euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Hautsi etiketak! Publizitateak ez dezala zure ordez erabaki

Publizitatea eta genenoa

Hausnartu duzu ea zer balio transmititzen dizkigun publizitateak, zuk erostea edo kontratatzea nahi dituzten produktuak eta zerbitzuak iragartzen dizkizutenean? Mezu horien helburua da sentiaraztea produktua ezinbestekoa dela zuretzat, behar duzula, eta harekin askoz hobeto sentituko zarela.

Askotan publizitateak estereotipo estetikoz betetako mezuak bidaltzen dizkigu. Egokia iruditzen al zaizu gorputza erabiltzea - femeninoa zein maskulinoa- publizitatea egiteko asmoz audientzia handitzeko? Pertsona baten ongizate orokorra, iragarki batzuek planteatzen duten bezala, zeren araberakoa da: itxura fisiko jakin batena, produktu jakin batzuekin elikatzearena, kosmetiko, jantzi edo osagarri jakin batzuk erabiltzearena? Gazteek soilik al daukate zoriontasuna, osasuna edo arrakasta? Galdera horien guztien erantzuna argia da, ezta?

Egunero ikus ditzakezu horrelako iragarkiak, nolabait zure erabakiak baldintzatzen saiatzen direnak. Ez dirudi balioesten dutenik pertsona bakoitza desberdina dela, gustu desberdinak dituela eta produktu berak kontsumitzen ez dituen beste edozein bezain zoriontsu, osasuntsu, erakargarri eta arrakastatsu izan daitekeela. Ez duzu zertan ezarritako kontsumo ereduak jarraitu behar: milaka kolonia, krema, auto, erloju edo poltsa marka daude. Eta depilatu edo ez, adibidez, hautu indibiduala da, ez iragarki batek esaten dizuna.

Publizitate-diskurtsoa

Emakumeek bakarrik al dute zaintzaile, etxekoandre eta genero maskulinoaren laguntzaile ederrak izateko gaitasuna? Gizon guztiei gustatzen al zaie lehiakortasuna, boterea, arriskua edo abentura? Emakumeak bakarrik joaten al dira supermerkatura, garbitzen dute edo garbigailuak jartzen dituzte? Ez al dute kotxerik, motorrik edo hegazkinik gidatzen?

Publizitate diskurtsoa aldatzea beharrezkoa da, ez baita errealitatera egokitzen. Helburu nagusia produktuak saltzea da, baina horrela onartu egin beharko genuke irizpiderik gabeko kontsumitzaile homogeneoak bizi diren mundu batean bizi garela. Eta pertsonok askotariko kezkak ditugu eta, ondorioz, kontsumo behar ezberdinak (nahiz eta pertsona guztiak bide beretik eramaten saiatzen diren).

Egia da publizitate mezuak eboluzionatzen ari direla, baina ez behar luketen bezain azkar. Garrantzitsua da iristen zaizkizun iragarki guztiak zalantzan jartzea: zenbat eta kontzienteagoak, gogoetatsuagoak eta kritikoagoak izan pertsonak gai honekin, orduan eta gizarte berdinzaleagoa lortuko dugu.

Publizitateari eta generoari buruzko prestakuntza

Horri buruz zehatzago lan egin nahi baduzu, jar zaitez harremanetan Bilboko, Donostiako edo Gasteizko Kontsumoko Prestakuntza Zentroarekin, eta eska ezazu informazioa. Publizitatearen eta erosketaren arloko tailerrak egin ditzakezu, eta, gainera, gai horri buruzko mailegu-material berria daukazu. Galde iezaguzu!

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana