euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Gabonetan: planifikatu, eta gero arduraz kontsumitu

Gabonetan: planifikatu, eta gero arduraz kontsumitu

Urteko beste une batzuetan baino gehiago gastatzeko joera dute familiek Gabonetan. Opariak, janaria eta dekorazioa tarteko, argi dago garai horretan ia eguneroko jarduera bihurtzen dela kontsumoa, baina ezin dugu garrantzitsuena ahaztu: aurtengo Gabonak desberdinak izango dira. Alerta sanitarioaren ondorioz ezarritako murrizketek jaiak modu murritzagoan bizitzera behartuko gaituzte.

Orain inoiz baino gehiago, plangintza funtsezkoa da egun hauetan arduraz eta segurtasunez kontsumitzeko. Zu eta zuk maite duzun jendea babesteko. Merkataritzak eta ostalaritzak, gainera, jendeak arduraz kontsumitu dezala behar dute, eta, horrekin batera, tokikoaren aldeko apustua egitea, eta erosketak mailakatzea jende-pilaketak saihesteko. Era berean, saiatu jende gehien dabilen orduetan ez joaten.

Hori kontuan hartu baduzu, ondo egina, eta bestela, garaiz zabiltza oraindik. Erre-usaina sumatzen hasiko zinen beharbada; lasai hartu, zure diru-zorroa izango da ziur asko, kea dariola, "badaezpadakoak" esaten diegun erosketa horien eraginez. Jarraitu inoiz huts egiten ez duten honako aholku hauei:

  1. Zentzurik gabe gastatzen hasi aurretik, egin aurrekontu bat gastatu dezakezunaren muga zein den jakiteko. Egokitu ezazu zure benetako premietara.
  2. Berrikusi hozkailua eta jaki-tokia zer behar duzun jakiteko. Bilatu tiraderetan oparitarako papera, aurreko urteetako Gabonetako dekorazioa eta aprobetxatu daukazun guztia.
  3. Egin zerrenda bat. Zer behar duzun dakizunean, apunta ezazu zerrenda batean zure aurrekontua kontuan izanda. Horrela, denbora galdu gabe egingo duzu, batetik bestera buelta gehiegi eman gabe.
  4. Mailakatu erosketak. Abenduaren 24rako gero eta gutxiago geratzen bada ere, ez utzi dena azken ordurako. Zure diru-zorroak eskertuko du eta jende-pilaketak saihesten lagunduko duzu. Elikagaiekin, gogoratu betiere tokiko eta sasoiko produktuen aldeko apustua egiteaz.
  5. Ez erosi presaz (ezta gosez ere) edo bestela behar ez dituzun produktuak erosiko dituzu azkenean eta, janariaren kasuan, ziurrenik osasungarrienak ez diren elikagaiak "pikatuko dituzu". Hartu behar duzun denbora prezioak konparatzeko eta eskaintzak aztertzeko.
  6. Erosi bertakoa. Lagundu zure auzoak leku bizia izaten jarrai dezan. Zure auzoko liburu-dendak, fruta-dendak, arropa-dendak edo burdindegiak hurbiltasun hori erakusten dizute, baita azalera handietan aurkituko ez duzun konfiantza hori ere. Errepara iezaiozu ea bertako saltokiek Internet bidez saltzen duten; saltoki horietako askok WhatsAppez edo beste metodo batzuen bidez ere saltzen dute.
  7. Aprobetxatu hondarrak eta ez bota janaria. Urtean alferrik galdutako elikagaien 350.000 tonako kantitatea gainditzen du Euskadik, edo bestela esanda, 160 kilo pertsona bakoitzeko. Bazenekien familiak direla janariaren alferrik galtzearen % 42aren erantzule? Erosketa planifikatu eta era mailakatuen egitea zure ekonomia hobetzen laguntzen du, galdutako elikagaien arriskua murriztuz aldi berean. Janaria sobratu zaizu? Irudimena nagusi! Prestatu errezeta berriak: arroz-plater bat edo arkume-hondarrekin betetako enpanadilla batzuk jaki gozo-gozoak izan daitezke.
  8. Azkenean ez bada jan zuk aurreikusi zenuen kantitatea, janaria alferrik galdu aurretik izoztu ezazu banakako errazioetan. Beste egun baterako prest izango duzu plater bat.

Azken batean: planifikatzen baduzu, ondo erosi eta hobeto kontsumituko duzu.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana