euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Merkealdia, saldoak eta likidazioak

Merkealdia

Merkealdia hasi da, baina gauza bera al dira merkealdia, saldoak edo likidazioak?

Ez, ez dira gauza bera, eta erregulazioa ezberdina da.

Saldoak urritasunen bat edo apur bat zaharkituta duten produktuak dira, eta ezin dira baldintza normaletan saldu.

Likidazioak negozioa uzteagatik edo aldatzeagatik gertatzen dira, eta izakinak saltzeko modu bat da.

Merkealdia araututako aldia da, eta normalean salgai dauden artikuluak prezio merkeagoan saltzen dira. Merkealdiak zure eskubideak ez kaltetzeko, honako hau jakin behar duzu:

  • Beheratutako objektuek salgai egon behar dute establezimenduan, gutxienez merkealdien aurreko hilabetean, eta, gainera, ez dira promozioaren xede izan aurreko hilabete horretan.
  • Establezimenduak ezin ditu itzultzeko baldintzak aldatu. Hau da, merkealditik kanpo itzulketak edo aldaketak onartzen baditu, merkealdian onartu egin behar ditu, baita zenbatekoa itzultzea badakar ere. Nolanahi ere, itzultzeko baldintzek publikoak izan behar dute eta agerian egon behar dute.
  • Establezimenduak ezin ditu ordaintzeko moduak aldatu: urte osoan txartelak onartzen baditu, txartelak onartu beharko ditu merkealdietan.
  • Beheratutako produktuak agerian izan behar ditu jatorrizko prezioa eta beheratutako prezioa.
  • Berme-baldintzak bere horretan mantentzen dira.

Hori bai, saltokiek erabakitzen dute merkealdia noiz hasten den, noiz amaitzen den, eta merkealdiak zenbat irauten duen. Mundu guztiak pentsatzea urtarrilaren 7an hasten direla ez du ezer esan nahi.

Eta, badakizu, ez gara errepikatzeaz nekatuko. Erosketa ekintza kontzientea da; merkealdiak aprobetxatu nahi badituzu, pentsa ezazu zer behar duzun, eta bila ezazu. Ez erosi erosteagatik.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana