak prestatzen. Probatu zure sormena! Aprobetxatu soberakinak eta bota erabili ezin diren hondakinak bakarrik! Bestalde, hobe soberan uztea kazolan, platerrean baino.
  • Izoztu. Gabonak baino lehen (aldez aurretik eta merkeago erosteko) eta ondoren (janaria aprobetxatzeko). Izoztu soberan duzuna eta egin ezazu banakako errazioetan. Janaria prest izango duzu beste egun baterako.
  • Birziklatu. Hondakinak dagokien edukiontzian bereiztea oso erraza da eta garrantzitsua ingurumenarentzat. Ba al zenekien, hondakin organikoekin, hala nola oskolekin edo fruten azalekin, konposta egin daitekeela? Hondar horiek ongarri natural bihurtu itzazu, edukiontzi marroian utziz.
  • Jatetxeetan: eskatzerakoan neurriz jokatu, eta kontsumitu ez duzuna etxera eramateko eskatu. Hurrengo egunerako menua daukazu! Praktika hori gero eta zabalduagoa dago, beraz, ez izan lotsarik. Bestela, janari horrek zaborrean amaituko du.

Hona hemen soberakinak erabiliz janaria prestatzeko esteka batzuk:

https://cookpad.com/es/buscar/sobras

https://www.cuerpomente.com/blogs/gastronomia-consciente/como-aprovechar-sobras-comida_1765

https://cocinarconsobras.wordpress.com/

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana