euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Oinarrizko ordainketa-kontua: Zer baldintza bete behar dira dohaineko izango bada?

Oinarrizko ordainketa-kontua

Aurrekoren batean azaldu dugu zer diren oinarrizko ordainketa-kontuak, eta zer zerbitzu eskaintzen dituzten. Komentatu izan dugu, gainera, halako konturen bat dutenek hilero komisioa ordaindu behar izaten dutela, gehienez ere, 3 eurokoa.  Alabaina, zerbitzu hori musu truk erabiltzeko aukera ere badago, zaurgarri izateko egoeran edo egoera finantzario eskasean daudenentzat.

Zer baldintza bete behar dira kontua dohainekoa izango bada?

Egoera bakoitza Ondorio askotarako errenten adierazle publikoa (IPREM) erabiliz ebaluatuko da. Horretarako, familia-unitate bakoitzeko urteko diru-sarrera gordinak ezingo ditu honako gehienezkoak gainditu:

  • 2 aldiz IPREM (12 ordainsari), inongo familia-unitatetakoak ez direnentzat.  Alegia, bakarrik daudenentzat.
  • 2,5 aldiz IPREM, lau senide baino gutxiagoko familia-unitate motaren batekoak direnentzat.
  • 3 aldiz IPREM, honako bereizgarriak dituzten familia-unitatekoentzat:
    • Lau senide edo gehiagokoa izatea
    • Familia ugariaren aitorpena izatea
    • Familia-unitateko pertsona batek % 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila izatea, ofizialki aitortuta.

Horrez gain, familia-unitateko inork ezin du izan ondasun higiezinen titular, ez inongo merkataritza-sozietateren titular.  Jakina, ohiko etxebizitza zerbitzu honetatik kanpo dago.

Beste baldintza bat: oinarrizko kontua doan izateko baldintzak betetzen dituenak ezingo du kontu bat baino gehiago eduki.

Baina, zer da beti ahotan darabilgun IPREM hori?

Indize bat da, laguntzak, dirulaguntzak edo langabezia-subsidioa emateko erreferentziatzat erabiltzen dena; urtero argitaratzen da Aurrekontuen Legearen bidez. (Argi! Ez nahastu Lanbide-arteko Gutxieneko Soldatarekin, ez baitira gauza bera).

Urteko IPREM (12 ordainsarikoa) oraingoz izoztuta dago 2020an ere, eta 6.454,03 eurokoa da gaur egun.  Beraz, familiaren batek doako oinarrizko kontua lor ote dezakeen jakin nahi baduzu, hauxe kalkulatu behar duzu: egin IPREM bider 2, edo 2,5 edo 3 (kasuaren arabera), IPREMA 12 ordainsarikoa dela kontuan hartuta (6.454,03 euro), eta konpara ezazu emaitza familia-unitateko urteko diru-sarrera gordinekin.

Bankuen betebeharrak

Ordainketa-kontuak eskaintzen dituzten kreditu-erakunde guztiak behartuta daude oinarrizko ordainketa-kontuak eskaintzera honako pertsona hauei: EBn legez bizi direnei, baita egoitza finkorik ez dutenei ere; asilo-eskatzaileak direnei; egoitza-baimenik ez dutenei, baina arrazoi juridikoengatik edo egitatezko arrazoiengatik ezin kanporatu daitezkeenei.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana