Arbitrajeko Euskal Sistema ezagutu beharko zenuke, zure onerako
Ezagutzen al duzu sinbolo hau? Errepara iezaiozu ondo, ez ezazu ahaztu, eta, erosketetara zoazenean, bila ezazu. Aukeratu denda bat, zurekin konprometitzen dena eta zerbitzu ona ematen dizuna: denda horrek Arbitrajeko Euskal Sistemaren sinboloa izango du.
Ez dugu atsegin, baina denoi gertatu izan zaigu. Produktu bat erosten dugu, zerbitzu bat kontratatzen, baina ez gaitu asetzen. Saltzailearekin hitz egiten dugu, eta askotan adostasun batera iristen gara; baina batzuetan ez dugu berdin ikusten. Eta zer egin orduan? Erreklamazio-orria eska dezakegu, eta salaketa jarri Kontsumobiden edo KIUBen; baina gerta liteke arazoa ez konpontzea. Dirua errekuperatu edo konponbide egokia nahi baduzu, agian auzitegietara jo dezakezu. Baina bada beste bide bat ere, azkarragoa, efikazagoa, merkeagoa eta adiskidetsuagoa: Arbitrajeko Euskal Sistema.
Mekanika erraza da: denda bat Arbitrajeko Euskal Sistemara atxikita egoteak (hau da, goiburuko irudia edukitzeak) esan nahi du konprometituta dagoela, bai kalitatearekin, bai zurekin. Kontsumo-arazoren bat sortzen bada, eskatu arbitrajea: eskabide-inprimakia bete, eta aurkeztu Kontsumobiden, KIUBen, kontsumitzaileen elkarteetan edo Arbitraje Batzordean zuzenean. Enpresa arbitraje-sistemara atxikita badago, bitartekaritza-saio bat egingo da, zure eta enpresaren artean, adostasun batera iritsi zaitezten. Hori lortu ezean, elkar entzuteko bilera bat egingo da, bi alderdiok azaltzeko zer alegatzen duzuen eta zer eskatzen. Elkar entzun ondoren, arbitraje-elkargoak erabaki bat hartuko du, arbitraje-laudo bat (esteka honetan, adibide batzuk ikus ditzakezu), nahitaez bete beharrekoa. Prozesu horrek 90 egun irauten ditu, eskabidea onartzen denetik aurrera kontatuta, eta guztiz doakoa da.
Bistan denez, hobe da arbitrajera jotzea, epaitegietara baino, edo galera bat onartzea baino; baina are eta efektiboagoa izateko, pentsa ezazu arbitrajean gatazka sortu baino lehen. Bi eskaintza berdintsuren aurrean, aukeratu arbitrajeko euskal sistemara atxikita dagoen hura, atxikita egotea kontsumo arduratsuaren eta kalitatezko arretaren seinale baitira.
Ez egin zalantzarik, arbitrajea plus bat da, abantaila bat, balia eta parteka dezakezuna.
Zerbait gehiago jakin nahi baduzu gaiari buruz, emaiozu begirada bat esteka honi.